Oreka eta grabitatea jolas dituen zirku ikuskizuna gaur

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko uzt. 27a, 12:30

Ikus-entzule guztiendako zirku ikuskizuna izango da gaur Herriko plazan Udazabal ekimenari esker, 20:00etan. 'Up!!!' du izena espektakuluak; orekaren eta grabitatearen mugekin jolasten du, pertsonaia amorratu, ironiko eta indartsu baten xelebrekeriez jantzita. Xabi Larrea aktoreak dioenez, maiatzean estreinatu zuen azken ikuskizun honek teknika ezberdinak uztartzen ditu: "Kale-antzerkia, inprobisazioa, magia, clown-a, malabarismoa... Halako hainbat teknika lantzen ditut ikuskizun osoan zehar".

Bakarrik dator, baina ikuslearen lagun egiteko asmoz: "Jendearen parte-hartzea beharrezkoa da niretako. Kalean gauza asko gertatzen dira inprobisaziorako aukera ematen dutenak eta horiek aprobetxatzea publikoak asko eskertzen du. Izan ere, teknika oso zailak erabili arren, finean publikoak gura duena da barre egin eta ondo pasatzea", dio.

"Jendeari gustatzen zaio"
Orain arteko emanaldietan oso harrera ona izan duela dio Larreak eta nahi baino ikuskizun gutxiago lotu dituen arren, pozik dago jendearen erantzunarekin. Arrasatearrendako ere gustukoa izatea espero du: "Ikuskizun bakoitza ezberdina da eta orain arte nire pertzepzioa da jendeari asko gustatzen zaiola. Saioak irauten duen bitartean bestelako arazoez ahaztu egiten dira eta espero dut Arrasaten ere hala gertatzea". Adin guztiendako espektakulua da, 45 bat minutukoa.
Deustuko gaztetxean hasi zen Larrea interpretazioaren munduan: "Frantziar bat ezagutu nuen malabarismoa egiten mundu osoan zehar bidaiatzen zebilena eta bere bitartez hasi nintzen ni ere. Zaletasuna zen hasieran baina handik Ingalaterrako zirko eskolara joan nintzen eta gero Japonia eta Kubako eskolak ere ezagutu nituen". Opor garaiak gehienendako, lan gustura egiteko garaia Larrearendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak