'Atez atekoa stop' herri plataformak kale bilkura egingo du Arrasaten

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko maiatzaren 22a

Atez atekoaren kontrako Arrasateko herri plataformak kale bilkura egingo du eguaztenean 18:30ean udaletxe aurrean. Atez atekoa stop lelopean, hiri hondakinak batzeko bosgarren edukiontzi marroia (organikoa jasotzekoa) Arrasaten jartzea aldarrikatuko dute eta Bildu eta Aralarrek osatzen duten Udal gobernuari eskatuko diote "Arrasaten ez jartzeko atez atekoa". Herri plataformaren sustatzaileek diote, dagoeneko, 3.500 sinadura batu dituztela herrian, atez atekoaren kontra eta "birziklapenaren alde".

"Orain arte arrasatearrei pultsua hartu diegu eta oso babestuak sentitu dugu geure burua, sentsibilitate eta adin ezberdineko herritarren babesa jaso dugulako. Horregatik, beste urrats bat eman nahi dugu orain, eta kalera aterako gara. Herritarrei dei egiten diegu alkateari eta Udal gobernuari, argi eta garbi esateko, atez atekoari, ez!". Halaxe diote sustatzaileek.

"Egoerarekin kezkatuta"

Diote, Atez atekoa stop herri plataforma otsailean sortu zela, Arrasaten atez atekoa ezarriko zutela iragarri zuenean alkateak. Harrezkero, diote, "egoerarengatik kezkatuta", hainbat herritar batzartzen hasi dira, gaia aztertu eta "atez atekoaren kontra egiteko".

Atez atekoaren aurka azaltzeaz gain, bosgarren edukiontzi marroia ezartzea eskatzen dute.

Bestalde, beste herri batzuetan sortu diren herri plataformekin bat egin dutela diote; hala nola, Bergara, Oñati edota Zarautzekoekin. Herritarrei dei egiten diote haiekin bat egin dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak