Oscar Rodriguez Vaz: "Urteak beharko ditugu elkarbizitza lortzeko, baina okerrena lortu dugu, ETA amaitzea"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mai. 18a, 02:00

Zazpi urte daroatza Gasteizko Legebiltzarrean. PSE-EEko legebiltzarkide taldeko idazkaria da. Arrasaten bizi izan zen 16 urtera arte, familia Gasteizera joan zen arte. 35 urte ditu. Egungo egoeraz, hauteskundeez, gobernu sozialistaren bakardadeaz… dihardu.

Arrasatearra eta sozialista izanik, bereziki sufrituko zenuen Isaias Carrascoren heriotza, ezta?

Bai. Gertuko nuen. Gure futbol entrenatzailea izan zen San Andresen. Entrenatzaile ona. Asko maite genuen. Pertsona ona zen. Beti egin zuen lan auzoaren eta herriaren alde. Penagarria izan zen haren hilketa. 

Zelan gogoratzen duzu hilketa hura?

Madrilen nengoen, Senatuan, batzar batean. Halako batean, San Andresko lehengusina batek deitu zidan berria emateko. Oso gogorra izan zen. Haren familiarekin harreman handiak geneuzkan. Ulergaitza izan zen Isaias Carrascoren hilketa. Langilea zen. Hil zutenak ez dira ez ezkertiarrak eta ezta abertzaleak ere. 

Bakearen eta Elkarbizitzaren gaineko biltzarra egin dute egunotan Bilbon. Zertarako balioko du?

Txarrena pasatu da. Bortizkeria, hiletak, atentatuak… Baina zailena da elkarbizitza eta berradiskidetzea. Horretarako da kongresu hau, beste aurrerapauso bat.  

Urrian iragarri zuen ETAk jardun armatua uzten zuela. Ordutik hona, bakea eta normalizazioa lortzeko nahikoa aurreratu da?

Gauzak astiro doaz, baina normala da. 75 urte eman ditugu askatasun barik: Francoren eta ETAren bortizkeria jasan behar izan ditugu. Orain, hilabete batzuetan, dena konpontzea zaila da. Lasaitasunez egin behar ditugu gauzak. Egoera berrira egokitu eta gero gerokoak. Urteak beharko ditugu elkarbizitza lortzeko. Okerrena bukatu da. Hori da inportanteena. 

Raxoik keinu ageriko batzuk egin beharko lituzke?

Agian, Zapaterok beste modu batera jokatuko luke. Baina Raxoi dago agintean eta hari dagokio urratsak egitea. Kartzela politikak malguagoa izan beharko luke. Baina, etorkizunari begira, ezker abertzaleari lasaitasuna eskatuko nioke. Urte askoan jasan izan dugu ETAren bortizkeria, eta orain, bat-batean, ezin dezakegu dena ahaztu. Orrialde asko ditu liburuak eta patxadaz irakurri nahi ditugu orrialde guzti-guztiak. Zubi asko berreraiki behar ditugu oraindik.

Legealdi hau agortuta dago?

Gutxi geratzen zaio. Azken urtean gaude. Baina ez dago agortuta. 15 lege geratzen zaizkigu onartzeko. Lan asko daukagu egiteko. Aste honetan, esaterako, Udal Legearen emendakinak aurkezteko epea zehaztuko dugu.

Legealdi honetan Udal Legea onartzeko itxaropenik?

Gobernuak egin du berea: legea egin eta Legebiltzarrera bideratu. Orain, indar politikooi dagokigu hori adostea. Oso inportantea da udalen autogobernua ere zehaztea eta gure erakundeen egitura berritu eta finkatzea. Lurralde Historikoen Legea badaukagu, baina ez Udal Legea. Eta beharrezkoa zaigu. 

PPren babes barik, zeinekin adostuko dituzue ondorengo hilabeteotan aipatzen dituzun lege horiek?

Denekin egingo dugu berba. Egia da PPrekin ituna eta tratu berezia izan dugula, baina EAJrekin, EArekin, Aralarrekin eta Ezker Anitzarekin ere gauza asko adostu ditugu.

Lopezen Jaurlaritza hilda dagoela dio Urkulluk.

Hiru urte daroatza hori esaten. Lehen egunetik: euskara bukatuko genuela, autogobernua amaituko genuela… 

Inkesten arabera ere, herritarrek ez diote babes handirik ematen lehendakariari…

Bi helbururekin ailegatu ginen Ajuria Enera: bortizkeria amaitzea eta normaltasuna ekartzea, hain zuzen. 

ETAren desagerpena lehendakariaren meritua izan da?

Ez bakarrik lehendakariarena, baina badu meriturik. Eta gogoratu behar dut ETAk utzi diola Zapatero eta Lopez gobernuan zirela. Lehendakariak ez du ekarri bakea herri honetara, baina Lopez lehendakari izan ez balitz, agian, atzeratu egingo zen ETAren amaiera.

ETAren amaieraren iragarpenak lehendakaria Euskal Herritik urrun harrapatu zuen.

Gauzak ez dira gertatu egun batetik bestera. Baina gure helburua bazen legealdi honetan bakea lortzea. Eta horretarako hainbat politika jarri genituen indarrean, elkarbizitza lantzeko eta bortizkeriari balioa eta legitimazioa kentzeko. Bi helburu horiek bete dira. Horregatik diot Urkulluk ez duela arrazoirik.

Merezi du egoera honetan jarraitzea? Krisi ekonomiko gogorrarekin eta PP ere kontra edukiz?

Bai. Oraindik badauzkagu esku artean egitekoak: elkarbizitza landu, autogobernua defenditu Raxoi egiten ari den murrizketen aurrean, krisiari aurre egiteko neurriak hartu eta herri eredu berria planteatu. 

Lopezi leporatzen zaio Madrilera begira egotea eta gutxiago hemengo arazoei begira.

Lehendakariak autogobernua eta hemengo interesak defenditzen dihardu. Raxoirena ez da doikuntza ekonomikoa, ideologikoa baizik. Hiru mailatan gertatzen da hori, gainera: hezkuntzan, osasunean eta lan alorrean; erakundeei dagokienez ere bai, autogobernua urratuz; eta azkenik, diskurtso mailan. Lehendakaria ari da doikuntza ideologiko horri aurre egiten. 

Hori hala bada ere, zergatik aritu zarete PPrekin eskutik?

Helburu handiena lortzeko bidelagun izan dugu. Lehendakaria Ajuria Enera iritsi zenean ETAk berearekin jarraitzen zuen. Puelles guardia zibilaren hilketa gogoratu besterik ez dago. Orduan zentzua zeukan PPrekin ituna egitea. Azkenaldian, berriz, ez. Raxoi Madrilen agintean dagoenetik bereziki. 

Aurrekontuak lantzeko unea helduko da udazkenean, eta hori izan daiteke mugarria. Ze aukera geratuko zaio lehendakariari?

Ez nago lehendakariaren buruan eta hari dagokio hauteskundeak deitzea. Baina urte askoan ikusi dugu aurrekontuak luzatzen Ibarretxe. Edozelan ere, ez gara lurrean tarrasean ibiliko. Adostasunak bilatuko ditugu, baina lortzen ez badugu, etxera! 

Basagoitik dioen moduan, burujabetzaren aldeko poloa osatuko dute EAJk eta Amaiurrek?

Ez dakit. Nire desioa da etorkizuneko eztabaidak ezker-eskuin parametroetan egitea.

Amaiurrekin bat etorriko zaretela esan nahi duzu?

Bortizkeria amaituta, elkarbizitza landu behar dugu, baina eztabaida sozialak ere bai. Zerga politika eta abar. EAJk eta PPk eskuineko politikak defenditzen dituzte.

Irudikatzen duzu zuek Amaiurko lehendakarigai bat babesten?

Asko geratzen da horretarako. Batez ere, elkarbizitza berreskuratzeko urrats asko. Bide luzea daukagu elkarlanerako. Orain ez dut posible ikusten PSE-EE eta Amaiur bat etortzea eta guk haien lehendakarigaia babestea. Etorkizunean, inoiz, posible izateko lan egitea tokatzen da oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak