Alex Altuna: "14 bat urterekin hasi nintzen triatloiak egiten; aitak ere egiten du eta horregatik hasi nintzen"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko ots. 16a, 01:00

Alex Altuna gaztea buru belarri dabil triatloian. Iaz, gazte mailan, lan ezin hobea egin zuen; ondorioz, federazioak bigarren gazte onenaren saria eman dio 2011n egindako lanagatik. Aurten, 23 urtez azpikoen mailan dabil. Jakan hasi du denboraldia eta emaitza txukuna lortu du: Espainiako Neguko Triatloi Txapelketan hirugarren postua.

Jakan jokatutako lasterketan, urtarrilaren 21ean, hirugarren sailkatu zinen, 23 urtez azpikoen mailan.
Iaz, gazte mailan lehenengo egin nuen. Reinosan jokatu zen orduan Espainiako txapelketa. Aurten Jakan egin dugun lasterketan gutxigatik ez du garaipena errepikatu. Zortzi segundo atera zizkidan lehenak eta bi segundo bigarrenak; azken metroetan gainditu zidan. Mailaz igo naiz eta ondorioz nagusiagoen aurka lehiatu naiz.

Zergatik sartu zinen triatloien munduan?
Nire aitak egiten duelako –Alejandro Altuna. 24 urte darama triatloiak egiten. 14 bat urterekin hasi nintzen triatloiak egiten. Hutsetik hasi nintzen, ordura arte ez nuen ia ezer egin, noizean behin aitarekin irteten nintzen baina oso gutxitan.

Neguko triatloiak egiten ondoren hasi zinen?
Bai, negukoak beranduago hasi ditut, baina esan daiteke eskiatu txikitatik egiten dudala.

Nola entrenatzen duzu?
Ia egunero entrenatzen dut. Gertatzen dena da neguko triatloiak prestatzea zaila dela, elurraren menpe egon behar delako. Horregatik udakoak egiten ditut gehiago: antxintxika, igeri eta bizikletan ibili hemen bertan egiten dut.

Eskiekin entrenatzea zailagoa izango da.
Bai, elurra dagen lekura mugitu behar delako. Aurten, esaterako, sei bat bider joan naiz entrenatzera elurretara.
Adibidez, Isaban ere egiten da neguko triatloi bat. Martxoaren 4an egingo da eta Euskadiko txapelketarako baliagarria izango da.

Neguko triatloiak nolakoak izaten dira?
Ohikoekin alderatuta, igeri egin beharren eskiatu egiten da. Ohiko lasterketa batean lehenengo igeri egiten da, eta negukoan, hain justu, eskiatu azkeneko lekuan egiten da. Jakan, Candanchuko pistetan egin genuen, iraupen-eskia. 9,5 kilometro antxintxikan, Jakatik Candanchura 30 kilometro bizikletan eta 10 kilometro eskiatzen egin genituen.

Non moldatzen zara ondoen?
Bizikletan moldatzen naiz ondoen. Eskiatu eta igeri ere nahiko ondo egiten dut, eta antxintxika moldatzen naiz okerren. Kostatu egiten zait. Teknika gutxien eskatzen duen modalitatea izan arren, ez naiz ondo moldatzen.

Udako triatloiak zelakoak izaten dira?
Udakoak 750 metro igeri, 20 kilometro bizikletaz eta 5 korrika izaten dira. Distantzia bikoitza da olinpikoa esaten dena eta nik egin gura dudana, Zarautzekoa izango da: 2.500 metro igerian, 80 kilometro bizikletan eta 20 kilometro antxintxika.

Zein da zure hurrengo erronka?
Hurrengo erronka Zarautzeko triatloia izango da, horrako preparatzen ari naiz.

Zapatuan jaso zenuen federazioaren saria. Espero zenuen?
Udako triatloien lasterketen puntuaketaren arabera jaso nuen saria. Ez zen izan sorpresa, gutxi gora behera urtean zehar egindako lanaren arabera banekien ze postutan geratuko nintzen. Pozgarria izan zen.

Zenbat triatloi jokatu zenituen iaz?
Asko egin nituen, 15 bat gutxi gora behera. Baina, federazioaren sarirako, esaterako, Euskal Herrikoek bakarrik balio dute. 10 bat egingo nituen Euskal Herrian. Puntuagarria izateko, sei egin behar dira gutxienez.

Euskal Herriko talde onenaren saria ere jaso duzue.
Nik uste dut nahiko sari polita izan dela hori. Lasterketetan nahiko aurrean ibili gara taldeko asko eta horrek puntuaketa ona eman digu. Gustura geratu gara egindako lanarekin.

Zer esan gura du taldearendako sari horrek?
Taldearendako lanean gogor jarraitzeko balio du.

Egin dituzun triatloietatik zein gustatu zaizu gehien?
Debakoa, adibidez. Motza da eta aldapa asko ditu: aldapan gora ondo moldatzen naiz.

Duatloiak egiten dituzu?
Bai, ez da nire espezialitatea baina prestatzeko parte hartzen dut. Igerian ondo moldatzen naiz, eta triatloietan igeri egiten da lehenengo; duatloian, ostera, antxintxika asko egin behar da eta horretan ez naiz ondo moldatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak