Alejandro Altuna (JMA): 22 urte lanlekua euskalduntzen

Ubane Madera 2012ko ira. 18a, 02:00

"Alejandro Altunaren barne-jardueran hizkuntza nagusia euskara izatea nahi dugu. Euskara gure ondarea dela sinesten dugu, ondare bakarra, eta horregatik, guztiok zaindu behar dugula uste dugu, euskararen erabilera gure lanlekuetan bultzatuz...

 ... Ez dugu zalantzarik konpromiso hori erabat bateragarria dela beste hizkuntzen erabilerarekin, eta zuek guztiek ere horrela ikustea nahiko genuke, eta baita, bakoitzaren testuingurua eta aukerak kontuan hartuta, konpromiso horren alde egitea Alejandro Altuna osatzen dugun gutako bakoitzak ere".

Alejandro Altuna, SAk, JMAk, aspaldi dauka hartuta konpromiso hori eta hala azaltzen dute enpresako Hizkuntza Politika Orokorraren gaineko eskuliburuan. 

Arrasateko fabrika barrura sartuz gero, berehala egiten da agerikoa euskaren presentzia: errotulu, jakinarazpen, kartel, harrera zerbitzua… horietan guztietan euskarari lehentasuna ematen saiatzen dira.

Euskarari lehentasuna 

Eta konpromiso horren adierazgarri, enpresako Hizkuntza Politika Orokorra landu eta argitaratu dute aurten, eskuliburu itxuran, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. 

Enpresako langile guztien artean banatu dute, eta Euskal Herriko bezero eta hornitzaile nagusiei ere bidali diete. 

Hizkuntza politikaren irizpidea ondorengoa da: "Barne-jardueran euskarari lehentasuna ematea eta kanpo-jardunean, aukerak daudenean, euskarari sarbidea ematea".

"Alejandro Altunako Hizkuntza Politika Orokorraren proiektu hau euskararen normalizazioa lortzeko planteamendu orokor baten barruan txertatzen da, jasotzen dituen helburu eta irizpideak betetzeko prozesu baten barruan", azaltzen dute eskuliburu horren sarreran.

Hain justu ere, prozesu horrek laster 15 urte beteko ditu.  Orduantxe hasi ziren modu ofizialean Alejandro Altunan euskararekiko jauzia eman, eta lanlekua eta lan-jarduna euskaratzen. 

Aitzindarien artean

Hizkuntza Politika Orokorra laburbiltzen duen eskuliburua eskuan hartuta, sinplea eta erraza dirudi egindakoak. Baina urte askotako lana dago JMAren gaur egungo errealitate euskaldunaren atzetik. 

Are gehiago, prozesuaren hasierara joz gero, Debagoienean  (eta, oro har, Euskal Herrian) JMA aitzindarietako bat izan zen lanlekuan euskararen normalizazioa bultzatzen. Izan ere, inguruko kooperatiba gehienetan 1999 inguruan jarri zituzten martxan euskara-planak. EMUN Lana Euskalduntzeko Kooperatiba ere orduan sortu zen, eta horrek bultzada handia eman zien euskalduntze prozesuei.

Hala ere, gure ibarrean, Antzuolako Elay enpresa izan zen euskara plana martxan jartzen lehena (1991). Are gehiago, Elhuyar Aholkularitzak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza bitartez abiarazi zuten lehen esperientzia hura. Eta beste kasu bat aipatzearren, Fagor Ederlan ere 1999a baino lehen hasita zegoen zeregin horretan. 

Oinarria: militantzia 

Alejandro Altunari dagokionez, 80ko hamarkadaren amaierara jo beharra dago euskararen babeserako hasierakoen bila.

"JMAn 1989an hasi ginen elkartzen eta euskararen alde lanean, Euskara batzorde moduko batean. Baina orduan ez genituen gaur egungo baliabide berak, ezta gutxiago ere. 

Garai hartan JMAn gaztelaniaz hitz egiteko joera zegoen, kaleko joera ere hori zelako. Gainera, langile asko, alfabetatu barik ere bazeuden, eta horrek erraztu egiten zuen gaztelaniaranzko joera hori", kontatu du Alberto Etxagibelek, JMAko Euskara batzordeko eta zuzendaritzako ordezkariak. 

Hala ere, hark azpimarratu du Alejandro Altunako ugazabak euskaltzaleak direla eta beti izan dutela euskararekiko konpromisoa. Hori dela eta, beti egon dela euskararekiko kontzientzia handia fabrikan. 

Etxagibelek kontatu du zela hasierako fasearen ostean, talde txiki asko sortu ziren JMAn, eta bakoitzak arlo desberdinetan lan egiteko ardura hartu zuen: "Inprimakiak, tailerreko kartelak, dokumentazioa euskaratu… Hori guztia militantziaz egiten zen, ez modu profesionalean. 110 langile ginen orduan eta ia guztiek parte hartzen genuen, lanak banatu eta norberaren lan ordutegitik kanpo". 

Kanpoko aholkularitza 

Hala ere, beste pauso bat emateko beharra ikusi zuten: "Euskaratze lan honekin jarraitu edo ez erabakitzeko, langileen artean bozketa egin genuen eta %95 alde azaldu zen. Bozketaren erantzuna jakinda, 1998an, Arrasateko Euskalan Elkartearekin elkarlanean hasi ginen (1996an sortu zuten Euskalan, lan munduan eta enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko). 

Euskalan elkartearekin lan egiteko arrazoia izan zen lan horrek dedikazioa behar zuela konturatu ginela. Modu horretan, lana hobeki planifikatzeko lehenbiziko pausoa eman genuen", jakinarazi du JMAko Euskara batzordeko eta zuzendaritzako ordezkariak. 

Eguneroko lana

Aurrerapauso handien sasoia izan zen 90eko amaiera hura, ia guztia zegoen-eta egiteko. 

Eta 22 urte hauen ostean lortu duten emaitza esanguratsua da, duda barik. 

Hona hemen horren erakusle diren datu batzuk: urte bukaerako neurketaren arabera, JMAko langileen %90 elebidunak dira. Eta iazko udazken-neguko neurketaren arabera, berriz, euskararen ahozko erabilera da %45ekoa.  

Baina, oraingoz, eta zoritxarrez, bukaerarik ez duen lana da JMAn dutena. "Heltzen da momentu bat aurrerapenak ez direla horren argi ikusten. Eguneroko lana da. Gauza batzuk falta direla ikusten dugu. Azken batean, ohitura kontua da. Ohiturak oso barneratuta ditugu, eta aldatzea oso zaila da. Adibidez, gertatu izan zaigu batzar batean gehienak euskal hiztunak izatea, baina baten batek euskarekiko joerarik ez badu eta nahiz eta pertsona horrek ulermen maila ona izan, batzar horren zati handi bat gaztelaniaz egitea. Urte asko daramatzagu gure artean hizkuntza joera berak erabiltzen, eta horiek aldatzea oso zaila da", kontatu du Idurre Arbulok, Euskara batzordeko kideak eta JMAko giza baliabideetako teknikariak. 

Euskaraz bakarrik, nekez 

Horrez gainera, argi dute oso zaila dela JMAko jardun guztia osotasunean euskaraz egitea: "Onartzen dugu oso konplexua dela. Izan ere, badago portzentaje oso txiki bat euskaraz ez dakiena. Horri, gehitu behar zaio kanpotik datozenek ere ez dakitela euskaraz, eta gure merkatu handiena Euskal Herritik kanpokoa dela. 10 giltzatik 7 Estatutik kanpora doaz: Frantziara, Alemaniara, Ingalaterrara…", azaldu du Mikel Arenatzak, Alejandro Altunako Euskara koordinatzaileak. 

Euskara ia galduta izatetik… 

Beraz, zein da eginbeharra orain? Dagoenetan utzi, aurrera segi… Alberto Etxagibelek argi dauka: "Euskara zaindu egin behar da. Orain 40 urte euskara ia galduta zegoen. Orain berreskuratu egin dugu, baina falta zaiguna erabiltzea da. Esaterako, hitz tekniko asko falta dira, baita alfabetizazioa ere. Kontuan hartu 40 urtean euskara ez zela erabili. Adibidez, fabrikak sortu zirenean geldi zegoen, eta horregatik falta dira horrenbeste hitz tekniko".

Hark gaineratu du, adibidez, kataluniarrak eredugarri izan daitezkeela euskararen biziraupenerako:  "Hemendik aurrera katalanizatu egin behar gara. Ez gu bakarrik baita gizartea ere. Eta bide horretan oztoporik handiena guztion ohitura aldaketa izango da". 

----------------- 

JMAko Euskara batzordea

Bederatzi lagunek osatzen dute JMAko Euskara batzordea. Haiekin batera, gainera, hamabostean behin Elhuyarko teknikaria izaten da. Batzordeko bederatzi lagunen artean, enpresako arlo desberdinetako ordezkariak egoten ahalegintzen dira: produkzioa, bulego teknikoa, zuzendaritza… Jarduteko moduari dagokionez, hamabost egunean behin elkartzen dira egoeraren jarraipena egin eta motibazio ekintzak prestatzeko. 

-----------------

Euskararen alde egiten dihardutena

Alejandro Altunako hizkuntza-irizpideak lau ardatz nagusiren inguruan daude antolatuta: 

1. Irudi korporatiboa: gutun-azaletan, telefonoz, iragarkietan, orri buruetan, posta elektronikoaren oharretan, txartel pertsonaletan…Guztiak dira elebidunak, hirueledunak edo neutroak . Bestalde, telefonoz eta aurrez aurre, adibidez, lehenengo berba euskaraz esaten dute.

2. Barne-harremanak: barne inprimakietan beti agertzen da euskara, barne erabilerako inprimakiak euskaraz bakarrik daude, euskaldunez osatutako bilerak euskaraz egiten dituzte…

3. Kanpo-harremanak: ahal denean, hornitzaile, bezero eta erakunde publikoekin eta finantza-erakundeekin euskaraz jarduten dute.

4. Giza baliabideak: langile berria kontratatzerakoan hizkuntza profila kontuan hartzen dute beti; ez dakienari enpresak matrikula ordaindu eta erraztasunak ematen dizkio ikasteko, euskara planaren berri ematen zaie berriei, langileekin komunikazioa euskaraz da… dira jardunbideetako batzuk. 

-----------------

JMAren ezaugarriak

-1942an sortutakoa da. 

-200 langile ditu Arrasaten, bi plantatan banatuta.

-5 planta produktibo ditu.

-10 filial: Frantzia, Argentina, India, Maroko, Mexiko, Uruguai, Polonia, Portugal, Britania Handia eta AEB. 

-Giltzak eta bikoizteko makinak egiten ditu. 

-Europako giltza ekoizle handiena da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak