Finantzazioaz eta talentuaz hitz egin dute Garaian zenbait ekintzailek

Leire Kortabarria 2012ko urr. 9a, 17:16

Garaia Berrikuntza gunean Ekintzailetasunaren gaineko lehenengo jardunaldia egin dute gaur. Hainbat sektoretan ekintzaile izan direnek euren esperientzia kontatu dute. Jardunaldian parte hartu dute honakoek: Nagore Maruri (Bilbox), Asier Ruiz (2DZanga), Antonio Guerra (Noomad), Fernando Canales (Etxanobe), Sergio Gonzalez eta Imanol Okiñena (Biomimetics), Joel Santiso (Workmunity) eta Iñaki Vazquezek (Symplio).

Garaia Berrikuntza guneak, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetasun zerbitzuak eta Euskadi Emprendek antolatu dute jardunaldia. Garaian 30 bat lagun elkartu dira ekintzailetasunari buruzko lehenengo jardunaldi honetan.

Ekintzaile izateko beharrezkoak diren gakoak azaldu dituzte hizlariok: finantziazioa, talentua eta gestio ereduak, besteak beste.  

Merkatuan, lehenbailehen

Ideia izan zutenetik enpresa martxan jarri duten bitartean bizi izan duten alderdi positiboak eta ez hain positiboak azaldu dituzte lehenengo. Horren harira, azaldu dute merkatuarekin harremanetan lehenbailehen jartzea ezinbestekoa dela. Izan ere, “merkatuak jarriko zaitu zure lekuan”, azaldu du Fernando Canales sukaldari ezagunak.

Finantziazioa lortzerakoan, merkatua oso ondo ezagutzea beharrezkoa dela esan du Joel Santisok: “Etxerako lanak ondo egin behar dituzu”. Andoni Gartziak gaineratu du edozein zulo aurkituko dutela finantziazioa ez emateko.

Langile onak motibatu beharra

Talentuaren gainean ere hitz egin dute. “Talentua duenari enpresan parte-hartzea eskaini behar diozu. Horrela motibatu behar dituzu langile onak”, azaldu du Canalesek. Gaur egungo egoera ona izan ez arren, Marurik esaldi bat gogoratu du: “Izarrek ilunetan bakarrik egiten dute distira”.

Azkenik etorkizunean ekintzaile izango direnak animatu nahi izan duten euren ideia edo ametsa aurrera eramateko. Porrotarik beldurrik ez zaiola izan behar nabarmendu nahi izan dute.

Ekintzailetasunaren gaineko hurrengo jardunaldia urriaren 16an izango da, eta hirugarren eta azkena, 23an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak