Atez atekoa aurrera Arrasaten, tentsio handiko osokoan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko eka. 13a, 20:53

Ez da ezustekorik eman. Bildu eta Aralarren botoekin (12) eta EAJ eta PSE-EEren kontrakoekin (8) Udalak onartu egin du hiri hondakinak atez ate biltzea. Aldeko zein kontrako iritziak zituzten herritarrez lepo bete da udaletxeko osoko bilkuren aretoa eta zinegotzien arteko eztabaida luzearen ostean herritarrek denetariko ekarpenak egiteko aukera izan dute. Tentsio uneak ere bizi izan dira, bozketa egin ostean zenbait herritarrek altxatu eta euren desadostasuna agertu dutelako.

Protesta ekintza horretan, txilibituekin txistua jo eta atez atekoaren zein udal gobernuaren aurkako mezuak zituzten paperak airera bota dituzte. Hori horrela, hiru udaltzainen artean aretotik atera behar izan dituzte protesta egin duten herritarrak. Mezu horien artean honakoak irakurri ahal izan ditugu: "Alkateak, dimisioa", "Lehen, arratoiak kalean eta orain, bulegoetan", "Udaletxean zerbaitek ustel-usaina dauka" eta "Inposizioa=faxismoa". Une horretan PSE-EEko zinegotziak ere joan egin dira.

Udal gobernua: "Nola ulertu behar dugu geuri inposatzaile izatea leporatzea?"

Josu Pereda Ingurumen zinegotziak egin du berba Udal gobernuaren izenean. Besteak beste, oposizioak atez atekoa inposatu izanaren akusazioei honela erantzun die: "Oposizioan zaudetenok proposatzen duzuen sistema, bosgarren edukiontziarena, jartzea Gipuzkoako zenbait Udalek hautatuko dute bozken bidez. Hori ere ez da kontsulta bidez erabakiko. Beraz, nola ulertu behar dugu geuri inposatzaile izatea leporatzea?"

EAJ: "Sistema herritarren borondatearen gainetik derrigortzea astakeria bat da"

Juan Karlos Garitano zinegotzi jeltzaleak sistema derrigortua izango dela esateaz gain, gaia landu duen hondakinen kudeaketarako kontseiluaren funtzionamendua salatu du: "Parte hartze baxua izan du eta ikuspegi bakarretik aztertu da gaia, pentsamendu bakarrean oinarrituz. Sistema herritarren borondatearen gainetik derrigortzea astakeria bat da".

PSE-EE: "Ez da proposamena, inposizioa baizik"

Aritz Arrieta PSE-EEko bozeramaileak ere gogor salatu du atez atekoa ezarriko duela Udal gobernuak: "Ez da proposamena, inposizioa baizik. Ez da debaterik egon, hiritarrei ez zaie iritzirik eskatu eta sistemaren datu errealik ez daukagu oraindik. Ez dago irakurketa errealik", adierazi du, besteak beste.

Herritarren aldeko zein kontrako ekarpenak

Protesta ekintzez gain, herritarrek aldeko zein kontrako ekarpenak egin dituzte. Mertxe Trojaolak, adibidez, Arrasate Garbi plataformaren izenean egin du berba eta gaia gaurko osokoan lantzea baino irailera arte atzeratzea eskatu du, besteak beste. 

Ekologistak Martxan taldeko kide Peter Encinasek, bestalde, bat egin du gaur onartu den sistemarekin. Honakoa adierazi du, beste hainbat baieztapenen artean: "Egia da atez atekoak ohitura aldaketa bat suposatuko duela baina aldaketa batez ere birziklatzen ez dutenendako izango da, horretara behartuta egongo dira-eta. Gure hondakinak etxetik irteten diren unean bertan publiko bihurtzen dira eta egiten dugunaren arabera ingurumenean eragingo dute. Eta ingurumena guztiona da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak