Baina nondik sortu zen ideia? "Orain hiru urte, Nabarralde elkarteak 500. urteurrena zetorrela eta, kongresuak abiatu zituen. Iaz Oñatin egin zuen. Hala, Oñatiko ikastolak eta Arizmendik parte hartu zuten antolaketan eta ikastolen ekarpena egiteko. Eta hortik bururatu zitzaigun antzerkia egitea guraso eta ikasleen artean", azaldu digu Joxerra Zubizarretak, Arizmendiko irakasleak eta ideiaren bultzatzaileak.
Txikitxu-Arrostaitz dantza taldea, Arrasateko dultzaineroak eta Goikobaku-Arizmendi abesbatza; denekin batu eta ideia aurrera atera dute, gure historia, Nafarroako konkista ardatz hartuta eta herri partaidetzan oinarrituta. "Oso ekimen polita dela uste dugu eta aurrera doa".
"Gidoia egiteak lan handia ekarri du, batez ere dokumentazioari dagokionez. Gure taldekoa da Mañole Ezenarro arte eta historia irakasle ohia da. Oso jantzia dago eta hark eman dizkigu oinarriak. Baita Dabid Errasti zuzendariek ere", kontatu digu Karmele Uribarri antzerki taldeko kideak. Testu batzuk originalak dira, beste batzuk asmatuak. Eta gidoia hortik abiatuta egin dute.
500. urteurrena ospatuz
Bete-betean sartzen gara 2012an Nafarroako konkistaren 500.urteurrenean. "Kurtsoan zehar egin dugu lana, eta argi geneukan 2012a baino lehen antzerkia egin behar genuela. Nabarraldek testuak pasatu dizkigu eta guk Dabidi eman, Mañolerekin gorpuzteko", dio Zubizarretak. Antzerki taldekoek sekulako lana egin dute puzzlea osatuta: "Izugarri ondo interpretatu dituzte gure historiako zatiak eta modu bikainean prestatu eta irudikatu dituzte gure historiako protagonistak".
Gure herriko historiako pasarte garrantzitsuenak esketx gisa aurkeztuko dituzte antzezlanean. "Ez da historia bat hasi eta bukatu. Gureak diren historiak askotan ukatu egin dizkigute. Asmoa izan da benetan konkista horren inguruan gertatutakoak eta gure historian izandako gertakariak, pasarteak esketx moduan azaltzea. Mimo handiz eta modu goxoan aurkeztutakoak dira", dio Zubizarretak.
Baina nola lortu dute uztartzea dantza taldea, dultzaineroak eta Goikobaku-Arizmendi abesbatza? "Lana izan da, baina lortu dugu denak bat egitea, eta oso ondo aurkeztua egongo da. Adibidez, dantzarien kasuan, badaude dantza batzuk gerra adierazten dutena; ezpata-dantza, esaterako. Elkarlan bikaina izan da".
8 urte lanean
Dagoeneko zortzi urte daramatza lanean Arizan taldeak, Arizmendiko guraso eta irakasleen antzerki taldeak. "Tailer ezberdinetan parte hartuz hasi ginen. Hortik etorri zen Arizan taldearen sorrera. Tailer horietan inprobisazioak egiten genituen eta Ikastolatik proposatutako lanak egin izan ditugu beti elkarlanean. Ez gara profesionalak, baina gogo eta ilusio handia jarri dugu", esan digu uribarrik. "Dabidek esperientzia handia du eta ziurtasuna ematen digu".
-----------------
Dabid Errasti (zuzendaria): "Azaletik eta bihotzetik sartuko den antzezlana da; eta ez burutik"
Dabid Errastik zortzi urte daramatza Arizan taldea zuzentzen. Antzerki taldeko Mañole Ezenarrorekin batera egin ditu gidoiak.
Zelako lana izan da gidoia egitea? Historian begiratu dugu, eta garai ezberdinak ikusi eta gero, gure lanerako esanguratsuenak ziren pasarteak erabili ditugu.
Esketx moduan aurkeztuko duzue? Testu ezberdinak dira, baina eszena bakoitza uztartuta dago. Erregea egon aurreko testuinguruan dago kokatuta; gero etorriko da erregea nola aukeratzen duten. Gaur egunerainoko garapena da. Testu irakurketa ezberdinak egin ditut. Nolabait, historiak ateratzeko. Pio Baroja, Sarrionandia eta Bernardo Estornes Lasa azaltzen dira, besteak beste.
Talde handia arituko zarete agertokian, ezta? Asteon lotutako zerbait izan da. Ez da ikuskizun handia izango. Dantzariak, txistulariak eta dultzaina-jotzaileak historiarekin lotu ditugu.
Entretenitzeko eta irakasteko lana egin duzue? Beste era batera ikusteko historia da; azaletik eta bihotzetik iritsiko dela uste dut, eta ez testuagatik edo burutik. Badakit jendeak testuari jaramon egiteari utziko diola antzezlanean zehar. Narratzaile bat dago garai ezberdinei sarrera egingo diona.