Rosi Otadui 'Katanga': "Tabernan Coca-Cola bi ateratzen nituen, txakurrarendako eta biondako"

Mirian Biteri 2012ko mar. 20a, 12:35

Kalera irteten den bakoitzean eskumara eta ezkerrera begiratzearekin batera, agurra du ahoan Rosi Katanga-k. Aurpegi ezaguna da Arrasaten, eta hura eta bestea agurtzen joaten da denbora osoan. Ezagunak, behintzat, ez zaizkio falta.

 

Katanga, nondik datorkizu ezizen hori?

Gurasoek taberna bat zabaldu zuten Arrasateko Maala kalean, Okendo jauregian. Orduan Belgikar Kongoarekin gerran zeuden, eta egunero irteten ziren horren gaineko albisteak; tartean, hango probintzia Katangari buruzko informazioa. Taberna inauguratu zenean, jende asko batu zen han, eta Katanga ematen zuela aipatu zuen batek baino gehiagok. Taberna berez Namur deitzen zen, baina jendeak Katanga izenarekin ezagutzen zuen. Hortik datorkit ezizena.

Orain dela urtebete pasatxo erretiroa hartu zenuen. Nolakoa da Rosiren egun bat?

Lanean nengoenean baino okupatuago nago orain. Orduak falta zaizkit. Paseatzea gustuko dut, eta goizetan taldetxo batekin hara eta hona joateko ohitura daukat; bizpahiru orduko ibilbideak egiten ditugu. Egunero, dena dela, ezin naiz joan, masajeak ere ematen ditudalako; hitzorduak dauzkadanean plana egokitu behar dut. Arratsaldean ere beti daukat zerbait; kantua ez denean beste zerbait izaten da.  

Nola gogoratzen dituzu Arrasateko ospitaleko errehabilitazio gunean lanean emandako urteak?

Primerakoak izan ziren; oso oroitzapen ona daukat. 37 urte eman nituen han lanean, eta milaka kontu bizi eta ezagutu ditut han. Jendea ezagutu dut, eta jendeak ni ezagutu nau. Gaixo askorekin tratatu dut, eta horiekin beti positiboa izaten saiatu naiz.

Bestalde, Aratusteak oso gustuko dituzu...

Hala da. Gainera, oso oroitzapen onak ditut: garai batean, playblack-a egin genuen hamar bat urtez. Baina ez ditut Aratusteak bakarrik gustuko, jai guztietan disfrutatzen dut nik. Garagardoaren jaia egiten dela, ba hara noa. Horietan egoten den giroa da gehien gustatzen zaidana.

Jaietatik kiroletara pasatuko gara. Mondra emakumeen taldearen sortzaileetako bat zara. Nolatan?

1983. urteko uholdeengatik hasi zen guztia. Hori abuztuan izan zen, eta horretan laguntzeko, urriaren 12an emakumezkoen arteko futbol partidua egitea pentsatu zen Iturripen, ezkonduen eta ezkongabeen artekoa. Ez nuen arazorik izan, futbolaz ezer ez banekien ere. Ezkongabeok irabazi genuen. 

Handik gutxira, Mondra taldekoek deitu zidaten jokalariei masajeak emateko. Baiezkoa eman nuen. Gero, Roman Lopezekin batera emakumezkoen taldea eratu nuen. Ideia zelan irten zen gogoratzen dut oraindik: Lopezi, seme-alabak ikastetxean jasotzerakoan, behin baino gehiagotan galdetu zioten talde bat sortzeko aukeraz. Taldearen 25. urteurrenean, omenaldi hunkigarria egin ziguten bioi. Denera, Mondrak hiru omenaldi egin dizkit. 

Futbola albo batera utzi duzu eta orain bestelako zaletasunak dauzkazu; tartean, kantuan ibiltzen zarela jakin dut...

Bi taldetan nabil: eguaztenetan parrokiako abesbatzarekin entseatzen dut. Taldearekin Erroman egon nintzen, eta Vatikanora joateko aprobetxatu genuen; dena dela, denbora laburra geneukan eta ez genuen Benedikto Aita Santua bisitatzerik izan. Dena dela, oparia eroan genion:  Arrasate herriko giltza, baina ez zen edozein giltza: Arrasate sarrailagilearena zen. Letoizko kilo erdiko giltza enkargatu nuen. Horrekin batera, horren esanahia azaltzen zuen pergaminoa ere sartu genion kutxatila berean. Horretaz gainera, martitzenetan eta eguenetan erretiratuekin egiten dut kantuan; eta hori gutxi balitz, eguenetan erretiratuendako gimnasia terapeutikoa ematen dut.

Ez duzu aspertzeko astirik?

Horrela da, bai. Eta tartetxo bat ateratzen dudanean filmak ikusteko erabiltzen dut. War horse filma da ikusi dudan azkena; txarto pasatu nuen hori ikusten, orain dela urtebete pasatxo hil zitzaidan Bolin txakurrarekin gogoratu nintzen-eta. Hamalau urte egon zen nirekin, eta beti egoten ginen batera. Tabernara joaten ginenean, Coca-Cola bi ateratzen nituen, bat niretako eta bestea harendako. Oso gustura hartzen zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak