Gamarrak saskibaloiaz gozatu eta sufritu egiten du, biak batera. Sufritu EBA kategoriak hala agintzen duelako, eta gozatu ondo dakielako kirol ibilbidea ez dela amaigabea; lesioek baimena emanda sasoian dagoenean kantxan inork baino gehiago disfrutatzen du. Baita hamabost egunean behin Zubikoako harmailak beteta ikusten dituenean ere.
Aspaldian ez zaitugu bakarkako elkarrizketa baterako harrapatu. Arrasaten egindako azken urteotan erretiroa zenuen buruan, eta hara, Oñatin bigarren gaztaroa bizi izan duzu.
Kuriosoa da, baina fisikoki 26 urterekin baino hobeto nago. Gaztetan arazo handiak izan nituen orkatilan, eta ebakuntza handi samarra egin zidaten. Orain modan jarri dira norberaren plasma erabilita egiten diren ebakuntza eta ondorengo errehabilitazioak, eta niri aspaldi egin zidaten hori, teknika hori probatzen zebiltzanean. Eta begira, emaitza onak eman zituen.
Bai, Arrasaten jokatzen nenbilela hainbatetan pasa zitzaidan burutik saskibaloia uztea, eta aurrera egin ahal izan nuen. Orain orpoak egiten dit min, baina... [Barre].
Arrasaten ez zenuten nahi moduko agurra izan.
Ez, baina iraganeko kontuak dira horiek. Arrasateko klubak bere arrazoiak izango zituen hartutako erabakia hartzeko, eta gure bigarren entrenatzaile zen Xabi Igartuak Oñatira joatea proposatu zigunean ez genuen birritan pentsatu. Alde horretatik ez dut kontzientzia arazorik. Dena dela, Arrasateko taldeko ordezkariekin harreman oso ona dut, lagunak ditut han, besteak beste, kirol zuzendaria, Gorka Zurutuza; lagun mina dut.
Talde zuri-morean egindako urteen artean, ze oroitzapenekin geratzen zara?
EBAra igotzeko Gasteizen UPV Alava taldearen kontra irabazi genuen partidu erabakigarria; aste barruan jokatutako partidu bat izan zen Zurutuza entrenatzaile zela, ederra izan zen bai garaipena, baita ondoren etorri ziren ospakizunak ere.
Arrasateko klubeko urrezko urteak ere bizi izan zenituen.
Bai, orduko EBAn jokatu genitueneko urteak [1994an igo zen Arrasateko taldea EBAra, orduan kategoria hura ACB mailaren aurrekoa zen]. Baina sasoi hark oso gazte harrapatu ninduen, hamazazpi urte izango nituen eta orkatilan ebakuntza egin berri. Ez nuen batere gozatu, baina izugarri ikasi nuen sasoi hartan asko entrenatzen genuelako.
Puntako jokalariak izan zenituen taldekide moduan.
Pentsa, EBAko bigarren urtean ACBra igotzeko igoera fasea jokatu genuen. Iturripeko kantxatik pasa ziren Fuenlabrada, Pamesa edota Huelva moduko taldeak. Urte haietan Garbajosa, David Scott, Cazorla, Iñaki Gomez, Alvaro Coca... Jokalari handiak izan dira.
Ze jokalarik harritu zaitu gehien?
Duda barik Garbajosa iritsi da urrunen, NBAraino iristeko gauza izan delako. Baina momentu hartan David Scott beste maila bateko jokalaria zen. Izen horiekin batera, baina, urte mordoa egin ditut Mallabi, Iñigo eta Mikel Biain, Alartzia, Kintana eta konpainiarekin, eta niretako horiek izan dira garrantzitsuak, koadrila moduko bat osatu genuelako.
Oñatira joan zinetenean senior mailan zegoen taldea. Eta Oñatin saskibaloi-iraultzaren testigu eta erantzule izan zarete.
Bai, baina ez Arrasatetik Oñatira joan ginen hiruzpalau lagunak, taldean zeuden Oñatiko jokalariak ere erantzule izan dira. Urte ederrak izan dira, hori da egia.
Arrasaten urrezko urteak amaitzean kolpe gogorra etorri zen, lagun talde bat ia zerotik lanean hasi zen arte. Gora eta gora egiteak arrisku hori izan dezake.
Arrasaten lehenengo taldean jarri zen indar guztia, eta harrobia neurri batean alde batera utzi zen. Lehenengo taldea desagertu zenean, ondoren ez zetorren ezer, bertakoak beste talde batzuetara jokatzera joanda zeudelako. Baina Oñatin ez dut ikusten halakorik; saskibaloi egitura bat antolatuta dago, eta maila txikietan gazte mordoa dabiltza jokatzen. Oñatiko jokalariekin bakarrik ezin zaio EBA moduko maila bati eutsi, baina maila galtzen den egunean ez da traumarik egongo.
Etxeko azken garaipena garrantzitsua izan zen.
Bai, zaleekin zorretan geundelako, 15 egunean behin harmailak bete egiten direlako, eta hori sekulakoa da. Jokalariok presioa astintzeko modua ere izan zen. Horrek erakusten du Oñatin saskibaloi zaletasun handia dagoela, asko dira-eta Baskoniaren partiduak ikustera joaten direnak. Zaleei apur bat ematen diegun bakoitzean erantzuna sekulakoa izaten da.
Oraindik posible da mailari eustea? [Egubakoitzean egindako elkarrizketa da].
Garbi daukat ez garela maila honetako talde txarrena. Zapatukoa derrigor irabazi behar dugu, eta ondoren ere oso zaila izango da, baina posible bada.