Hasteko, esan zuten Bilduren inposizio bat izan dela, izan ere, Bilduk gehiengo absolutua duen Gipuzkoako 34 udalerritan ezarriko du atez atekoa.
Sistema garestiagoa izango dela ere gaineratu zuten sozialistek: "Atez ateko sistema garestiagoa da, pertsonaleko kostu gehiago dauka eta gaur egungo sistema baino langile gehiago behar ditu. Gainera, orain arte edukiontzietan eta kamioietan egindako inbertsioek, besteak beste, ez dute ezertarako balioko" esan zuen Susana Corcuera PSE-EEren Gipuzkoako Udal Politika arduradunak.
Atez atekoa osasunaren kalterako izango dela ere gaineratu zuten. Izan ere, euren esanetan garbiketa gehitu egin behar izan da orain arte atez atekoa ezarri den herrietan: "Hernaniko eguneroko garbiketa %40 igo behar izan da eta ez gara datu horiek asmatzen ari, udalean daude eskatzaileen eskura" zioen Corcuerak.
Sozialisten Gipuzkoako Udal Politika arduradunak baita ere salatu zuen atez atekoa ez dela batere sistema erosoa. Esan zuen herritarrok kontsumo ohiturak aldatu beharko ditugula hondakinak ateratzeko egunak kontuan hartuta, eta gainera, norberak bere etxeko kuboa garbitu beharko duela.
Inpaktu bisual eta estetiko handia ere ekarriko zuela esan zuen Corcuerak. Eta gaineratu Bilduk esaten duen hondakinen %85 eta %90aren birziklapenaren datua ez dutela lortu ez Austrian, ez Alemanian, ez Holandan ezta Belgikan ere, birziklapenean eta konpostajean maila onena duten herrialdeetan. Herrialde horietan %60 eta %70 artean birziklatzen dutela azaldu zuen Corcuerak.
Bosgarren edukiontziaren alde
Horrenbestez, berretsi zuen sozialistak bosgarren edukiontziaren alde daudela: "Ulertzen dugulako bosgarren edukiontziaren sistema garbiagoa, iraunkorragoa eta ekonomikoagoa dela. Gainera, dagoeneko eginda dauden inbertsioak amortizatuta daude eta sistema erosoagoa eta estetikoagoa da".
Bildu eta EAJrendako mezuak
Atzoko hitzaldian sozialistek salatu zuten Bilduk ez duela alternatibarik hondakinen kudeaketan, ekintza burugabea dela eta ondorio kezkagarriak ekarriko dituela.
Bestalde, EAJri eskatu zioten zentzuz jokatzeko, Bildurekin daukan elkarlana apurtzeko eta ardura politikoa hartzeko, izan ere, Corcueraren esanetan hiri hondakinen kudeaketaren arazoari irtenbidea bilatu behar zaio partidu politiko arduradunen artean.