Iker Letona: "Estresa kentzeko bikaina da kenpoa, eta edonori gomendatuko nioke"

Irati Goitia 2012ko mar. 27a, 13:26

Asteburuan jokatu dira, Eskoriatzan, Gipuzkoa eta Euskal Herri mailako kenpo txapelketak. Horietan hartu du parte Iker Letonak; izan ere, hamahiru urte daramatza kenpoa praktikatzen, baina gu ez gara txapelketez jardun harekin, borroka artearen beraren gainean baizik.

Kenpoa ez da oso kirol ezaguna. Zer da kenpoa?

Defentsa pertsonalean oinarritutako borroka artea da eta esan daiteke nahasketa bat dela. Izan ere, arte martzial mota bana ezagutzen zuten bi monjek garatutako borroka artea da. Zehazki, Txinatik ihesi Japoniara joan zen monje bat monje japoniar baten lagun-min egin zen eta elkarri erakutsi zioten norberak zekien borroka artea, eta hortik garatu zuten kenpoa. Ondoren, monje japoniarrek belaunaldiz belaunaldi transmititu zuten ezagutza. II. Mundu Gerraren garaian, baina, gainerakoei ere erakusten hasi ziren, eta hortik hedatu zen mundu guztira.

Zeintzuk dira kenpoaren ezaugarri nagusiak?

Uneoroko bilakaera da ezaugarri nagusia. Borroka arte tradizional batzuetan ez da bilakaerarik izaten. Gu, berriz, gauzak hobetzen eta aldatzen joaten gara; pertsonaren gaitasunetara egokitzen da kenpoa. Adibidez, norbaitek elastikotasunik ez badu, ezin diozu buruan ostiko bat ematen erakutsi. Bilatzen dena da nork bere dohainak esplotatzea. 

Bestalde, beste borroka arte batzuk, adibidez judoa, lehiaketetara bideratzen dira. Guk ere lehiatzen dugu, baina ez da hori xedea.

Borroka gogorra da?

Kenpoaren beste oinarrietako bat proportzionaltasuna da; parekotasuna bilatzen da. Arerioaren gogortasunaren arabera, irmoago jokatzen duzu edo ahulago; parekatu egiten da jokoa.

Zuk zeuk nola ezagutu zenuen?

Kasualitatez. Behin, lanean nengoela, gizon bat gerturatu zitzaidan (Pedro Martin) ea kenpoa egitera ausartuko nintzatekeen galdezka. Niri beti gustatu izan zaizkit borroka arteak; esaterako, karatea eta judoa eginda nituen aurretik ere. Baina, egia esan, ez nekien kenpoa zer zen. Hala ere, baiezkoa eman nion eta hala hasi nintzen eskolak hartzen Eskoriatzan Martinekin. Hasiera hartan, lau katu besterik ez ginen, baina lan handia egin da; besteak beste, nire oraingo maisu den Rafa Carrietek. Eskertzekoa da egin dutena. Eurek egindakoari esker, egun ezagunagoa da kenpoa. Hamahiru urte pasa dira ordutik eta lagun handiak egin ditut kirol honi esker. Oso aberasgarria izan da niretako.

Gure bailaran non egin daiteke kenpoa?

Eskoriatzan Kenpo Klub Atama dago eta hemen Arrasaten Ziorla Kenpo taldea dugu. Bestalde, Iñaki Zubillagak eskolak ematen hasi behar du Oñatin. Guk praktikatzen dugun metodoa da Kenpo Full Defense. Baina Kenpo Kai ere egiten da Euskal Herrian, eta askoz ere hedatuago dago, eskolak daude: Oiartzunen, Legazpin, Donostian, Nafarroako toki askotan... Txapelketetan nahastuta parte-hartzen dugu, ordea, ez gara asko kirol hau praktikatzen dugunak-eta.

Txapelketez ari zarela. Zuk zeuk ze lorpen izan dituzu?

Lorpenen bat edo beste izan dut, baina oso urduri jartzen naiz eta ez naiz inoiz emandakoaz erabat gustura geratzen. Nik uste dut txapelketak erronka moduan hartu behar direla eta norberaren gainditze bat izan behar dutela. Azken batean, nik ez diot garrantzirik ematen lehenengo postuan geratzeari. Lehia irabaz dezakezu eta eginikoarekin gustura gelditu ez. Edo bosgarren egin eta pozik bukatu.

Kenpoa ez da kirol ezaguna eta laguntzarik ere ez duzue jasotzen. Zerk ematen dizu aurrera jarraitzeko indarra?

Guk, txapelketetara joan behar izaten dugunean, geure poltsikotik jartzen dugu diru guztia eta  dirulaguntzarik ere ez dugu jasotzen. Beraz, argi dago ez gaudela hemen diruagatik. Niri kenpoak oso une onak eman dizkit. Laneko estresa kentzeko edo bizitzako une txarrak gainditzeko balio izan dit; kenpoa egitean arazoak kanpoan uzten dira. Estresa kentzeko bikaina da. Horregatik, edonori gomendatuko niokeen zerbait da. Kenpoan ez dago muga fisikorik, ezta sexuaren araberako ezberdintasunik ere. Edonork egin dezake. Futbolak epe motzagoa du, baina honek ez du mugarik. Nik ezagutzen dut 45 urterekin hasi eta txapelketa bat baino gehiago irabazi dituena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak