Komunikazio arduraduna alkatearen ardura politikoaren menpe egongo da eta Gizarte Zientzia eta Komunikazioan lizentziatua izan beharko da. "Konfiantzazkoa" izango da eta beraz, udal gobernuko kideek aukeratuko dute. Urtean 32.831 euro ordainduko zaio egun osoko jardunagatik.
Atez atekoa, puri-purian
Mozioei dagokienez, PSE-EEk foru funtsaren edo FOFINaren gainean aurkeztu duen mozioa ez da onartu. Hala ere, talde sozialistak aurkeztutako beste mozioak piztu du eztabaida gehien. Atez ateko hondakinen kudeaketaren aurka aurkeztutakoak, hain justu. Mozioa ez da onartu, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Bildu eta Aralarren kontrakoekin. Hona hemen eztabaida horretan entzun diren adierazpenetako batzuk:
Iraia Sola (Bildu): "Hondakinak ahalik eta modurik bereiztuenean jasoko dituen sistema defendatzen dugu, izan ere, uste dugu arduragabekeria handia dela egungo sistemarekin jarraitzea. Zuek [talde sozialistak] planteatzen duzuena bigarren mailako eztabaida dela uste dugu. Benetan eztabaidatu behar dena da zaborrarekin zer egin, nola murriztu eta nola berrerabili. Horretan orain arte emaitza onenak ematen dituen sistema atez atekoa da eta horregatik egiten dugu sistema horren alde. Eta aurreko plenoan esandakoa errepikatzera nator: hondakinak guztion ardura dira, ez da borondate kontua".
Josu Pereda Ingurumen zinegotziak gaineratu du gaia arinegi doala, besteak beste, komunikabideetan ematen ari zaion oihartzuna dela-eta.
Aritz Arrieta (PSE-EE): "Informazioa ezkutatzen eta elkarrizketa saihesten ari zarete, ez duzue herritarren iritzia eskatu. Uste dugu Arrasateko gehiengoak ez duela atez atekoa begi onez ikusten. Udalean gehiengo absolutua izango duzue, eta hori erabiltzeko asmoa ere bai, baina gehiengo absolutuak ez du esan nahi arrazoi edota egia absolutuaren jabe zaretenik".
Juan Karlos Garitano (EAJ): "Ikerketa sakona eta inpartziala eskatzen dugu atez atekoaren gainean eta bestalde, ez dugu ulertzen bost urtetan bosgarren edukiontziaren erabilera hobetzeko ezer egin ez denean orain horrenbeste prisa sartzea".
Azpiegitura erraldoien kontrako mozioa, aurrera
Eztabaida piztu duen beste mozioa Igor Iturbe izeneko herritarrak Gipuzkoako azpiegitura lan handiak geldiaraztearen aldekoa izan da. Mozio horretan Iturbek "beste Gipuzkoa bat" eta "beste gizarte eredu bat" posible dela aldarrikatzen du eta udalbatzari eskatzen dio, besteak beste, azpiegitura handien obrak geldiarazi ditzala. Bilduk bere egin du mozioa eta EAJk berriz, kontra egin du, baita sozialistek ere.
Ibon Arrupe zinegotzi jeltzaleak galdetu dio herritar horri ea Gipuzkoa desberdin bat eskatzen duenean Gipuzkoa desindustrializatu bat eskatzen duen: "Langabezian eta horrek dakarren pobrezian murgildutako Gipuzkoa baten alde zaude?". Eta honakoa ere galdetu dio: "Herri edo baserri galduenetako biztanleek ez daukate eskubiderik beharra izanez gero modu bizkor eta seguru baten ospitalera joateko?"
Iturbek aurkeztutako mozioaren aldeko zenbait herritar izan dira osoko bilkuren aretoan eta horietako batek adierazi du AHTak ez diola inongo mesederik egingo ez Arrasateri eta ez Gipuzkoari. Eta Arrupek irakurritako idatziari erantzun dio esanez AHTak ez duela baserri galduenetan geldialdirik egingo eta horiendako ez duela inongo zerbitzurik emango.