Elkartea desagertu bai, baina zeramika lantzeko zaletasuna ez zen hil. Izan ere, duela bi urte Loixe elkarteari berriro ere heltzea erabaki zuten zenbait arrasatearrek: "Egia esan, berriro hutsetik hastea erabaki genuen", adierazi digu Imanol Aranburuk. Loixe elkarteak egun dituen zazpi bazkideetako bat da Aranburu eta gustura hartu gaitu egungo egoitzan, ospitale atzean: "Ia urtebete pasa zen lekualdaketa egiteko eta lokal berria egokitu ostean, orain lanean jartzeko moduan gaude".
"Sekula probatu ez dutenendako"
Badute lanerako lekua, beraz. Orain, zaletasuna zabaltzea gura dute Loixe elkartea bera indartzeko. Eta horretarako, Arrasateko Udalaren laguntzaz, urriaren 16tik abenduaren 13ra hastapen ikastaroa egingo dute: "Zeramika zer den ere ez dakienarendako da ikastaroa, sekula probatu ez duenarendako", dio Aranburuk. Ateak zabalik daude herritar guztiendako eta izena emateko zein edozein argibidetarako honako telefono zenbakiak eman dituzte: 636 24 42 49 (Imanol) eta 665 74 59 10 (Xabi).
Labea, azken hitza duena
Ikastaroaren berri emateaz gain, zeramikaz ere egin dugu berba Aranbururekin. Aspaldiko zaletasuna du eta zeramikaren "magia" aipatu digu: "Itzela da buztin zati soil batetik pitxer edo bestelako artelan eder bat egitea. Hori bai, labea da azken hitza duena. Esmaltea ematen bazaio edo kolore jakin bat, labetik irteten den arte ez dakizu zuk gura zenuena lortu duzun edo ez". Hala, piezak labetik irten ostean poza edo tristura izan ohi dira sentimendu ohikoenak, Aranbururen esanetan.
Labea bera ere erakutsi digu zeramika zale arrasatearrak. Elkartea sortu zenekoa da labea baina berritu egin behar izan dute: "Barrutik zein kanpotik hainbat aldaketa egin behar izan dugu, ez zuelako funtzionatzen. Orain, labe berri bat dugula esan daiteke".