Zaborraren kudeaketaren gaineko kontseilua sortu behar dute

Ubane Madera 2012ko apirilaren 24a

Hondakinen kudeaketa lantzeko kontseilu informatiboa sortu behar du Arrasateko Udalak, "hondakinen kudeaketak dituen arazoak ezagutu ostean, Arrasateko eragileek iritzia ematea eta proposamenak egitea" helburu duena. Herriko elkarte, ikastetxe, auzo-alkate, alderdi politiko, sindikatu eta bestelako eragileri dagoeneko egin diete parte hartzeko gonbita. Eta horiekin batera, herritarrez osatutako zerrenda bat zabaltzea erabaki dute. Parte hartzeko interesa daukanak maiatzaren 3ra arte eman ahal du izena, BAZen (943 25 20 00).

Izena ematen duten herritarren artean zozketa egingo du Udalak, "sei zonaldetan banatu da herria eta auzo bakoitzeko bi ordezkari aukeratuko dira adina, generoa eta beste kondizio batzuk kontuan edukita".

Lau saio

Maiatzaren 3aren ostean, kontseilua osatu eta lau pauso ematea proposatu dute:

  1. Saioan, maiatzaren 8an prozesuaren aurkezpena egingo dute.

  2. Saioan, maiatzaren 15ean, aztertuko dute zaborraren hierarkia Europako legerian eta bere garrantzia: “murrizketa, berrerabilpena, birziklapena, balorazio energetikoa eta eliminazioa”. “Pausu bakoitzarentzat lortu nahi diren emaitzen inguruan adostasun bat lortzea izango da xedea. Prozesu guztiaren gakoa hementxe dagoela iruditzen zaigu. Hemen behar adina sakondu beharko genuke, behar adina denbora emanez saio eta zati honi”.

  3. Saioan, maiatzaren 22an, eragileen proposamenak aurkeztuko dituzte, “datu ekonomikoak ahal den neurrian emanez”. Eta proposamenen analisia lantzen hasiko dira, “batik bat eraginkortasun mailari begira”.

  4. Saioan, maiatzaren 29an, analisiarekin segitu eta proposamen guztietatik “eraginkorrena den sistema aukeratu. “Ondorioak atera eta ahal den eta adostasun handiena lortuko duen sistema aukeratu”.

Elkarteak, alderdi politikoak, ikastetxeak…

Kontseiluan parte hartuko dutenen behin-behineko zerrenda eginda dauka Udalak, arloz arlo antolatuta. Esaterako, hezkuntzan Arizmendi Ikastola, Arrasate Eskola eta Mondragon Unibertsitatea gonbidatu dituzte. Elkarteen artean, berriz, Ekologistak Martxan, Emakume Txokoa, Gaztetxea, Abaroa eta Al-Andalus, batzuk aipatzearren. Merkataritza-Industrian, Ibai Artek, Eroskik, BMk, Fagorrek, Ospitaleak… jaso dute gonbitea. Auzo alkate eta hiri-alkate guztiak ere gonbidatuta daude, baita alderdi politiko zein sindikatuak ere eta zela ez, Zero Zabor taldea eta atez atekoaren aurkako plataformak.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak