Udalaren azalpena hondakinen gaiari buruz
Azkenaldian denon ahotan den hondakinen gaiak jasan duen garapena dela eta, hainbat ideia aipatu nahiko genituzke, gehienbat urduri edota arduratuta sentitu diren arrasatearrei azalpenak emate aldera .
Argi utzi nahi dugu, lehendabizi, behar-beharrezko ikusten dugula zero zabor politikan (hau da, ahalik eta zabor gutxien sortzean) oinarritutako hondakinen kudeaketa ezartzea.
Sortzen ez dena da hondakinik hoberena eta hori lortzera joan behar dugu, baina oraindik lan asko egin beharko dugu denok puntu horretara heltzeko. Sortzen ditugun hondakinak gaika biltzea da orain dugun bide bakarra eta, momentu honetan, sistema eraginkorrena Atez Atekoa da.
Hauteskunde aurreko kanpainan ere azaldu genuen Udal gobernua eskuratuz gero zaborrarekin dugun arazoa konpontzeko sistemarik eraginkorrenaren alde egingo genuela. Bada, emandako hitza ari gara betetzen.
Egun dugun praktikak erakusten digu herritarren iritzi eta jarrerak ez direla nahiko emaitza esanguratsuak lortzeko. Horregatik ezin dugu gai hau herritarren borondate hutsaren esku utzi; urte gehiegi daramagu birziklatze tasak handitu gabe eta erabakiak hartu behar ditugu denborarik galdu gabe.
Hondakinak biltzeko sistema egokiena jarriko dugu martxan eta arrasatearrek modu aktiboan parte hartzea nahi dugu. Horretarako, baina, lehendabizi denok izan behar gara kontziente zaborrarekin dugun arazoaz: Arrasatear denok arazoaren jabe bihurtzen bagara, guztiok izango gara irtenbidearen parte.
Hain zuzen ere, arazoaren muina ondo azaltzeko helburu horrekin, maiatzean Debagoiena osoan hondakinen gestioaren inguruko informazio kanpaina bat hasiko da. Mankomunitateak apirilaren 26an esleituko dio enpresa bati informazio lan hori egiteko lana. Orduan kaleratuko dira orain arte irten ez diren gaiak: zenbat hondakin sortzen dugun, zenbat birziklatzen dugun, hau da, zenbat berrerabili edo birziklatzen dugun edo, zenbat bideratzen dugun errauskailura, zer koste duen oraingo sistemak, zer zerbitzu ematen diegu komertzio eta industriei…
Aldi berean, herriko eragile desberdinekin Kontseilu bat eratuko da. Kontseilu honetan hondakinen kudeaketarako dauden sistema desberdinen arteko konparaketak egingo dira. Helburua da ahal den eta adostasun maila altuena lortzea eta txosten bat idaztea udalarentzat. Ekainean erabakiko du Arrasateko Udalak hondakinak biltzeko zein sistema jarri, Kontseilu horretan sortzen den txostenean jasotakoa kontuan hartuz.
Egia da hainbat herritarrek informazio faltaren sentsazioa transmititu digutela, hondakinen gaiarekin lotuta jaso dugun eskaera garrantzitsuena informazioaren beharrarena izan dela. Halaber, argitu nahi dugu informaziorik ez dela egon inor ematen hasi barik zegoelako, besterik gabe. Maiatzean hasiko den komunikazio planak bermatzen du epe motzera:
• Arrasatearrei informazioa banatuko zaiela eta esplikatuko zaiela argi eta garbi hondakinak biltzeko sistema aldatu nahi izatearen arrazoia.
• Hitzaldiak eta azalpen guneak antolatuko dira.
• Dagoeneko sistema aldatuta duten herriak bisitatzeko irteerak antolatuko dira.
Aurrerago etorriko dira:
• Informazio bulegoak zabaltzea Arrasaten.
• Hainbat gauza erabakitzeko aukera, parte hartze kontsultatze fase baten bidez.
• Informatzaileak egotea herritarrengandik hurbil edozein zalantza argitzeko.
• Arrasaten inkesta bat egingo da sistema berriaren ezarpena egin aurretik sortzen diren kezka, zalantza eta jarrerak neurtzeko. Sistema ezarri eta handik urte betera inkesta hori errepikatu egingo da, ebaluatzeko herritarren jarrerak zein norabide hartzen duen eta zalantza edo kexak nondik datozen ezagutzeko. (Hain zuzen ere, gaur, 2012ko apirilaren 11ean, Antzuolan herritar guztiekin egingo dute bilera zabal bat balorazio hau egiteko).
Dena den, lehen aipatu bezala, apirilaren 26an esleituko du Mankomunitateak komunikazio plan honen lana. Orduan jakingo ditugu zehaztasunez aipatu ditugun ekimen hauen guztien datak, lekuak eta moduak.