Iñigo Zubizarreta (SA): "Disko latza eta gogorra da; doinu bortitzendako oso letra zuzenak"

Maider Arregi 2012ko urt. 24a, 10:45

Dagoeneko metal estiloaren barruan talde klasikotzat har dezakegu Soziedad Alkoholika. Talde gasteiztarrak bere ibilbideko disko borobilena kaleratu berri du, haien sendotasuna eta esentzia azaleratuta. Jarraitzaileek irrikaz itxarondako lana da.Arrasatekoa da Iñigo Zubizarreta gitarrista. Harekin egon gara.

Cadenas de Odio, tontakeriarik gabeko 13 abestiko lana.
Disko kañeroa da eta SAren esentzia batzen duela uste dut. Asko egiten du entzuten duzun musikak eta horrek daukan influentzia. Gu lokalean batzen gara eta hori da gure emaitza.

Riff gordinekin, erritmo aldaketa oso basatiekin bueltatu zarete.
Hori da gure esentzia. 20 urte baino gehiago daraman taldea da. Hasieran hardcore-punkagoa, orain metalerantz jo du taldeak. Disko gogorra da, latza.

Jarraitzaileek irrikaz itxarondako lana da.
Sesion#2 lehen diskoa berriro grabatu genuen; baina Mala Sangre diskotik, 2008tik, material berria kaleratu gabe geneukan…  Jendea zain zegoen. SAko jarraitzaileak fidelak dira eta zuzenekoetan disfrutatu egiten dute.

Lan sinesgarria da, amorerik ematen ez duena.
Letrak ere horrelakoak dira: salaketa egiteko bide dira. Monarkia, ustelkeria, elizaren hipokrisia eta haren eskandaluak… letra argiak dira. SAk beti egin ditu letra zuzenak, nahiz eta horrek ondorioak ekarri.

Monarkia zalantzan dagoen garai hauetan, Apestáis dator.
Abesti hori orain dela 6 hilabete egin genuen. Baina guk betidanik salatu dugu monarkia; beti egon da ustelkeria, nahiz eta orain publiko egin.

Muturreko metal taldea, thrasharekin bat egiten jakin duena.
Cadenas abestiak oso ondo errepresentatzen du taldearen thrash estilo hori. Corruptos eta Apestáis ere oso metaleroak dira.

Tue Madsenek egindako ekoizpen zaindua.
Beti zaindu izan dugu soinua, asko. Beti ahalegintzen gara gauzak hobeto egiten. Diskoaren soinua krudela da; apaingarri bakoa. Grabatutakoa entzuten da diskoan eta zuzenekoetan. Tue Madsenek berak egin ditu nahasketak Danimarkako Antfarm estudioan. Metal kultura badute Europako inguru hartan eta Tue Madsenek ondo daki metal taldeekin lan egiten. Badaki zer nahi dugun.

Auto-produkziora bueltatu zarete berriro; hasierako sustraietara.
Diskoa fisikoki geroz eta gutxiago erosten da gaur egun. Gure helburua da material ona grabatzea eta jendeak entzutea. Zuzenean jotzea da gure asmo nagusia; diskoak saltzen badira ondo, baina gaur egun zaila da eta gutxi saltzen da. Azal polita dugu, Brent Elliottek egindakoa, eta nahi duenak erosiko duela uste dugu, Interneten edo dendetan.

Nazioartean zabalduko duzue?
Hilaren 28an Jimmy Jazzen joko dugu; otsailean Barakaldon. Hego Amerikara berriro joateko asmoa ere badugu: Txile, Kolonbia edo Argentinara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak