Udal gobernuaren bandoa:
"Jakin dugunez, azken egunotan Santa Marina auzoan zenbait pertsona etxez etxe sinadurak biltzen aritu dira atez ateko sistemaren aurka. Herri ekimenak eta iritzien kaleratzea beti dira aberasgarri administrazioan gestio lanetan gabiltzanontzat, baldin eta parte-hartze hori egian oinarritzen bada; arrasatearron iritzia jasotzeko modu praktiko bat da guretzako.
Baina jendearen atxikipena jasotzeko gezurra erabiltzea ez da bidezkoa eta pertsona hauek atez ateko hondakinak biltzeko sistemaren inguruko zenbait gezur esaten aritu dira Santa Marinako auzotarrei. Hiru aipatzearren:
- Sistema hau ezarriz gero hondakinen tasa 100 euro garestituko dela.
- Hondakinak ez dagokien egunean jaisteagatik isunak jarriko zaizkiela.
- Ezarriko diren ordutegietan hondakinak jaisteko arazoak egongo direla.
Ekainean hartuko du Udalak Atez-Atekoaren inguruko erabakia. Erabaki horrek oinarri sendoak izan ditzan, kontseilu bat osatzen ari da hondakinen arazoaren inguruan proposamen ezberdinak jaso eta aztertzeko. Kontseilu horretan alderdi politiko guztiak eta herriko eragileek hartuko dute parte ( enpresak, komertzioak, adituak). Bertan ateratzen diren ondorioak txosten batean jaso eta oso kontuan hartuko dira osoko bilkurak erabakia hartzerakoan.
Beraz, momentuan, oraindik ezer ez dagoenean zehaztuta (are gutxiago balizko Atez-Ateko sistemaren funtzionamendua) inongo oinarririk ez duten baieztapenak eginez aritu dira Santa Marinan etxez etxe: Arrasatearrekiko errespetu eta seriotasun faltaren seinale.
Gauzak horrela, hondakinen tasa garestituko denik ezin du inork baieztatu, ezta isunen eta bilketa ordutegiaren gaiaren inguruan esandakoak. Are gehiago, atez ateko hondakinen bilketa sistema jartzekotan, Udalak aurrerago Arrasateko auzo guztietan eztabaidak zabalduko ditu sistemaren funtzionamendua zelakoa izango den erabakitzeko.
Zaborrarekin dugun arazoa konponduko dugu, denon onerako eta denon artean. Guztien proposamenak dira ongietorriak, baldin eta hondakinen kudeaketa eraginkor bat lortzera planteatutakoak badira. Lekuz kanpo daude, aldiz, gai honekin zerikusirik ez duten interesen mesedetan bultzatutako ekimenak.
Atez atekoaren inguruan eztabaidatzeko aukera izango duzue eta aurrez informazio nahikoa jasoko duzuela ziurtatzen dizuegu. Horregatik, eskatzen dizuegu ez uzteko inork gezurrekin larritu eta manipulatu zaitzaten. Gauzak ongi egitekotan, beldurra eta presa alde batera utzi behar ditugu.
Bada garaia gauzak ondo egiten hasteko. Herri kudeaketan lanean gabiltzanok etsenplua ematen saiatuko gara, gauzak ahalik eta hobekien eginez. Osasunak eta ingurumenak eskertuko digu denoi".