Iraultza Mondra Futbol Taldean; entrenatzaile aldaketa, eta jokalari beteranoak bueltan: Aitor Lopez Rekarte talde zuri-moretik gertu

Xabier Urtzelai 2012ko ots. 28a, 20:42

Patxi De Andresek presidente izateari utzi eta Batzorde Kudeatzaileak taldea hartu izana ez da arlo ekonomikoa zuzentzera mugatu. Aste barruan iraultza egon da Mondran. Zapatuan Oiartzunen etxean 2-0 galdu ostean gauzak asko aldatu dira talde zuri-morean. Iban Rodriguezek Mondrako entrenatzaile izateari utzi dio, eta hiruko batek hartuko du bere lekua: Ekain Garinek, Jon Muruamendiarazek, eta Iker Zaitegik. Eta bestalde, taldea indartu egingo da, eta zelan. Besteak beste, Aitor Lopez Rekarte gertu dago Mojategitik.

Azken urteotan eman ez dituen albisteak bata bestearen jarraian eman ditu Mondrak ordu gutxiren bueltan. Ohorezko erregional mailari hamabi jardunaldi geratzen zaizkio, eta hamabi jardunaldi horietarako Batzorde berriak guztien bultzada nahi du. Datorren urtean Mondrak 100 urte beteko ditu, eta inork ez du urteurren esanguratsu hori erregional preferentean ospatu nahi. Horretarako, neurri hauek hartu ditu Mondrako zuzendaritzak:

Entrenatzaile aldaketa

Astelehen arratsaldean jakinarazi zitzaion lehengo lantalde teknikoari ordezkatu egingo zituztela (Iban Rodriguez, Unai Iglesias, Iban Roa eta Pedro Rodriguez). Lan-talde horrek oso baldintza mugatuekin egin du lan, eta batzordeko kideek ondo dakite hori. Hala, entrenatzaile lanetan hiruko honek jardungo du: talde zuri-morea oso ondo ezagutzen duten Jon Muruamendiaraz eta Ekain Garin jokalari ohiek, eta Iker Zaitegi entrenatzaile ohiak. Eurak izango dira Mondrako entrenatzaile berriak.

Jokalari beteranoen fitxaketa

Batzordea osatzen duten taldeak garbi dauka taldea dagoen lekutik irteteko beteranoen ordua dela, eta esperientzia duen jendea bilatu nahi izan dute. Futbol jokalari askorekin egon dira berbetan, baita futbola utzita dutenekin ere, eta ondoren datozen jokalari guztiek baietza %100ean eman ez badute ere, oso gertu daude.

  • Aitor Lopez Rekarte: Realeko jokalari ohiak etxeko taldearen alde egiteko erabateko jarrera positiboa erakutsi duela jakin du Goienak, laguntzeko prest dagoela. Baina, Donostian bizi da, eta ez du nahi entrenatu gabe jokatu, besteekiko errespetu falta delako. Egubakoitzetan taldearekin entrenatzea izan daiteke aukera.
  • Haritz Arabiorrutia, Piru: Aretxabaletan jokatzen duen Oxel Apraitzekin batera Arrasaten Bigarren eta Hirugarren mailak ondoen ezagutzen dituen jokalaria, urteak egin dituelako kategoria horietan lehian. Gernikan, Beasainen... talde mordoan jokatu du, eta Mondrak gustora asko hartuko luke euskarri lmoduan jardun izan duen jokalari arrasatearra. Iaz futbola utzi zuen, eta oraindik ez dago erabat konfirmatuta: "%95ean Mondran dago".
  • Jon Loiti: Mondran urteak egin dituen hegaleko jokalaria. Lesioekin ibili izan da, eta iaz erabaki zuen futbola uztea. Baina onartu egin du, eta aste barruan entrenatzen hastekoa zen.
  • Andres Castillejo: Goragoko kategorietan ibiltzearekin batera Mondran urteak egin ditu atzelari moduan. Zelan dagoen ikusteko entrenatzen hasiko da, eta orduan erabakiko du.
  • Julen Zaitegi: Lesio larri baten ostean urtebetez geldi egon eta Mondran denboraldi erdi egin zuen, ondoren Hirugarren mailara igotzeko. Joan den astean bertan hasi zen Mondrarekin, Oiartzunen.

Izen horiek dira orain momentuan Mondran edo Mondratik oso gertu daudenak, baina batzordeko kideek ez dute beste jokalariren bat ekartzea baztertzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak