Atzoko prentsaurrekoan gogoraratu zuten, asteazkenero bilera irekiak egingo direla Mosaiko Erraldoirako lanketa berezi bat egiteko. Oñatin arratsaldeko 19:00etan izango da Santa Marina plazan, Arrasaten ordu berean, baina Kultur Aten eta Bergaran, arratsaldeko 20:00etan Kultur Etxean.
Hemen, Aire garbiak bira nazan, mosaiko erraldoia izenburupean, egun horretarako prestatu duten adierazpena:
Grisa
"Grisa da porlana, grisa errautsa, grisa zaborra. Grisa gaixotasuna. Grisa da etsipena. Grisa batzuek ekarri nahi diguten etorkizuna. Errausketa da eskaintzen diguten bakarra. Zaborra eta errautsa, beste aukerarik ez dagoela sinestarazi nahi digute. Etsipena saldu nahi digute. Etsi, egiten utzi, pasibitatean bizi. Grisa, etsipena, porlana, zaborra, errautsa, gaitza. Grisa".
Kolorea
"Etsipenaren aurrean etorkizuna aldarrikatzen dugu. Bizitzaren koloreak. Naturarekiko oreka. Arrazionaltasuna eta iraunkortasuna. Materialak ez dira zaborra. Materialek badute balioa, badute kolorea. Koloreak badu etorkizuna. Alaitasuna kolorez marrazten da, itxaropena ere bai. Etorkizuna kolorez jantziko dugu, itxaropenez, konpromisoz. Etorkizuna edukiko dugu, etorkizunean sinisten dugulako.
Gipuzkoan azken urteotan, eta batez ere azken hilabeteotan eztabaida bizia piztu da. Hondakinak nola bildu omen da arazoa. Batzuk modu batera, besteak bestera.
Baina horren ondorioez gutxi hitz egiten da. Nork nahi du zabortegia bere herrian? Nork nahi du erraustegia bere herrian? Erantzuna denok dakigu. Inork ere ez ditu nahi. Ezagunak dira erraustegiak jartzeko proposatu diren herri guztietan horren kontra egondako erreakzio anitzak. Irun, Hondarribi, Oiartzun, Errenteria, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Zubieta, Donostia, Usurbil, Villabona, Beasain, Zestoa... denek ezetz, ez zutela nahi. Olaztiko porlandegian zaborra erraustearen aurka jarritako herrien zerrenda ere luzea da, horietako asko Gipuzkoarrak.
Eta zer esan zabortegiez? Errenteriako biztanleen mobilizazioak ahaztu al zaizkigu.? Urteta, Azpeitia, Beasain...
Inork ez du zabortegirik herrian nahi. Inork ez du erraustegirik herrian nahi. Inork ez du halakorik eskatu eztabaidak iraun duen urte guzti hauetan. Horiek ez baditugu nahi, zertan ari gara orduan?
Etorkizun hobeago baten aldeko aldarrikapen ekitaldi baterako deia egin nahi dugu ekainaren 17rako. Bi-hiru hamarkadetan Zero Zabor norabidean urratsak egiteko oztopo izango litzatekeen erraustegirako proiektua bertan behera gera dadin eskatuko dugu.
Kolorea, etorkizuna, iraunkortasuna, konpromisoa eta itxaropena. Hori da egingo dugun eskaintza eta aldarria. Elementu horiek guztiak islatuko ditugu bertan, milaka herritarrok gorpuztuko dugun mosaiko erraldoi baten bidez, kolorezko haize errota erraldoia irudikatuko duen mosaikoaren bidez".
Iraunkortasuna
"Aire garbiak bira dezan eskatzen duen haize errota koloretsua irudikatuko dugu bertaratuko garen guztion artean. Naturak dauzkan zikloak gure ekonomiak barnera ditzan eskatuko dugu, errotaren mugimendu zirkularrarekin. Errotak haizearekin egiten duen bezala, naturan dauden baliabideak, natura kaltetu gabe erabiltzea aldarrikatuko dugu".
Konpromisoa
"Haize errota, herritar guztion artean osatuko dugu. Herritarren konpromisoa eskatzen du horrek. Milaka herritarren konpromisoa. Ekainaren 17an gure lekua hor dagoela aurrez erakutsiko dugu. Horretarako gutako bakoitzak mosaikoa osatzeko banatuko ditugun piezen bidez hartuko dugu lekua eta bertan egoteko konpromisoa. Hau guztia aurrera eramateko, herri guztietan lantaldeak osatzeko deialdia egingo dugu. Etorkizunak konpromisoa eskatzen duelako. Ezin dugu ikusle hutsak izan. Ezin dugu haizeak hostoak bezala, nora eramango gaituzten zain geratu".
Kolorea, etorkizuna eta itxaropena
"Kolorezko haize errota erraldoiaren bidez, etorkizuna aldarrikatu nahi dugu, itxaropena.