Gipuzkoako Aldundiak hondakinak kudeatzeko estrategia aurkeztu zuen martitzenean Batzar Nagusietan. Estrategia horrek Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra eguneratu eta egungo errealitatera egokitu du. Izan ere, "aurreikusitako hondakin sorrera %12 murriztu da egun", eta horrek "hondakinen tratamenduari eman beharreko neurriak berriro planteatu beharra" dakar berarekin, Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak esandakoaren arabera.
Aldundiaren estrategiak 2014an Gipuzkoako egungo "hiru zabortegi kutsakorrak ixtea", sei konpostaje planta sortzea –horietako bat, Epelen, Bergarako lurretan– eta Zubietan biometanizazio planta bat egitea aurreikusi du: planta horrek energia berriztagarria sortuko du.
Azpiegitura sare osoa egiteko, "orain arte aurreikusitako diruaren erdia" erabili beharko da. Estrategiak "aurrerapauso handia emango du gaur egungo egoerarekin alderatuta, sortutako hondakin guztiak tratatzea ahalbidetuko du-eta. Era horretan, Gipuzkoak Europako araudia beteko du, Aldunditik azaldu dutenez.
Prebentzio arloari ere "garrantzi berezia" eman diote: "2016rako hondakin sorrera %4 murriztuko da". Bilketari dagokionez, "2016rako lurralde osoko hondakin guztien %60 gaika biltzea" aurreikusi dute. Auto-konpostajea eta konpostaje komunitarioa sustatzeaz gain, "elikagaien xahuketa eragoztea" ere aurreikusi dute.
Estrategia herritarrei aurkezteko zenbait batzar egingo dituzte. Gurean Arrasaten gaur, egubakoitza, izango da, 19:00etan, Kulturaten.