Atez atekoaren harira askotariko eztabaida nagusi gaurko osoko bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko martxoaren 27a

Mozioak izan dira protagonista gaurko ezohiko osoko bilkuran. Mozioak eta eztabaida, izan ere, bi ordu luzez aritu dira alderdi ezberdinetako zinegotziak mozio ezberdinen gainean eztabaidatzen. Eta mozioen artean, ekaineko osokoan onartzekoa den hondakinak kudeatzeko atez ateko sistemak eragin du eztabaida gehien. Bestalde, bitxikeriendako tartea ere utzi du gaurko plenoak: EAJko Ibon Arrupe berbetan zegoela, bozgorailu batek su hartu eta keagatik denbora batez eten egin behar izan dute saioa.

Azken hilabeteetan egindako moduan, talde sozialistak atez atekoaren gainean mozio berri bat aurkeztu du. Sistema "zikina, itsusia, garestia, deserosoa eta ez-eraginkorra" dela esateaz gain, Aritz Arrieta PSE-EEko bozeramaileak Inazio Azkarragaurizar alkateak sinatutako bandoa –nondik norakoak jakiteko klikatu hemen– gogorki salatu du: "Bandoa premiazko informazioa herritarrei helarazteko Udalaren bitartekoa da, eta ez udal gobernuaren propaganda egiteko bidea. Alkateak azalpenak eman beharko lituzke eta barkamena eskatu inongo frogarik gabe gezurra esan dutela leporatu dion herri-plataformari".

Arrietaren adierazpenei erantzuteko Iraia Sola Bilduko bozeramaileak hartu du hitza: "Azkenaldi honetan sinadura bilketa kanpaina bat jarri omen da martxan, atez-ateko bilketa sistemaren aurka egiteko. Bilketa hauek zilegiak eta oso interesgarriak dira baldin eta egietan oinarritzen badira. Eta hainbat herritar gezurren bidez aritu da hainbat herritar, ekimen horrek izan zezakeen sinesgarritasuna galduz". Hala, atez atekoaren gainean esan diren "gezurrei" atalez atal erantzun dio Solak; besteak beste, edukiontziak kenduko direla ukatu du: "Erropen, olioaren, beiraren eta agian, paperarena ez direlako desagertuko. Hori herritarrek erabakiko dute". Azkenik, "dagokion informazioa dagokion erritmoan" emango dutela ziurtatzeaz aparte, gaineratu du sistema ez dela zikina, zikinak pertsonak direla baizik.

Mozioa ez da onartu: PSE-EE eta EAJk alde bozkatu dute (8) eta Bildu eta Aralarrek kontra (11).

Bestalde, EAJk beste mozio bat aurkeztu du atez atekoaren kontra. Jeltzaleen bozeramaile Juan Karlos Garitanok, Bilduri honakoa eskatu dio, besteak beste: "Proposatzen duzuen zabor bilketa sistema ulertzen dugu ez dela erabaki politiko bat izan behar, kaltetuak biztanlegoa guztia izango garelako. Ipini dezagun biztanlegoa aurretik". Gainera, herri kontsulta ez egitea salatu du: "Beti exigitu duzue eta kontsularen alde egon zarete, eta orain? Zuen ezezkoarekin arrasatearron erabaki demokratikoari beldurra diozuela ematen du. Zergatik demokraziari beldur hori?".

Mozio hori ere ez da onartu: EAJk alde (4) eta Bildu, PSE-EE eta Aralarrek aurka (15).

Lan erreforma, utzarazpenak eta Bateragune auzia

Beste hainbat mozio ere aurkeztu dira. Besteak beste, lan erreformaren aurkako eta martxoren 29ko greba orokorraren aldeko mozioa aurkeztu dute Bildu eta Aralarrek; aurrera egin du Bildu eta Aralarren aldeko botoekin (11), EAJren kontrako botoekin (4) eta PSE-EEren abstentzioarekin (4). Mozio horren alternatiboa aurkeztu du EAJk baina ez du aurrera egin: EAJ eta Aralarrek alde bozkatu du (5), PSE-EEk kontra (4) eta Bilduk abstenitu egin da (10).

Gainera, etxeetako kaleratzeen aurkako mozioa ere eztabaidagai izan da gaurkoan: Bildu, PSE-EE eta Aralarrek alde bozkartu dute (15) eta EAJ abstenitu egin da (4). Maria Ubarretxena zinegotzi jeltzaleak salatu du mozioan Kutxa entitatea aipatzen zela, beharrezkoa ez zenean.

Azkenik, Bateragune auziaren gaineko mozioa aurkeztu dute Bildu eta Aralarrek. Iraia Solak Euskal Herriak bizi due "aro berria" aipatu du eta une honetara heldu ahal izateko Bateragune auziko inputatuek egindako lana "ezinbestekoa" dela gaineratu du: "Bateragune auzian Entzutegi Nazionalak emandako ebazpena bertan behera utzi eta Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto aske uzteko eskaria egiten dugu".

Itzultzailea, aldiberean eta zinegotzien ondoan

Bitxikeriarik ere izan dugu gaurkoan. Ibon Arrupe zinegotzi jeltzalea berbetan zela, aretoko bozgoirailu batek su hartu eta keagatik une batez eten egin behar izan dute saioa. Hala, itzultzaileak aldiberean eta zuzenean egin behar izan die itzulpena euskaraz ez dakiten PSE-EEko zinegotziei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak