Jose Antonio Baz: "Penagarria da herriarendako proiektu on bat interes politikoengatik gauzatzen ez denean"

Xabier Urtzelai 2012ko ira. 3a, 14:30

Jose Antonio Bazek (Caceres, 1952) ez du zinegotzi izan zeneko oroitzapen onik. Arcelorren erretiro aurreratua hartuta, gaur egun Valladolid aldean ibiltzen da gustura, etxekoen lursailetan lanean. Urte gogorrak izan zirela onartu digu, baina baita sasoi hartan oso jende jatorra ezagutu zuela ere.

Zelan iritsi zinen politikara?

Errebotez, egia esanda. Arcelorren CCOO sindikatuko ordezkari nintzen, eta, erdi brometan-edo, Ezker Batuko zerrendetan jarri ninduten. Hirugarrena nintzen zerrendan, eta hauteskundeen ostean jaso nuen lehenengo deia alderdiko lagun batena izan zen: "Izorra hadi!", esan zidan, brometan. Gero, egia da bateko eta besteko lanaz ito samar ibili nintzela, baina ez nituen hartutako ardurak utzi nahi. Eta bestalde, Arrasaten lan handia zegoen egiteko. 

Urte gogorrak izan zirela esan didazu.

Bai, ez dut urte haietako oroitzapen onik. Batetik, gure aurpegiak eta halakoak ateratzen zituzten pegatinetan, presio galanta genuen. Haietako batean Isaias Carrasco, ni neu eta beste zinegotzi batzuk azaltzen ginen. Kalean paseatzen joan eta dirua lurrera ere bota izan didate; une horiek ez dira gozoak izaten. 

Sasoi hartan EAJrekin batera gobernatu zenuten.

Eta arlo horretatik ere ez zen batere erraza izan lan egitea. EAJrekin gobernua osatuta, ondo ikusten ez nituen gauza asko irentsi egin behar izan nituen, ideologikoki ideia batzuk izan, baina beste erabaki batzuk onartu behar; eta ez zitzaidan batere erraza egiten. Gure alderdian nahiko askatasun genuen, baina, hala ere, gauza bat baino gehiago irentsi behar izan nituen. Bestalde, guk EAJrekin osatzen genuen Udal Gobernua, baina, aldi berean, jeltzaleek sozialistekin hartu-eman handiak zituzten. Orokorrean, ez nintzen gustura geratu udal ordezkari moduan egindako ekarpenarekin; izan ere, gehiago egin genezakeela uste dut.

Egongo da gauza positiborik...

Bai; sasoi hartan ezagutu nuen jende on asko, oso jatorra. Benetan esango dizut, ez dut arazorik onartzeko, sasoi hartan Paco Gartziarekin oso txarto konpondu nintzen. Haren jokatzeko modua ulergaitza egiten zitzaidan. Eta esango nuke sasoi hartatik harremanik ez dudan bakarra dela. Bestalde, nahiz eta politikoki muturrekoak izan, Itziar Lamarainen lana goraipatuko nuke. Ikustekoa zen emakume horrek herriarengatik zelan egiten zuen lan.

Zer sentitzen da politika kontuengatik proiektu bat gauzatzen ez denean?

Ezintasuna baino gehiago, amorrua, malaostia galanta. Eta askotan pasatzen zen. Esaterako, La Caixako etxeak egin behar zirenean, sozialistak kontran azaldu ziren, bestelako interes politikoengatik, eta guk oso garbi ikusten genuen herriko jende gaztearendako oso gauza ona zela.

Sasoi hartan egin ziren lanen artean, zeintzuk dituzu gogoko eta zeintzuk ez?

Gernikako Oinezkoen Zumardia oso ondo geratu zela iruditzen zait, herritarrek paseatzeko leku ederra da. Bestalde, Biterin dagoen gasolindegia ez zait batere gustatzen. Garestia izan zen, eta ez du aparteko erabilpenik. Eta zatarra da.

Bereziki gogoratzen duzun lorpenen bat?

Gelmako etxebizitzengatik Udalak ia hiru milioi euro pasatxo jaso behar zituen, ez gehiago, baina tinko jarri ginen eta zazpi milioi euro pasa lortu genituen Udalarendako.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak