Laura Alutiz: "Janarekin dituzten ohitura txarrak aldatzea izaten da gure helburua"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko abu. 28a, 12:02

Azken ikerketek diote haur lodien kasuek gora egin dutela Espainian. Azken 15 urteetan haur lodien kasuak %5 izatetik %16 izatera pasa dira eta dagoeneko epidemia bihurtu da. Gure eskualdeko egoera zelakoa den azaldu digu Laura Alutizek, Debagoieneko Ospitaleko Umeendako Obesitate eta Nutrizio Klinikako dietistak.

Espainian epidemia da; hemen ere hala da?

Bai, klinikan ikusten dugu gero eta ume gehiago etortzen direla guregana, eta esan dezakegu hemen ere epidemia dela.

Zergatik gertatu da hau?

Uste dugu elikatzeko ohitura txarrak dituztela. Gainera, uste dugu ez dutela lehen egiten zen besteko ariketa fisikorik egiten. Horiek dira arrazoi nagusiak. Genetikak ere badu eragina, baina ez horrenbestekoa. Beste bi arrazoiak nagusiagoak dira.

Jolas egiteko ohiturak asko aldatu dira, eta horrek ere eragingo du.

Bai; lehen, adibidez, neskak sokarekin edo gomarekin jolasten ziren eta gaur egun ez da halakorik ikusten kalean. 

Zenbat gaztetxo hartzen dituzue zuen klinikan?

Gutxi gorabehera, ehun ume inguru daude. Hasi ginenean, hiruzpalau ume izaten genituen hilabetean, eta gaur egun, zortzi bat ume ditugu hilero. Hortaz, asko handitu dira azkenaldian ume lodien kasuak.

Ze prozesu jarraitzen duzue ume bat ospitalera doanean?

Umeak pediatrarengana joaten dira eta pediatra horiek dira umeak guregana etorri behar duen edo ez baloratzen dutenak. Hasieran, klinikako pediatrarekin eta erizainarekin egoten dira, eta informazio guztia jasotzen dute: datu pertsonalak, familiarrak, elikadura ohiturak… eta horren ostean neurketa batzuk egiten dituzte: pisua, altuera, koipe-portzentajea… Informazio guztiarekin niregana etortzen dira, eta elikatzeko jarraibideak ematen dizkiet.

Elikatzeko jarraibide horien helburua zein izaten da?

Helburua ez da izaten pisua galtzea, helburua koipe-portzentajea jaistea izaten da. Bestalde, helburua ohitura txar horiek aldatzea izaten da.

Ohitura berriak ikastea beharrezkoa izango da. Zeintzuk dira ohitura berri horiek?

Ondo gosaltzea, adibidez. Esnekiak, fruta eta zerealak hartu beharko lirateke. Bestalde, denetik jaten ikastea beharrezkoa da, eta gozokiak eta industria opilak alde batera uztea. 

Nola erantzuten dute gaztetxoek?

Nahiko ondo. Hasieran, oso ondo portatzen dira, eta, konfiantza hartzen duten neurrian, erosoago sentitzen dira.

Eta gurasoek zelan erantzuten dute?

Haiek lan handia dute etxean. Oso zaila da ume bati gaur gozokirik ezin duela jan esatea… Umeen ohiturak aldatzea oso zaila izaten da, eta, gainera, haiek ere ohitura txarrak baldin badituzte, aldatu egin beharko dituzte ohitura horiek.

Epe motzera begira, ze arrisku ekar dezake loditasun arazoak umearengan?

Epe motzean arazo psikologikoak izaten dira; hau da, umeek autoestimu txikia izaten dute eta lagun taldetik kanpo sentitzen dira. Bestelako arazoak ere izaten dituzte; adibidez, kolesterola oso altu izaten dute. Baina, gehienbat, arazo psikologikoak izaten dira.

Eta epe luzera ze arazo sor daitezke?

Epe luzera arazo horiek jarraitzen dute, baina, gainera, beste arazo larriago batzuk gehitzen dira. Adibidez, diabetesa, bihotzeko gaixotasunak, digestio aparatuko gaixotasunak, gibelarenak, hipertentsioa…

Hala ere, garaiz hartuta, arazo honek badu irtenbidea.

Bai; umeak ohiturak aldatzen baditu eta ariketa fisikoa egiten badu, alda daiteke.

Nagusiekin ere loditasun arazo bera dago?

Azken finean, denok ikasi behar dugu ondo elikatzen eta ohitura txarrak kentzen, ariketa fisikoa egin...

Ze mezu emango zenieke, batez ere, gurasoei?

Guregana etortzeko euren seme-alabek arazoren bat dutela ikusten baldin badute, eta haiek ere aldatu egin behar dutela elikadura mota. 

Azken finean, ez da hain zaila elikadura ohiturak aldatzea.

Aholku batzuk jarraituta eta, batez ere, ariketa fisikoa eginda eta gure elikaduran aldaketa batzuk eginda lor daiteke. Baina esfortzua behar da, eta gogoa. Hori oso garrantzitsua da. Gogo barik ezin da ezer lortu. Umeak ez dira konturatzen hainbeste;  konturatzen dira, adibidez, gozokiak ezin badituzte jan; baina gosearekin baldin badaude, berdin zaie zer jan.

Esan dugu epidemia bihurtu dela. Denbora luzea beharko dugu horri buelta emateko?

Bai, denbora luzea beharko da. Gainera, gaur egun, prestatutako janari asko saltzen da, eta ez daukagu denborarik gure etxean jana prestatzen ibiltzeko. Oso azkar bizi gara. Baina, esan bezala, gogoa izanez gero, ohiturak alda daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak