Rafa Mungia: "Elite mailako kirolariei zerbitzu integrala eskaintzea da Basqueteam taldearen helburua"

Xabier Urtzelai 2012ko urr. 9a, 02:00

Lanean harrapatu dugu Rafa Mungia (Arrasate, 1975), Naturgas BBK Nuptse 2012 espedizioko kideek mendian egin dituzten azken hiru egunetako irudiak jasotzeko zain dago. Irudiok jasotzeaz batera ikusgai jarriko ditu, eta komunikabide eta sare sozialen bitartez mundu osora hedatuko dira segituan –Ikustekoa izan zen iazko Transatartikako espedizioak izan zuen oihartzuna. Duela lau urtetik hona horretaz arduratzen da Arrasatekoa, besteak beste, Basqueteam barruan dauden kirolarien lorpenak ahalik eta gehien edatzeaz, proiektuak aurkezteaz, kirolarien ondoan egoteaz... 

Ohitu gara elite mailako kirolariak Basqueteam markaz ikustera. Baina, zehazki, zer da Basqueteam?

Basqueteam Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 2008an, Euskal Herri mailako eliteko kirolariei laguntzeko asmoaz. Basqueteam-en babesa lortzen duten kirolariei zerbitzu integrala eskaintzen diegu: laguntza ekonomikoa, teknikoa, mediku zerbitzua, formaziokoa... Hala, Basqueteam-en finantziazioaren %75a Eusko Jaurlaritzatik dator, eta %25 enpresa pribatutik; eta azken horren portzentajea handitzeko ari gara lanean. 

Basqueteam-en babesa lortzea ez da erraza.

Ez, baldintza zorrotzak bete behar dira, eta hala behar du, gainera, elitera zuzenduta daudelako. Bartzelonako Joko Olinpikoetarako Fernando Sanchez Bañuelosek kirolariak baloratzeko sistema bat sortu zuen, eta gaur egun horretan oinarritzen dira ADO bekak. Eta, Euskal Herri mailarako ere sistema propioa egin zuen Sanchez Bañuelosek. Horretan oinarritzen gara bekak banatzerako orduan, erabaki subjektiboak egon ez daitezen. 

Kirolari olinpikoekin egiten duzue lan handia, baina ez eurekin bakarrik.

Bai, badira kirol jarduera batzuk interesgarriak iruditzen zaizkigunak eta Basqueteam-ek hor egon behar duela uste dugunak. Esaterako, Iñurrategi, Vallejok eta Zabaltzak proiektu interesgarri bat aurkeztu zuten duela urte batzuk, eta hasieran gure laguntza izan zuten. Orain, berriz, bitartekari lana baino ez dugu egiten eurekin, enpresa pribatutik jasotzen dutelako laguntza guztia. 

Kirolariek eskertuko dute laguntza hori.

Bai, eta beste lurralde batzuetako kirolariekin elkartzen direnean, kontzentrazio edo txapelketetan, konturatzen dira besteak baino hobeto daudela. Adibide moduan, aurrekoan Aritz Aranburuk kolpe galanta hartu zuen olatu batekin, txapelketa baten atarian. Erradiografia lehenbailehen egitea ezinbestekoa zen, eta hurrengo egunerako txanda zeukan. Ekonomikoki laguntzea eskertzen dute, baina badira beste zerbitzu batzuk ere izugarri eskertzen dituztenak. Esaterako, beste lurralde batzuetan elite mailako kirolaria erretiratzen denean aparteko laguntzak izaten ditu, ondo gizarteratu dadin. Espainia mailan arlo hori oso txarto dago, eta Basqueteam-en garrantzia ematen diogu kirolaria formatzeari; ikasteko erraztasunak ematen dizkiegu unibertsitateekin ditugun hitzarmenen bitartez... Lehen aipatu dugun zerbitzu integralaren barruan egongo litzateke hori ere.

Urte hauetan bizi izan duzun momentu gogoangarri bat?

Hainbat egon dira. Kirolari batek helburua betetzen duenean lorpen hori gure ere sentitzen dugu. Esaterako, Maider Undarekin daukagun harremana oso ona da. Haren ondoan egon gara momentu onak bizi izan dituenean, baina baita, esaterako, belauna hautsi zuenean. Eta, brontzezko domina irabazi zuenean izugarri poztu ginen, eta baita Maialen Chorrauten dominarekin ere. Bestalde, Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltza Hego Polora iritsi zireneko uneak ere oso bereziak izan ziren, oso espedizio potentea izan zen...

Gogorrak ere egongo dira.

Kirolari batek beka berritzeko aukera galtzen duenean... Edo lau urteko lana minutu batean bertan behera geratzen denean. Oihana Blanco karatekak urte ederrak egin zituen Jokoak prestatzen, eta hitzordua iristerakoan zozketan txapeldunaren kontra [Tomoko Fukumi] tokatu zitzaion; minutu bateko borroka-saioan kanpoan geratu zen.

Zein da orain Basqueteam taldearen erronka?

Esaterako, Rioko Joko Olinpikoetarako prestatzen hasi behar dugu. Eta etorkizunera begira erronka handia dugu. Londresera, proportzionalki, beste lurralde batzuek baino kirolari gehiago eraman ditugu (24), gauzak ondo egiten ari diren seinale. Baina duela 10 urte jaiotze-tasan beherakada handia izan zen gurean, eta 2020ko Jokoetan igarri egingo dugu hori. Hala, ustezko beheradada hori sahiesten ahalegindu beharko gara eta orain arte moduan, apustuak egiten jarraitu beharko dugu.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak