Eguenean hasiko da hondakinen gaineko informazio kanpaina, Santa Marinan

Ubane Madera 2012ko apirilaren 27a

Auzoz auzo egingo dituzten hitzaldi informatiboekin abiarazi behar du Arrasateko Udalak hondakinen gaiaren inguruan herrian egin behar duen informazio kanpaina. Hitzorduak zehaztuta ditu: lehenengoa datorren eguenean, maiatzaren 3an izango da, Santa Marina auzoan, 19:00etan (Santa Marina eta Makatzenakoendako). "Hondakinekin dugun arazoaren muina zein den eta Udalak Atez ateko bilketa sistemaren alde zergatik egiten duen azalduko da".

Hurrengo hitzaldiak honako egunetan dira: maiatzaren 10ean, Musakolan, hango Herri Eskolan (Musakolakoendako); maiatzaren 17an, Kulturateko areto nagusian (Gelma, Zerrajera eta erdigunekoendako); maiatzaren 23an, Etxaluzeko erretiratuen etxean (San Andres auzokoendako); maiatzaren 24an, Arimazubin (Erguin, Uribe auzoa eta Arimazubikoendako) eta maiatzaren 30ean, Kulturateko Loramendi aretoan, nekazaritza auzokoendako. 

Zero zabor filosofia

"Udalak behar beharrezkoa ikusten du zero zabor politikan oinarritutako hondakinen kudeaketa ezartzea. Baina momentu honetan, eta helburu horretara begira, hondakinak gaika biltzea da dugun aukera bakarra. Argi dago gaur egun dugun bilketa sistema dela hondakinekin dugun arazoaren eragile nagusietako bat eta Arrasateko Udalak une honetan eraginkorrena den sistema, atez atekoa,ezartzearen aldeko apustua egin du. Maiatzeko hitzaldi horien helburua da, honi guztiari buruz informatuz, arrasatear guztiei aukera ematea gai honen oinarrian dagoen arazoaz jabetzeko. Arrasatear denok dugun arazoaz kontziente izaten bagara, guztiok izango garelako irtenbidearen parte", esplikatu dute udal iturriek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak