Joan den ekainaren 3an banatu ziren UNE kalitate ziurtagiriak Zumaian. Euskal Autonomia Erkidegoko 26 herritako 144 komertzio izan dira aurtengo lehian, eta, azkenean, 122 komertziok jaso dute bermea. Ziurtagiri horren bidez, besteak beste, bezeroari arreta, emandako zerbitzua eta langileen profesionalizazioa aitortzen da.
UNE 175.001 ziurtagiriak kalitate-parametro batzuk izatera behartzen ditu komertzioak: besteak beste, salgai dituzten artikuluak ondo erakustea, lokalak ondo argiztatzea eta tenperatura egokian izatea, langileak abegitsuak izatea eta etengabe hobetzeko egiten duten lana hartzen da kontuan.
Arrasatearrak nagusi
Arrasateko komertzioak izen handia hartzen ari dira gure mugetatik kanpo; izan ere, ekainaren 3an, Zumaian, UNE 175.001 kalitate ziurtagiriak banatzeko ekitaldian, Arrasate protagonista nagusietako bat izan zen. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegotik saritutako komertzio gehien dituen bigarren herria da urte honetan Arrasate, eta Gipuzkoako lehen postuan kokatu da.
Ibai-Arteren lan handia atzean
Horren guztiorren atzean Ibai-Arte elkarte arrasatearra dabil, izugarrizko lana eta aspaldiko apustua eginda. Elkarteak gogor dihardu lanean herritarrei ahalik eta zerbitzu onena emateko asmoz, eta dagoeneko igartzen hasiak gara lan horren emaitzak.
"Lehen, bat-batean egiten zen ziurtagiri hau jasotzeko prozesua. Iaz, Eusko Jaurlaritzak etengabeko prozesu bat izatea proposatu zuen, urtebeteko lana, alegia", azaldu digu Ibai-Arteko kide Jesus Mari Elkorok.
Hori dela eta, jada ezin da herrian zerbitzuen artean zabaldutako joera hau gelditu; izan ere, herriko beste hainbat komertzio eta zerbitzuk 2012ko UNE 175.001 kalitatezko ziurtagiria eskuratzeko eskaera egin dute. Urtebeteko lan handia dute aurretik komertzio horiek, baita elkarteak berak ere. Ibai-Artek gogor egingo du lan bezeroei ahalik eta zerbitzu onena emateko helburuarekin. Hala ere, erronka beste komertzio eta saltokiek ere pauso hori ematea da, eta bezeroei ahalik eta zerbitzu onena ematen segitzea.
Ziurtagiria jaso duten 21 komertzio horiez gain, aurreko urtetik hasita beste sei saltokik bikaintasunerako prozesuan dihardute, "bikaintasuna helburu" Q Urdina eskuratzeko bidean, hain zuzen ere. Horrek bigarren mailako ziurtagiri bat izatea bermatzen die saltokiei.
Arrakasta horren ostean, beraz, argi geratu da Arrasateko dendak bizirik daudela eta taldearen indarrean sinesten dutela. "Gauzak ondo egitearen zigilua da, egunez eguneko lanarekin lortu duguna, eta ez da kasualitatea Gipuzkoako beste herri batzuetan ez dauden kopuruak Arrasaten lortu izana", azaldu du merkatari elkarteak.
Pozik, egindako lanarekin
Ibai-Artek harrotasunez eta erantzukizunez hartu du bazkideetako askok kalitatezko ziurtagiria jaso izana.
Dagoeneko lanean hasiak dira 2012ko UNE 175.001 kalitate ziurtagiria jasotzeko helburuarekin, eta herriko komertzio gehiagori dei egien die bertan parte hartzeko. Hala ere, ziurtagiria jaso duten komertzioek jarraikortasuna eman beharko diote.
Horrenbestez, Arrasateko merkatariek ikusi dute urte osoan egindako lanak, azkenean, baduela saria.
Ibai-Arte elkarteak herriko komertzio gehiagori dei egiten die eta bertan parte hartzera bultzatzen ditu, bide berekin segitzeko.
-----------------
Jesus Mari Elkoro (ibai-Arteko kidea): "Publikoki komertzioak oso maila onean daudela frogatzen du"
Ziurtagiri honek zer bermatzen du? Komertzio moduan ziurtagiri bat ateratzen duzunean, denda horrek alor konkretu baten gauzak behar bezala egiten dituela erakusten du. Ibai-Arteren helburua elkarteko kideek ziurtagiri hori lortzea da, edo, behintzat, maila ona lortzea. Bezeroei iragarri nahi diegu herrian dituzten komertzioak modernoak eta aktiboak direla. Lehia horretan iaz hasi ginen, 22 komertziok eman genuen izena, eta aurretik beste sei zeuden. Arrakasta handia izan dugu; izan ere, 21 komertziok jaso dugu UNE ziurtagiria eta beste seik bigarren mailako ziurtagiria jaso dute.
Horri esker Arrasateko merkataritza ofizialki duindu egiten duela esan daiteke? Bai, noski. Publikoki frogatzen du komertzioak oso maila ona duela.
Zer motatako komertzioek jaso dute ziurtagiria? Mota guztietako komertzioak izan dira. Gure elkartearen barnean alor askotariko denda asko daude. Honekin lortu dugu desberdinak diren komertzio askok ziurtagiria lortzea, eta hori, nire ustez, taldearentzat domina dotore bat dela uste dut, eta nolabait elkarren arteko konfiantza izatera bultzatu gaitu. Gure hurrengo helburua maila hobea lortzea izango da, eta etorkizunean gure bezeroei ahalik eta zerbitzu hobea eskaintzea.