Iñaki Etxezarreta: "Ikastolen hautua egitea ez da umea eskolan uztea kuota baten truke"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko mar. 9a, 01:00

Urretxuarra da, 56 urte ditu, eta ia bizitza osoa daroa ikastoletan. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko zuzendaria izana da. Duela bi urtetik, Elkar argitaletxearekin batera ikastolek sortutako IkasElkarko zuzendaria da. Ikastolen izaeraz, orainaz eta etorkizunaz dihardu. Izan ere, Arizmendi Ikastolak antolatuta berbaldia egingo du datorren eguaztenetan, 18:00etan, Arimazubi gunean, Arrasaten. Gu izateko ikastola egin izenburuaz.

Gu izateko ikastola egin. Zer esan nahi duzue?
Ikastolen gainean dihardugunean, berehala, euskara, euskal kultura, euskaldun hezkuntza… etortzen zaizkigu burura. Hori guztia da, hain justu ere, ikastolen arima eta motorra. Baina hori baino askoz ere gehiago badira ikastolak. Konplexuagoa eta aberatsagoa da. Geroago eta globalizatuagoa, indibidualagoa eta inpertsonalagoa den jendarte honetan, jendartea ez ezik herria ere egiten saiatzen gara. Horretarako, irakaskuntzak ematen du sekulako aukera. Eta gure kasuan, ikastolen ohiko eskaintzaz gain, saiatzen gara bilatzen gurasoek zelan parte har dezaketen gure proiektuan. Hori da garrantzitsua. Ikastolen hautua ez da umea eskolan utzi eta erabat ahaztea, kuota baten truke. Ikastolara mentalitate horrekin datorren gurasoak, seguruen, ez du hauturik onena egin. Gurasoak aktiboa izan behar du bere umearen hezkuntza proiektuan. Etengabe, tradizioa eta berrikuntza uztartzen gabiltza ikastolan, eta horretan, gurasoak ezinbestekoak dira.

Ikastolek bizi izan dute urte gogorragoak eta hobeak. Zein da une honetako egoera?
Ikastola bakoitzak du bere nortasuna eta euskal herriak ezagutzeko modua da ikastolak ezagutzea. Euskal Herriaren ugaritasuna islatzen dute ikastolek. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko zuzendaria izana naiz eta esan dezaket ez badituzu ikastola guztiak ezagutzen ez duzula Euskal Herria ezagutzen. Tuteratik Muskizera edo Baionatik La Puebla de Labarcarainoko tarte horretan dauden euskal herriak oso ondo islatzen dituzte ikastolek.

Zein da ikastolen etorkizuna?
Bi besok mugitzen dituzte ikastolak: batetik, zelan egonkortzen da, juridikoki eta ekonomikoki, ikastola mugimendu deitzen dugun hori? Izan ere, ahazten zaigu Gipuzkoaren barruan bizi dugun egoerak, esaterako, ez daukala zerikusirik beste lurraldeetan bizi den egoerarekin. Nafarroan, hainbat ikastola dago herio txarrean. Iparraldean, egoera egonkortzea lortu dute ikastolek, baina edozein unetan eror daitezke. Euskal Autonomia Erkidegoan zaila egiten zaigu ikastolei eustea edo berriak sortzea, hain justu ere, gobernuen aldetik presio gogorra daukagulako ikastolak ez daitezen hazi edo ugaldu.

Bigarren besoa?
Lotuta dago izaera berritzailearekin. Azkeneko urteotan erabaki estrategikoak hartu dituzte ikastolek. Eta horietako bat da euskal curriculuma. Curriculum euskalduna izateaz gain, irakaskuntza moderno eta abangoardiazko bat aurrera eroateko estrategia, datozen 12 urteak markatuko dituena.

Kanpotik datorrenak ikastolak definitzeko eskatzen badizu, zer esango zenioke?
Nortasun juridiko propioa duen hezkuntza entitate euskalduna da ikastola. Ez da eskola publikoa; hortaz, ez dago administrazioaren mendean, zuzenean. Ez da Elizaren eskola bat. Kooperatiba elkarte bat da, edo kultura elkarte bat. Guraso guztiak, gutxienez, hartzen dituen erakunde propio bat. Erabaki aktiboak eta kolektiboak hartzen ditu, beste erakundeen zain egon barik. Eta hori egiten du euskalduna eta abangoardiazkoa den hezkuntzaren alde.

Gaur egun beharrezkoak dira ikastolak?
Izango dira baita Euskal Herria independente eta guztiz garatu batean ere. Ez gara izango herri txiki honetan, nor, inoiz, gu ez bagara. Ez dugu lortuko burujabetzarik, geure burua proiektuetan murgiltzeko gauza ez bagara. Ikastola da inplikazio leku bat. Horrekin ez dugu ukatzen, jakina, esan beharrik ere ez dago, norbaitek seme-alabak administrazioaren ardurapeko eskola batean hezi nahi izatea edo eliza-eskola batean hezi nahi izatea. Bi aukerak dira guztiz zilegi. Baina gure interpretazioa da herria, jendartea, egiteko modu esanguratsua dela ikastola egitea.

Gauza bera dira ikastola, ikastetxea, eskola, kolegioa… Jendeak nahastu egiten ditu?
Eskola publiko guztiak ez dira euskaldunak. Kristau eskola guztiak ere ez. Eskola publikoek edo kristau eskolek ez dituzte materialak egingo inoiz. Arrazoia ez da bertako profesionalak ez direla hori egiteko gauza. Arrazoia da ez dutela nortasun juridikorik hori egiteko. Ezin daitezke, kolektibo moduan, ekintzaileak izan. Ikastolak badira, horretarako bideak jarri dituztelako. Hori da ikastolen bereizgarria: har ditzake erabakiak tokian-tokian, baina, era berean, har ditzake nazio mailan ere. Horrek aukera handiak ematen digu; arazoak ere bai, jakina, batez ere botere publikoarekiko. Eskola, hasieran, Elizaren monopolioa izan zen; gero, Estatuarena. Ikastola da hirugarren espazioa.

Horregatik esaten da, batzuetan, ikastolak pribatuak direla?
Ikuspuntu juridikotik, publiko ez den erakundea pribatua da. Baina publikoak badu morrontza. Juridikoki izango da publikoa, baina Estatuaren edo administrazioaren eskola publikoa izango da, boterean dagoenaren eskola. Ez da izango eskola hori osatzen duten herritarren eskola, ez dutelako eskumenik eskola horretan agintzeko, zuzenean. Erabaki estrategiko eta ideologikoak, komunitate bati erantzuten dionak, ezingo ditu hartu. Gaurko ikastolako jabeak ez dira sorrerakoak. Transmititzen den propietatea da.

Zein da Debagoieneko ikastolen egoera?
Arizmendi da ikastolarik handiena. Eragin ahalmen handia du eta berrikuntzarako aukerak ematen dizkio. Baina badauka bere alde ahula. Handia izateak  burua ateratzera behartzen zaitu. Edonork ikusten zaitu, eta, horregatik, beti auzitan egon zaitezke. Txantxiku Ikastola, bestalde, oso ondo kokatuta dago. Gorpuztu egin du bere espektro soziala, bere estiloa. Jakin izan du herrian bere lekua topatzen. Pedagogikoki, garabidean dago. Bergarako Aranzadirena partikularra da. Bizi du herriko beste eskolen artetik presio gogorra. Aranzadik bi gabezia izan ditu: bata, eraikinarena, konpontze bidean dagoena; bestalde, azkeneko urteotan freskotasuna galdu du eta ez du asmatu bere lana herrian proiektatzen. Marketin ezaren paradigma izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak