Laia Valenzuela: "Aldundiak proposatzen duen sistemarekin geratzen diren azken hondakinak ez dira toxikoak; errauskailutik ateratakoak, bai"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko ekainaren 9a

Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatua Arrasateko Kulturaten izan zen atzo, egubakoitza, Diputazioaren hondakinak kudeatzeko estrategia aurkezten; Laia Valenzuela estrategia diseinatu duten Europako bost adituetako bat izan zuen bidelagun. Arrasateko eta inguruko herrietako ordezkari politikoak eta herritarrak batu ziren areto nagusian.

Alduntzin diputatua izan zen hitza hartzen lehena eta hondakinen kudeaketarako plana eguneratzeko erabakia lau arrazoirengatik hartu dutela azaldu zuen:

  1. Indarrean dagoen kudeaketa plangintzaren proiekzioa eta errealitatea "bat ez etortzea", aurreikusitako hondakin sorrera %12 murriztu delako.
  2. Azken urteetan asko aurreratu delako hondakinen gaikako bilketan.
  3. Irailean Europako batzordeak Baliabideen efizientziarako bide-orria izenburupean kaleratutako txostenak norabide berri bat markatzen zuelako eta orain gutxi Europako parlamentuak ebazpen bat hartu duelako non agintzen dion batzorde horri proposamen bat egiteko 2014rako birziklapen tasak igotzeko eta 2020rako zabortegiak ixteko eta birziklatu edo konpost bihurtu daitekeena erretzea debekatzeko.
  4. Egoera ekonomikoak hondakinen kudeaketa planean inbertitzea aurreikusten zen 400 milioi euroko diru kopurua zalantzan jartzera eraman zituelako.

Azaldu zuenez, "behar baino atzerapen gehiagorekin" diseinatu dute plana, egiteko "zaila" izan delako:"Asko kostatu zaigu Gipuzkoan genituen hondakin kopuruak parametro konparagarrietan jartzea, Mankomunitate bakoitzak ahal duen moduan edo egokien iruditu zaion eran bildu dituelako datuak".

Behin gaia kokatuta, Laia Valenzuela Ingurumen zientzietan lizentziaduna eta udal kudeaketan espezializatuari eman zion hitza, diseinatutako estrategiaren gaineko xehetasunak emateko.

Aurreikuspenak

Prebentzioari dagokionean, aurreikuspen "ezkorra" egin dutela adierazi zuen Valenzuelak (2016rako %4 hondakin gutxiago sortzea) eta, horregatik, aurreikuspen horiek "erraz" lortu eta gaindituko dituztela uste dutela adierazi zuen. Gaikako bilketari dagokionean, aldiz, aurkeztutako datuak "baikorragoak" dira, bere esanetan: 2016rako, lurralde osoko hondakin guztien %60 gaika biltzea aurreikusi du estrategiak, eta 2020rako %75era ailegatzea. "Hori bai, kasu batean zein bestean, helburuak lehenago betetzen badira hobe", gaineratu zuen.

Konpostarekin lotuta askok egiten duten galderari erantzunez, "Zer egingo dugu sortutako konpost guztiarekin?", Ingurumen adituak esan zuen. sortzen den konposta kalitate onekoa bada, badagoela merkatua.

Helburua: "Hondakinetatik ahalik eta material gehien berreskuratzea"

Zabortegiak ixteko hondakinen %100 tratatu behar dela azaldu zuen, eta sortutako hondakinetatik ahalik eta material gehien berreskuratzea proposatzen dute, errausketaren alternatiba moduan: "Ideia da hondar frakzioa tratatzea, hau da, ez bidaltzea ezer depositu batera, ahal diren material denak berreskuratzeko ahalegina egin gabe aurretik. Proposatzen duguna da zabortegira bidali aurreko tratamendu mekaniko-biologiko bat egitea, birziklagarriak diren material denak berreskuratu eta materia organikorik geratzen bada konpost bihurtzeko. Izan ere, zabortegietako arazo nagusiena da materia organikoa heltzen denean –ur portzentaje altua duenez–, lurrera zuzenean joan ezin daitezkeen likido batzuk sortzen dituela, oso kutsakorrak direlako eta gasak igortzen dituztelako. Hori egonkortzea lortuz gero, inpaktua askoz ere txikiagoa da. Europan herrialde askok egin dute eredu honen aldeko apustua". 

Biometanizazio planta eta konpostajearenak

Foru Aldundiaren estrategiak 2014an Gipuzkoako gaur egungo hiru zabortegi "kutsakorrak" ixtea eta Zubietan biometanizazio planta bat egitea aurreikusi du: "planta horrek energia berriztagarria sortuko du, materia organikotik abiatuta, eta hori konpost bilakatu".

Sei konpostaje planta sortzea ere aurreikusten da, mankomunitate bakoitzeko bat —Debagoienekoa, Epelen, Bergarako lurretan—. Deszentralizazioaren aldeko apustua egiten dute, euren hitzetan: "10.000 tonako gaitasuna gainditzen ez duten sei planta txiki egingo ditugu eta, horren bitartez,.lanpostu zuzenak sortu mankomunitate bakoitzean" 

Materia toxikoa

Laia Valenzuelak azaldu zuenez, "errauskailutik –tratamendu termikoa– 80.000 tona materia toxiko" aterako lirateke urtean (65.000 errefusa moduan eta 13.000 errauts eran); "biometanizazio plantaren bidez ere beste hainbeste, baina ezberdintasun garrantzitsu batekin: ez dela toxikoa".

Azaldu zuenez baita ere, "errauskailuak etengabeko fluxua behar du eta behar adina ez badu kanpotik ekarri behar da, inportatu; hori da Europako herrialde askotan gertatzen dabilena". Horren aurrean, "bertako fluxu edo emariari egokitzen zaion sistema bat" bilatzen dutela gehitu zuen.

Inbertsioa "erdira"

Azpiegitura sare osoa egiteko, "orain arte aurreikusitako diruaren erdia" erabili beharko da: "400 milioi euro beharrean, 200". "Hondakinen sorrera murriztuz, bilketa selektiboa handituz, hondakinen %100a tratatuz, zabortegiak itxiz eta hondakinen tratamendua deszentralizatuz" lortuko da hori, euren esanetan.

Politikariak eta herritarrak

Behin azalpenak entzunda, bertaratutakoek galderak egiteko nahiz dituzten kezka eta iritziak azaltzeko aprobetxatu zuten aukera. Herritarrak ez ezik, aurkezpen ekitaldian izan ziren Debagoieneko hainbat ordezkari politiko ere: Mankomunitatekoak eta Arrasate, Oñati, Bergara, Aretxabaleta eta Antzuolako udaletakoak tartean. 

Atzo Arrasaten ez ezik, Tolosan ere egin zuten saioa foru ordezkariek eta teknikariek, eta horiekin itxi dute aurkezpen zikloa; aurretik Donostian, Pasaian eta Zarautzen izan dira. Balorazioa "positiboa" da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak