Hondakinen kudeaketaren gaineko hitzaldia egingo du PSE-EEk

Leire Kortabarria 2012ko apirilaren 13a

PSE-EEk "itxurakeria garestitzat" jo du Arrasateko Udalak hondakinen kudeaketaz iragarri duen kanpaina informatiboa. Bere iritziz, "atez atekoaren aldeko propaganda hutsa" izango da. Horrekin lotuta, hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia antolatu du, eta debagoiendar guztiak gonbidatu ditu bertara. 

"Ez gaude batzorde informatiboen kontra, baina dagoeneko hartuta dauden erabakien inguruko itxurakerietan ez dugu parte hartuko", esan du Paco Gartzia sozialistak, Udaleko Ingurumen batzordekideak. Gainera, kanpaina horrek izango duen "kostu handia" salatu du, 40.000 eurotik gora, eta "atez atekoaren aldeko propaganda hutsa" dela esan du.

PSE-EErendako, iragarritako kanpaina "Bilduk Arrasaten atez atekoa inposatzeko egin duen ibilbide-orriaren zatia" da. Ibilbide horren hasiera 2010eko maiatzean kokatzen du PSE-EEk, "atez atekoa ezartzearen aldeko txostena onartu zuenean Mankomunitateak".

Gartzia Rayak honakoa gaineratu du: "Ez da egia atez atekoarekin %80 birziklatzen dela. Atez atekoa eta bosgarren edukiontzia bilketa-sistemak dira eta, hortaz, batekin zein bestearekin ezer ez da birziklatzen".

Onartu ondoren Gipuzkoa dela "bilketa selektiboan aurreratuen" dauden lurraldeetako bat, PSE-EEk "kezkatuta" dagoela esan du, "batzuek iruzur egiten ikusten ditugulako, zaborra negozio errentagarri bikain bihurtu den susmoa dugulako".

Debagoien osorako hitzaldia Arrasaten

Martitzenean, hilaren 17an izango da, Arrasateko Etxaluze erretiratuen egoitzan, 19:00etan. Hizlariak hauek izango dira: Susana Corcuera, PSE-EEren Gipuzkoako Udal Politika arduraduna, eta Manuel Blazquez ingurumen teknikaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak