Etorkizuneko eguzki-plakak Arrasaten ikertzen dituzte

Leire Kortabarria 2012ko ots. 14a, 11:34

Eguzki-plakak denok ezagutzen ditugu: zurrunak, azalera handikoak eta beltz-beltzak. Bada, irudi hori aldatzeko moduan izan daiteke, eta aldaketa Debagoienetik etor daiteke, Arrasateko Ikerlan-IK4 ikerkuntza zentrotik, hain zuzen ere.

Izan ere, eguzki-plakak egiteko material berriak ikertzen dihardu Mondragon Korporazioko ikerkuntza zentro horrek. Hain zuzen ere, Ikerlan-IK4, Europako Batasunaren laguntzarekin, eguzki-energia erabiltzeko material berriak aztertzen dabil. Proiektuak X10D (Extend, ingelesez) du izena, eta gaur egungo eguzki-zelulei alternatiba ematea da helburua. Ekoizteko merkeagoak eta erabiltzeko aukera gehiago ematen dituzten materialak lortu gura dituzte, hain zuzen.

Proiektuak 11,9 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik 8,5 Europako Batasunak ipini ditu. Belgikako IMEC zentroak koordinatzen du proiektua. Arrasateko zentroak 524.000 euroko aurrekontua du, eta horietatik 394.000 datoz Europatik.

Oraindik hasten dago, baina garatzen denean, diru gutxiago gastatzeko, ingurumena zaintzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko, eguzki-energia hobeto aprobetxatzeko aukera  emango dute material berri horiek.

Onenak aukeratu

Garaia berrikuntza gunean Ikerlanek daukan egoitzan dihardute buru-belarri bost lagunek, material berri horiek ikertzen. Talde horretan dago Roberto Pacios ikertzailea, eta lantalde horren eginbeharra azaltzen digu: material berriek eguzki-energia xurgatzeko ze gaitasun duten ikertzea eta antzematea, eta onenak erabiltzea laborategi-eskalako zelulak egiteko. Gero, modulu fotovoltaikoak eraikiko dira, baina hori "epe luzeagoan" izango dela esaten dute arduradunek.

Beirazko euskarri bat da abiapuntua.

Paciosek gaur egun erabiltzen den materialarekin, silizioarekin, alderatuta material berriek dituzten abantailak kontatzen dizkigu: "Material berriekin egindako plakak malguak dira, eta ehunetan, arropatan… ipini daitezke. Gainera, siliziozko plakak beti beltzak dira, eta material berriak kolore askotakoak izan daitezke. Horrek aukera asko ematen ditu, adibidez, eraikuntza sektorean". Gaineratzen duenez, siliziozko plakak zurrunak dira beti.

Eguzki-energiaz dabilen irrati-antena bat.

Abantaila gehiago daude: "Argiaren zati bati pasatzen uzten diote; isolatu egiten dute, baina, era berean, energia produzitzen dute. Horregatik, material horrekin, eguzkitik babesten duten eta, aldi berean, energia sortzen duten gortinak". Hori arlo askotan aplika daiteke: "AEBetan ikerkuntza-lerro hori garatuagoa dago eta hango Defentsa Departamentuak material horrekin estalitako kanpin-dendak ditu".

Eguneroko bizitzan ere aplikatu ahal izango da. Adibidez, orain zientzia-fikziozkoak irudituko litzaizkigukeen autobus-markesinak egin ahal izango dira: markesina eguzki-plakekin hornituta egongo da, eta argia, informazio-panel inteligenteak, klimatizazioa, telefono mugikorra kargatzeko aukera eta beste zerbitzu batzuk eman ahal izango ditu.

McMaster Unibertsitateko ikertzaileak, eguzki-xaflaz egindako markesina baten.

Eta jantziak eta osagarriak ere praktikoagoak izango dira: hala, gailu teknologikoak kargatzeko balio duten motxilak, edo eguzkiaz babesten duten aldi berean, elektrizitatea emateko gai diren gortinak.

Eguzki-energiaz dabilen motorra duen bizikleta (Bikeforth.org).

Argia emateko ere erabili ahal izango da. Hala ere, zelula bakarra ezin izango da bi gauzetarako erabili.

Koloretako kristalak

Zelula berriekin egindako materiala askoz merkeagoa izango da ekoizteko, laborategian egingo delako, silizioa ez bezala. Silizioa ustiatu egin behar da, eta kantitate mugatua dago, gainera.
Hain zuzen, laborategian dihardu Ikerlanek, materialak  probatzen eta zelulak egiteko material eragingarrienak antzematen. Garbitasun neurri zorrotzekin lan egiten dute.

Probatu beharreko materiala aplikatzen.

Roberto Paciosek honela azaltzen du euren lana, pausoz pauso kazetariak ikusten dituen bitartean: "Dispositibo txikien gainean probatzen ditugu askotariko material horiek. Prozesua hauxe da: kristal bat daukagu eta, beste aldetik, disoluzio bat prestatzen dugu. Kristala elementu eroale batekin estalita erosten dugu. Disoluzioaren tanta batzuk substratu edo azalera horren gainean ipintzen ditugu, eta kolorea hartzen du. Gero, kontaktu metalikoak ipintzen dizkiogu". Paciosek zehazten duenez, "koloretako geruza da gehien interesatzen zaiguna"; hori da, hain zuzen, probatu beharreko materiala.

Asko, eta askotarikoak –eta baita kolore askotakoak ere–, probatzen dituzte, eta eragingarrienak aukeratzen dituzte; hau da, eguzki-energia gehien hartu eta aprobetxatzen dutenak.

Ia ez dago industriarik

Alemanian, AEBetan, dagoeneko teknologia berriarekin egindako produktuak merkaturatzen hasiak direla esaten digu Roberto Paciosek. Euskal Herrian, ordea, "horrelako industriarik ia ez dago", eta Espainian, "bat ere ez". Industria Sailak %11,8 gehiago inbertituko du aurten I+G+i arloan, sailaren aurrekontuaren %60; denetara, 230.000.000 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak