'Carmen', arrakastaren sinonimo

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urr. 24a, 11:08

Ikusmin handia piztuta sarrera guztiak agortu ondoren, 'Carmen' operak arrakastaren uzta jaso zuen martitzen iluntzean Amaia Antzokian. Zuzeneko musikak lagunduta, ahots bikainek eta eszenografia ederrek jendea harrapatu zuten aurreneko unetik. Operaren lehenengo ekitaldian, Arrasate Musikaleko sei neska-mutilek ere hartu zuten parte.

Carmen opera; pasioz betetako Georges Bizeten obrak arrakastatsua izatea lortu du, beste behin ere. Amaia Antzokia bete egin zen bart iluntzean hiru ordutako emanaldia jarraitzeko desiratzen zeuden adin guztietako gizon-emakumeekin.

Hiru ordu eta lau eszenatoki ezberdin. Abesti ezagun ugari, ahots bikainek eta zuzeneko musikak lagunduta. Maitasuna, pertsonaia pikaroak, lapurretak... Istorioak harrapatzeko osagai guztiak ditu, eta ez du hutsik egin. Andaluziako paraje ezberdinak ezagutzeko aukera ere ematen du: Sevillako plaza batetan hasten da opera eta bigarren ekitaldian, ikusleek hiriko harresien ondoko Lillas Pastia taberna ezagutzen dute. Mendian kontrabandistek duten txoko ezkuturaino bidaiatzen dute jarraian, handik berriro ere hirira bueltatu eta zezen plaza aurrean geratzeko.

Lau ekitaldi, eta bakoitzaren amaieran, merezitako aintzatespena txalo zaparrada bilakatuta.

Lan handia atzetik

Atzetik lan handia duen obra izan da; muntaketa eta desmuntaketaren arduradunak, argi eta soinu teknikariak, ile-apaintzaileak, abeslariak, musikariak... Berrehun pertsonatik gorak hartu dute parte Carmen operaren arrakasta erdiesteko.

Bestalde, Arrasate Musikaleko sei neska-mutilek ere esku hartu dute operan. Ozenki Elkarteko Manu Gallardok adierazi duenez, asko eta asko izan ziren operan agertu gura zutenak, baina "azkenean aukeraketa bat" egin behar izan zuten.

Datorren urtera begira ere, La Traviata famatua ekarriko dutela adierazi zieten opera hasi aurretik antolatzaileek bertan bildutakoei, eta orain Carmen-ek eta urte hasieran La Bohème obrak edukitako arrakasta ikusita, musikaren maitaleek hitzordura hutsik egingo ez dutela jakina da. Itxaron egin behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak