Udaleko kanpo komunikaziorako teknikari postua sortzea eta lau mozio, besteak beste, gaurko osoko bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urtarrilaren 26a

Gaur izango da 2012ko lehenengo osoko bilkura, 18:00etan hasita. Mahaiaren gainean hirigintzako gaiak, pertsonalekoak eta lau mozio izango dira, besteak beste. Udalak kanpo komunikaziorako teknikari postua sortu gura du eta mozioen artean nabarmentzekoak dira sozialistek foru funtsaren gainean ateratakoa eta Bilduk Kutxabank-en gainean aurkeztuko duena.

Hainbat herritar edo partikularrek egindako errekurtso edo eskaerei erantzuna ematea dute helburu hirigintza alorreko lau puntuek. Obretako edukiontziei buruz Udalak duen araudian aldaketa bat egitea proposatuko du udal gobernuak hurrengo puntuan eta jarraian pertsonal kontuak eztabaidatuko dituzte.

Kanpo komunikaziorako teknikaria

Petsonal Saileko puntuei dagokionez, gobernuak Udalaren komunikazio arduradun lanpostu bat sortzeko proposamena egingo du. Udaletik kanporako komunikaziorako arduradun bat litzateke eta lanpostuaren ezaugarrien artean, konfidantzazko izaerazkoa izango dela aurreratu digu Maider Morras Udalaren egungo koumikazio arduradunak. Udalak sortu eta gura duenean desegin dezakeen lanpostua izango da.

Foru funtsa, atez atekoa eta Kutxabank

Esandako moduan lau mozio aurkeztuko zaizkio udalbatzari: Sozialistek aurkeztutakoak dira horietako bi: batetik, FOFIM edo foru-funtsa delakoaren likidazio negatiboa Diputazioari itzultzeari buruzkoa batetik; eta, atez-ateko sistema bilketarekin lotutakoa bestea.

Sozialistek FOFIM edo foru funtsaren gainean aurkeztutakoa nabarmendu beharra dago. Debagoieneko PSE-Euskadiko Ezkerraren mozioan jasotzen da, besteak beste, foru funtsaren dirua itzultzeko erraztasunik ez jartzea leporatu diotela Diputazioari. Diotenez, Aldundiak Debagoieneko udalak ekonomikoki ito egingo ditu itzulketa  hori behartuta.

Eta zer den foru funtsa? Bi hitzetan esanda, egoera ekonomikoak eraginda Udalek Diputazioari itzuli beharreko diru kopurua. Krisi ekonomikoa hasi zenetik Aldundiak udalei bideratzen dien diruaren itzulketak eztabaida eragin du. Aurten ere, azken urteetan moduan, jasotzea espero zuena baino diru gutxiago jaso du Aldundiak, besteak beste, zergen bidez gutxiago jaso delako. Aurreikuspenak ez dira egokiak izan, beraz. 

Diputazioak urte hasieran jakinarazitakoaren arabera, hala gertatu da azken urteetan. 2009an, adibidez, udalek itzuli beharrekoa oso kopuru altua izan zen eta orduan Udalek eta Aldundiak adostu zuten itzulketa hiru urtetan egitea. Halako erraztasunak ematea eskatzen dute sozialistek baina Diputazioak dio hori ezinezkoa dela. Zergatik? Bada, udalen tamaina berean ari direlako pairatzen diru sarrera murrizketa. 

Diputazioko iturrien arabera, hala egingo balitz udalen mesedetan baina Aldundiaren kaltetan jokatuko litzakete, hau da, gipuzkoar guztien dirua egongo litzateke jokoan. Gaineratu dute jabetzen direla udalen egoera txarraz eta egoera larrienean dauden udalekin irtenbide bat aurkitzeko irtenbide bila dihardutela.

Hondakinen atez ateko kudeaketa sistemaren aurkako mozioa ere aurkeztuko dute. Bi mozio horiez gainera, Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geldiarazteari buruz Igor Altube Anduagak aurkeztutako eskaera ere izango da mahai gainean.

Beste mozio bat aurkeztuko du Bilduk: Kutxabank izango dute hizpide.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak