Bette Nesmith Graham, Margarethe Schütte Lihotzky, Ellen Henrietta Swallow, Hertha Ayrton, Josephine Cochrane, Marie Anne Lavoisier, Catherine Blodgetti, Dorothy Crowfoot Hodgkin, Edith Clarke, Emily Schneider Hoover, Gertrude Elion, Grace Murray Hopper, Marion Donovan, Martha Coston, Mary Anderson, Mary Walton eta Stephanie Kwolck. Askorendako ezezagunak izango diren emakume izenak dira; baina, agian, haiek asmatutako gailuak ezagunak egingo zaizkigu. Izan ere, XIX. mende bukaera eta XX. mende hasierako ingeniari, arkitekto eta asmatzaileak dira. Emakume Txokoak antolatuta haien lana jasotzen duen erakusketa egingo dute martxoaren 12tik martxoaren 23ra, Kulturaten.
"Gure birramona ingeniari, arkitekto eta asmatzaileen lan zientifikoa ikusaraztea eta kalera ateratzea... eta orduan izan ez zuten errekonozimendua eskaintzea" izango dela helburua azaldu du Amets Beltran de Gebara Emakume Txokoko dinamizatzaileak. Feminismoa eta zientziaren inguruan egiten du hausnarketa erakusketak, baina erakusketa antolatu duen Enkarni Gomez unibertsitateko irakasleak azaldu du arlo teknikoan oinarritu direla: ingeniaritzaren historiografian oinarritu dira.
Patentatzeko eskubide barik
"Gure ikasleei eurak ez direla lehenak erakutsi gura diegu; badagoela historia bat, xumea, txikia eta badaudela emakumeak pinonera izan direnak", dio Gomezek. Erakusketak jasotzen dituen 18 emakume horien artean badaude ezberdintasunak: "Mende hasierako emakumeek gehiago borrokatu behar izan zuten. Batzuk, sufragistak ziren, ezin zuten bozkatu; ez zuten entitate juridikorik, hortaz, patentatzeko ere norbaitekin egin behar izaten zuten. Hasieran gizonezko baten izenean, gero gizonezko batekin… hau da, lortu arte eurak bakarrik patentatzea prozesu bat bizi izan zuten", azaldu du Gomezek. XX. mende bukaerakoek "bidea eginagoa" aurkitu zutela gaineratu du Gomezek. Ikasketetan ere ezberdintasunak izan zituzten: batzuk matrikulatu bai baina tituluak ezin izan dituzte lortu.
Arlo askotan mugitu ziren
Erakusketan ikus daiteke hainbat arlotan egin zituztela asmakizunak emakumeek. "Askotan zaintza edo pertsonen inguruan egiten zituzten asmakizunak: batzuk sukaldeak edo fardelak asmatu zituzten… Baina beste askok beste era bateko asmakizunak egin zituzten: kutsaduraren ingurukoak, adibidez, horiek ere pertsonekin zerikusia dute", gaineratu du Gomezek. Autoen haizetakoa, betaurrekoak, material gogorrak, zubiak, fardelak, Tipp-Ex... denetarik egin zuten emakume haiek.
Kulturateko klaustroan egongo da ikusgai erakusketa, 17:30etik 20:30era. Bisita gidatuak martxoaren 13an egingo dituzte: 18:30ean gazteleraz eta 19:30ean euskaraz.