Arrasate Garbik eta Stop Atez Atek 6.686 sinadura batu dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko uzt. 20a, 14:46

Arrasatearrengandik jaso duten babesa "itzela" dela esanez, atez atekoaren kontra eta bosgarren edukiontziaren alde dauden bi plataformek orain arte jasotako sinadurak entregatu dituzte BAZen. 6.686 sinadura dira guztira baina oraindik biltzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Kulturaten egindako prentsaurrekoan argi utzi gura izan dute plataformekiko babesa pentsamolde politiko ezberdinetako arrasatearren aldetik etorri dela: "Atez atekoaren inposaketaren aurkako jarrera begi bistan utzi eta gai honek bakoitzaren ideiekin zerikusirik ez duela erakutsi du".

Arrasate Garbiren izenean Mertxe Trojaola eta Jone Astigarraga izan dira prentsaurrekoan eta Stop Atez Ate plataforma ordezkatzen, berriz, Oscar Garcia eta Maialen Romero. Prentsaurrekoaren ostean BAZera abiatu dira sinadurok modu konfidentzialean batzen dituen akta entregatzera, alkateari zuzendutako idatzi batekin. Honakoa adierazi dute, besteak beste: "Ez dugu zaborraren diktadurapean bizi nahi. Ez dugu gure ohiturak sistema zurrun baten menpe aldatu gura. Zaborren turismoa sustatzen du sistema honek; kaleko zakarrontzietan eta erreketan agertuko den zaborra ahaztu barik, sortarazten duen gaitzespen sozialaren eraginez".

Sinadurak biltzen jarraitzeko asmoa

Notario-aktan 6.686 sinadura jaso dituzte, baina Oscar Garciaren arabera, epea amaitu ostean beste 1.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte; beraz, 8.000 sinadura inguru dira guztira. Sinadurak biltzen jarraitzeko asmoa dute: "Sinadura bakar bat geratzen denera arte lanean jarraituko dugu", adierazi du Garciak.

Alkatearendako idatzia gaur bertan utzi dute BAZen eta hori argitaratuko dute irailean berarekin biltzen direnean. "Erabili behar den sistemaren aukeraketa Udalaren erabakia izango da, baina gai honetan arrasatearrok gure lehentasunak adierazteko irizpidea daukagu". Horrez gain, "eta jasotako babesa ikusita", atez atekoa jarri gura dutenei gogoetarako tartea hartzeko eskatu die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak