Euskal Herria eta mapak; bi kontzeptu horiek izango dira erakusketaren protagonistak. Mapas para una nación liburuan oinarritutako erakusketa da, eta bertan, panel ezberdinen bitartez liburuan bildutakoa laburbiltzen da. “Euskal Herria kontzeptua zer izan den jakiteko erakusgarria da erakusketa, betiere mapagintza eta testigantza historikoetan oinarriturik”, adierazi du Jose Mari Espartza antolatzaileak.
Bertan, XVI. mendetik aurrerako mapak daude; hala ere, gehienak XIX. mendekoak dira. 50 mapa inguruk osatzen dute bilduma; izan ere garai hartan bi urtean behin kaleratzen ziren mapa berriak.
Hiru zutabetako erakusketa
Kulturaten ikusgai dagoen erakusketa hori hiru zutabe ezberdinetan banatzen da: lehenengo zutabeak, mapak biltzen ditu, eta hori da erakusketako zutaberik garrantzitsuena; bigarrenak mapen fitxak biltzen ditu, alegia, mapa horiek zein artxibotatik jasotakoak diren erakusten digu; eta hirugarren zutabean, ahozko kartografia dago; bertan, mendeetan zehar Euskal Herriari buruzko pertsonaia ezberdinek emandako testigantzak daude jasota.
Honela dio Espartzak, “Nik uste dut hiru elementu hauek nahasirik oso efektu polita sortzen dela, eta nik uste dut hori jendeari gustatu egingo zaiola”.