Garoña 2019ra arte zabalik izateko ateak zabaldu ditu Industria Ministerioak. Nola hartu duzue berria?
Txarto, baina espero genuen albistea izan da. Jakinekoa zen. Ez dago Garoña ixteko intentziorik. Orain arte esperantza txiki bat bageneukan, garai batean 2013an itxiko zutela entzun zen-eta. Baina orain, popularrak Gobernura iritsi direnetik, bagenekien kontuak aldatu egingo zirela.
Herritarren artean kezka sortu du albisteak?
Hemen denetik dago. Garoña ixtearen alde gauden dezente jende gaude, baina bertako jende asko erositako dago, nolabait esatearren. Hortaz, erreakzio ezberdinak egon dira.
Jende nagusi asko bizi da inguru horretan. Zer diote horiek?
Gehienak isilik egoten dira, askok familiakoren bat dute lanean zentralean, eta dirua lortzen dute hortik. Gainera, udaletan lana eskaintzen diete edo beste moduren baten erosten dituzte. Bestalde, badago beste talde bat zentrala bereganatuta duena, La atomika deitzen diote. Baina Fukushimakoa gertatu zenean beldurra sartu zitzaien, eta ordura arte ikusi gabeko erreakzioak izan zituzten. Hala ere, dagoeneko ahaztu dute. Gainera, energia nuklearra ez da entzuten eta ez da zikina; hortaz, egunerokotasunean, edozein fabrika Garoñako zentrala baino txarragoa dela dirudi. Baina badakigu beste aldea zein den.
Revilla de Herran herrian bizi zarete. Etxetik ikusten duzue zentral nuklearra?
Ez, gure etxetik ez dugu ikusten. Bestela, ez dakit posible izango litzatekeen bizi izatea! Ez dugu ikusten, ezta entzuten ere. Gainera, behin lagun batzuk etorri ziren etxera erradioaktibitatea neurtzera, eta esan ziguten inguruneak babestuta dagoela gure herria. Mendi zulotxo batean sartuta gaude, eta haizearengandik babestuta. Horrek lasaitasuna ematen digu, baina zentrala ixtea gura dugu.
Ingurune naturalagatik, Araba baino babestuago dago zuen aldea?
Bai, hala da. Haizea Bureba (Burgos) aldera eta Araba aldera doa gehiago. Eta energia nuklearraren uhinak ere Araba aldera joango lirateke gehiago, baita Pancorbo aldera ere. Gu Balderejoren magalean gaude eta badirudi hona gutxiago etorriko litzatekeela. Bestalde, esaten dute Ebro ibaira isuriak egoten direla… eta horiek ere Araba aldera doaz.
Esan daiteke Garoña inguruan bizi zaretenok beti alertan bizi zaretela?
Egunerokotasunean ez gaude beldur horrekin, baina buruan beti daukazu zerbait gerta daitekeela, Fukushimako zentralean edo Txernobilen gertatu den moduan. Horrek, hotzean, kezka sortzen du.
Arriskuari dagokionez, lehenengo zirkuluan zaudete. Zer esan gura du horrek?
Edozer gauza pasatuz gero, dena galduko genuke. Ezin izango ginateke gure etxe eta ortuetara itzuli, sekula ez. Esan dudan moduan, haizeak ere eragin handia izango du, baina zer edo zer gertatuz gero, uste dut minbizi handi batekin hilko ginatekeela hemen bizi garenok.
Istripuen aurrean, badago protokolorik?
Bai, badago protokoloa, baina gezurretakoa dena. Guk, adibidez, herrian ez daukagu biltzeko punturik adierazita. Simulazioak egin izan dituztenean jakin ere ez dugu jakin; izan ere, gure herrian ez da irratia ondo entzuten, eta, irrati bidez esaten badute, gu ez gara enteratzen. Garoñan zerbait pasatu dela enteratzen gara kanpotik, Arrasatetik, esaterako, esaten badigute. Gainontzean, ez dugu ezer jakiten.
Beste zentralen batean zerbait pasatu izan denean herrian zelan eragin izan du horrek?
Fukushimakoa gertatu zenean, esaterako, hemen badago emakume bat beti La atomika deitu izan diona, baina inoiz ezer esan ez duena. Bada, orduan esan zuen: "¡A ver si cierran esto ya!". Gertatzen dena da hedabideek indar handia ematen diotela momentu batean, baina gero ahaztu egiten direla. Hortaz, jendea normaltasunean sartzen da eta ahaztu egiten da. Garoñako atearen aurrealdera urtero egiten dugu martxa bat eta ehun lagun besterik ez gara elkartzen. Horrelako indarrarekin zaila da eurei presio egitea. Esan behar da eurak oso lasai daudela. Gainera, Garoñako langileek guk baino hobeto egin dituzte gauzak: itxi behar zela esan zutenean mobilizazioak egin zituzten eta jende asko ekarri zuten kanpotik.
Diozu urtero egiten duzuela ekintzaren bat. Taldetan antolatuta zaudete?
Kaltetutako Bizilagunen Elkartea dago hemen, eta Ekologistak Martxan taldekoak ere etortzen dira. Jende gehien mugitzen dutenak Ekologistak Martxan taldekoak dira. Urteko ekintza nabarmenena martxa hori izaten da. Barcina del Barco herritik oinez joaten gara Garoñara, eta egun-pasa egiten dugu. Momentu konkretuak ere egon izan dira: Greenpeacekoak Garoñara etorri zirenekoak, adibidez.
Nolako herria da Revilla de Herran?
Oso herri txikia da, zortzi biztanle bakarrik gaude. Balderejoren magalean bizi gara, mendiz eta haritzez inguratuta, errekatxoekin eta irturburuekin… leku ederra da. Nik esaten dut arazo txiki handi bat dugula. Gainontzean, leku lasaia eta polita da.