Bertan adierazten da Arrasateko Udalak hondakinen bilketa sistema aldatzeko beharra defenditzen duela.
- Alkateak dio, atez atekoaren aurkako bi plataformei igorritako idazkian, hondakinak selektiboki kudeatzean edo ez, hortxe dagoela gakoa.
- Era berean dio denon helburua izan beharko litzatekeela ahal den eta zabor gutxien sortzea, "are gehiago gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoan", dio Arrasateko alkateak.
- Gaur egun, Debagoienean %30 bakarrik biltzen dela selektiboki dio Arrasateko alkateak.
- Hondakinen arazoa denona dela ere badio, eta denon artean konpondu behar dela arazoa.
- Alkateak dio, atez atekoak, birziklapen tasa %30etik %80 edo 85 batera iristea ahalbidetzen duela.
- Sistema justuago bat dela ere badio, "gehien kutsatzen duenak gehiago ordaintzen duelako".
- Zaborra nahastuta eroan ezkero dirua alperrik gastatzen dela ere badio Arrasateko alkateak.
- Atez atekoak Europako legediak dioenarekin bat egin duela ere bai. Baita Espainiako legedia ere.
- Eta ingurumena zaintzeko sistema egokiagoa dela ere badio atea atekoa.
- Arrasateko alkateak atez atekoaren kontrako bi plataformei bidalitako gutuna, osorik, Goiena.net atarian duzue ikusgai.
Hemen gutuna:
Hondakinen nahasketan dago gaiaren Muina: Hondakinak nahastu edo ez, hau da, selektiboki hondakinak kudeatzean edo ez, hortxe dago gakoa. Honen garrantzia azpimarratu gura genuke, ez baitugu zuen idatzian honen inguruko aipamenik ikusi eta beharrezkoa da, edonorentzat, oinarri hau ulertzea, edozein planteamendu zentzuz kuestionatu edo eta proposatzeko).
Denon xedea izan beharko litzateke ahal den eta zabor gutxien sortzea (nahastutako hondakinak), hor dauden lehengaiak aprobetxagarriak izan daitezen: ahalik eta selektibo bilketa maila altuenera heldu behar dugu, bestela lehengaiak xahutzen ditugulako eta europar legediak lehengaien aprobetxamenduarekiko efizienteak izan behar dugula agintzen duelako, are gehiago gaur egun dugun egoera ekonomikoan.
Gaur egun, Debagoienean sortzen den hondakin guztitik %30 besterik ez da biltzen selektiboki. Beste %70 zaborra dugu (nahastutako hondakin hauen artean, %50 organikoa da, beste %15-20 errefusa, eta geratzen den %30-35 lehengai birziklagarriak dira).
Datu hauek eskualdeko teknikariak landutakoak dira, urteetan landutakoak, egon zein egon bertako gobernuan. Udal honetako gobernuak, datu horietan oinarrituz, bilketa sistema aldatzeko erabakia hartu duenean, datu horiek fidagarriak ez direla esateak eztabaidari benetan heldu nahi ez izatea islatzen du; eta hori benetan kezkagarria da guretzat.
Hondakinen arazoa denona da eta denon artean konponduko dugu. Ohiturak apur bat aldatzea, horixe besterik ez da. Baina horretarako denok konturatu behar gara lehendabizi hondakinek suposatzen duten arazo larriaz, eta horretan denok norabide berdinean egin behar dugu arraun. Ezin zaio jendeari gertatzen dena ulertzeko aukera distortsionatu, erosotasuna edo estetika oinarri duten argudioak benetako arrazoien gainetik jarriz, ezta ere seriotasunez ematen diren datuak gezurtatuz.
Badaude, gehiagotan esan izan dugun bezala, datu objetibo errealak, fidagarriak, neutroak, euren inguruan lasai eta patxadaz eztabaidatu ahal izateko. Baina ez duzue, dirudienez oraingoz behintzat, guk ikusten dugun behar hori ikusten eta atez ateko sistemaren aurka zaudeten alderdi eta plataformek ez duzue datu horien inguruan eztabaidatzerik nahi. Hori da, gure ustez, errealitatea.
Aitzitik, bide berdinean lan egiteko borondatea balego, herritarrek ere mezua errazago ulertuko lukete eta parte hartzerakoan arazo gutxiago sortuko lirateke. Gauzak hobeto egiteko aukera gehiago izango genituzke.
Esan bezala, ondoren doaz bilketa sistema aldatzeko gure arrazoiak:
- Birziklapen tasa %30etik, %80-85 batera heltzeko asmoa dugulako. Eta % horiek lortzeko derrigortasuna, tamalez, derrigorrezkoa da. Edukiontzien sistemarekin emaitza kaskarrak lortzen dira, arrazoi sinple bategatik: Jende askok hondakinak nahasteko aukera egiten du. Horrek esan nahi du ingurumenarekiko kontzientzia oso herritar gutxik duela eta ez dutenek, aukera hori duten bitartean, ez dutela borondatez etxean hondakinak nahastu gabe kudeatuko. Heziketa arazo bat dago afera honen eta beste askoren oinarrian, denbora asko beharko da jendearen kontzientzia pizteko eta, orduan, zenbat itxaron behar dugu gauzak ondo egiten hasteko?
- Sistema justuagoa izateko indibiduala izan behar delako. Pago por generación delako sistema baterantz jotzeko beharrezkoa delako sistema norbanakoa izatea.
- Zabortegira edo errauskailura hondakin nahasiak eramanez gero 140 euro/tn bakoitzeko ordaindu behar dugu herritarrok, hondakinak nahastu gabe kudeatuz gero, hau da, organikoa berezita jasoz gero 60euro/tn-ko; beraz, bereizi ezean 80 euro/tn-ko galtzen ari gara.
- Europako legedia: Europako legediak eta zuzentarauek horrela diotelako. Ezingo da hondakindegietara epe laburrean tratatu gabeko hondakinik bota; ezingo da 2020an birziklagarria dena erraustu. Gaurko bilketa selektiboko %-ak zeintzuk diren jakinda, hau da, gure eskualdeko egoera zein den garden-garden ikusiz, nola pentsa liteke bada, borondatezko sistema batekin %80ko bilketa selektiboa lor daitekeenik?
- Izan % batzuk zein beste batzuk, denok jarraitu beharreko lerroak hondakinen inguruko hierarkiak ezartzen ditu Europa mailan. Hondakinen kudeaketan aurrera eraman beharreko hierarkiak dio ahalegin guztiak eginda gero pasako dela hurrengo pausura. Pausuak dira: murriztu, berrerabili, birziklatu, eliminatu/balorizatu. Eliminatu aurretik eman ditzagun pausuak behar bezala.
- Espainiako legedia: 5000 biztanletik gorako hirietan organikoa berezitu beharko da eta selektiboki jaso. Aretxabaletan herritarren %15k soilik banatzen du organikoa.
- Ingurumena zaintzeko ardura badugulako, berotegi efektua sortzen duten gasen isurketa murriztea ere lortzen da gaiak selektiboki maila horietan bilduz gero.
- Krisi garaian lehengaiak xahutzea asko zaindu beharreko gaia dela uste dugulako. Bada garaia baliabideak eta lehengaiak zaintzen hasteko eta kudeaketa efizientziaren baldintzapean nahitaez moldatzeko, gure planetako erreserbak desagerrarazi nahi ez baditugu behintzat.
- Errauskailua egiteko beharrik ez dagoelako, sailkako bilketa tasak maila horietara iritsiz gero. Borondatezko sistemak maila horiek lortzeko ezintasuna du eta hortik sortzen da, argudiatzen duzuen errauskailuaren beharra.
Jakina da errauskailuaren mantentze-gastuak eta amortizazioa egin ahal izateko, zabor tona jakin batzuk erre behar direla derrigorrean. Zer gertatuko litzateke errauskailua egin eta 2020an, birziklagarria dena ezin bada erraustu? - Zaborra inportatzen hasi beharko ginateke, Mallorkako errauskailuan gertatzen den bezala.
Honi lotuta, esan errauskailua oso garestia dela eta urte askotarako Gipuzkoako Udal guztiak hipotekatuta eta lotuta geratuko ginatekeela, hondakinik sortu ala ez sortu. - Lehen esan bezala, guk sortzen dugun arazoa denez, gure esku dago konponbidea.
- Jakin badakigu, sistema aldaketa honek, herritarrari (batez ere oraindik hondakinak nahasita kudeatzen dituen herritarrari) ohitura aldaketa eta sortzen dituen hondakinenganako ardura gehitzea eskatuko diola baina, borondatea izanez gero, lankidetza errez egitekoa izango dela uste dugu.
Aurkeztutako idatzian azaltzen diren arrazoiei banan-banan erantzunak ondoren:
- Munduan zehar, hondakinen borondatezko bilketa sistemaren bidez lortutako emaitzak noraino heltzen diren hamaika aldiz egiaztatu da: bilketa selektiboa % oso txikietara heltzen da, soilik %40. Horregatik, hain zuzen ere, aipatzen duzuen borondatean dago gaiaren gakoa: borondatiaz ez gara heltzen aipatutako % 40 horietara besterik.
- Ohitura aldaketa ez da txarra ondorioa onerako denean eta, gainera, gauzak ondo egitera goaz.
- Sistema berria gaur egungoa baino garbiago den edo ez, erlatiboa da. Orain, 2-3 egun egoten da zaborra (organiko guztia barne duela), kalean, jaso gabe. Etorkizunean organikoa (garbitasun edota usain arazoa eman dezakeena) ordu gutxi batzuetan besterik ez da egongo.
- Ordenatuagoa iruditzen zaigu atez-atekoa, sistema indibiduala den unetik.
- Ekonomikoagoa bilketa edukiontzien bidez da, jakina, baina hondakinen kudeaketa integralki hartuz gero, hau da, tratamendu kosteak eta hondakinen salmentatik jasotako diru-sarrerak barne sartuz, balantzea parekoa da.
- Aurrez aipatu bezala, herritarroi emandako zerbitzuaren truke ordainketa egiteko modu justuagoa eskaintzen du atez-atekoak (sortzen den hondakin kantitatearen araberako ordainketa).
- Komoduaue gaur egungo edukiontzien bilketa sistema dela diozue, agian, ohartu ez zaretelako errespetatzen ez den ordutegi eta egutegi bat egon badagoela zaborra aportatzeko.
- Gure ustez, ez dago sistema txarrik erosotasunaren arloan; pertsonaren jokaera eta disposizioa izaten dira txarrak. Aurrez argudioetan azaldu ditugun aspektuen aldean, gainera, garrantzia erlatiboa du gai honek gure ustetan, bere eragina baduen arren.
- Herritarrari, esku artean dugun erronkak bide hobea izateko, denok mezu aproposak luzatuz gero, zabor turismoaren jokaera berez desagertuko da.
- Lehen aipatu bezala, garrantzitsua izango da baina helburuak lortu behar izanez gero, hau da, bilketa selektibo maila altua, ez da nahikoa eta aukera hori ez da egingarria.
- Intimo delako perzepzioa erlatiboa dela eta pertzepzio horretan norainoko aldeak dauden nahikoa agerikoa da. Horrez gain, hirigintzan antolatutako gizarte honetako testuinguru askotan galtzen dugu intimitate hori. Zer dela eta sortzen da orain kezka hau? Dena den, hondakin biltzaile-selekzionatzaileaz gain, ez dugu uste inork ikuskaritza lan hori egiteko asmorik izango duenik.
- Bestalde, inork ez du jakingo norenak diren hondakinak: zintzilikarioetan kodeak egongo dira jarrita, ez izenak.
- Dorreen gaia tentuz eta sakon aztertzen ari garen gaia da. Badaude aukerak inpaktua ahal den neurrian saihesteko
- Pozik egongo zarete, baina beste batzuen utzikeriak sortzen dituen gain kosteak zuok ordaintzen dituzue eta, etorkizunean, errauskailuaren plana gauzatuko balitz, are gehiago, sailkatzearren egiten duzuen esfortzua egin eta gero.
- Berriz diogu, bestalde, edukiontzi bidezko sistemak tope jakin batzuk dituela kantitate eta kalitate aldetik. Demagun sistema hipotetiko bat: boluntarioa eta edukiontzien bidezkoa; sistema horretan denek, herritar denek, parte hartu eta ondo egitekoak bagina, ez litzateke beharrezkoa izango atez atekoa. Justuagoa litzateke, ordea, sortzen den hondakin kopuruaren araberako ordainketa ahalbideratzen duen sistema izatea eta horretarako, berriro ere, atez atekora jo beharko genuke.
- Nahiz eta zuek inposaketa bezala ikusi, gaur egun, jendeak hondakinak gaika sailkatuko dituela bermatzen duen sistema bakarra da atez-atekoa eta jendearen kontzientzia pizteko heziketarik efektiboena. Era berean, gogorarazi gura dizuegu 2011ko udal hauteskundeetara aurkeztu ginenean, gure programan argi esaten genuela bilketa selektiboan emaitzarik onenak ematen zituen sistema jartzea zela gure asmoa. Herritarren gehiengo batek eman zigun bere konfiantza eta bozka; orain gure hitza betetzera goaz gure konbentzimendu osoz.
- Gure ustez, ordea, bai justifikatzen da herritarren parte hartze eta esfortzua.
- Europako herri garatuenetako batzuetan lortzen diren datuak, ez dira batere pozgarriak. Benetan % birziklapen maila altuak lortzen diren herrialdeetan atez-ateko sistema dago herrialdearen zati batean, emaitzetan nabarmen eraginez.
- Bilketa berri honen beharraren nahitaezkotasuna, gure aldetik, ageriko da. Erreflexiora gonbidatzen gaituzue, udalera zuzendutako idatzian baina, egia esan, guk erreflexioa duela urte batzuk hasi genuen, errauskailuaren inposaketa gauzatu zenean, tamalez.
- Izan ere, hausnarketan dago gakoa, praktikan jarriz edota teorikoki zer egin behar den esanaz. Garaiak digu lehen aukera dela bidezkoa, beharrezkoa. Dena den, herritarra erreflexio horretara gonbidatzea izan beharko litzateke ordezkari guztion mezua; sistema osoa dagoenetan jarraitzeko aldarrikapenak alde batera utziz eta esfortzu eta inplikazioa herritarrei eskatuz, gauzak ondo irten daitezen.
- Ezarpenaren aurretik martxan jarriko den parte hartze prozesuan ihardutera gonbidatzen zaituztegu: esaterako, esan zeniguten bezala, inpaktu bisuala murrizteko gaia lantzeko, beste hainbat gairen artean.
Kezkak dituzuen herritarren arteko lankidetza ere gurako genuke, neurrira egitera ahalbideratzen duen. Hau da, malgutasuna eskaintzen duen sistema delako atez-atekoa.