Manu Marañon: "Ahozkotasunak gero eta garrantzi handiagoa du baina landu egin behar da"

Edu Mendibil 2012ko urt. 23a, 11:29

Ahozko komunikazioak eta harekin lotutako abilezia sozialek gizartean duten garrantziarekin zerikusia duten hitzaldiak egiten ditu Manu Marañonek han eta hemen. Komunikazio 'coach'-a dugu bizkaitarra eta egunotan Ikerlanen eta Arrasateko Udaleko zenbait teknikarirekin dabil lanean. Era berean, ikastaroak emango ditu Arrasaten datozen egunotan, Emun kooperatibaren egoitzan. Gaiarekin interesatutako edozeini zuzendutako ikastaroak dira.

Orokorrean beldur handia diogu jendaurrean hitz egiteari...
Jendeak pentsatzen du jaiotzatik gutxieneko batek duen berezko dohaina dela jendaurrean hitz egitearena, eta ez da horrela. Prestaketa eta praktika eskatzen du. Bestetik, desfase handia izaten da jendearen sinesmenaren eta errealitatearen artean; hau da, jendeak uste izaten du benetan egiten duena baino askoz okerrago hitz egiten duela jendaurrean. Elementu psikologiko oso garrantzitsua dago horren atzean: lehenbizi, gugan sinistu behar dugu, autoestimu apur bat beharrezkoa da ondo komunikatu ahal izateko.

Horrez gain, zeintzuk dira jendaurrean berba egiteko gakoak?
Ikastaroetan-eta gero eta garrantzi handiago ematen diot abiadurari. Oso inportantea da abiadura egokian hitz egitea: arnastu, etenalditxoak egin... Horrela lortuko dugu entzuleen arreta. Gainera, entzuleek beraiek ere denbora behar dute entzundakoa asimilatzeko. Abiadura egokian hitz egiteak zehatzagoak izaten lagunduko gaitu eta entzuleengan inpresio ona eta konfiantza eragingo dugu, gaia menperatzen dugula azken finean. Begirada eta eskuak ere neurrian erabiltzea komeni da; begiradak, esaterako, indarra, konfiantza, segurtasuna eta sinesgarritasuna adierazten du askotan.

Zelan neurtzen da diskurtsoaren kalitatea, zelanbait esatearren?
Gutxi eta kalitatez hitz egitera jo behar dugu. Eta horrek lana eskatzen du. Bernard Shaw idazlearen aipua ezaguna da: "Karta luze hau bidaltzen dizut ez dudalako denborarik izan laburrago bat idazteko". Laburtzea eta sintetizatzea funtsezkoa da gaur; ez dugu asko dakigula, halako gaian adituak garela erakutsi behar. Garbiketa egin behar dugu aurretik, benetan entzuleei interesatzen zaiena transmititzeko.  

Zergatik dago horren kultura edo tradizio gutxi gurean jendaurrean hitz egiteko? Hainbat tokitan hori lantzen dute gaztetatik...
Herrialde anglosaxoietan, Argentinan edo Txilen formazio handiagoa daukate. Gure hezkuntzan, berriz, ikasle mutuaren figura bultzatu da, hau da, irakurriz ikasten duenarena. Azkenaldian, berriz, ahozkotasunak indar handia hartu du eta Bolonia planarekin ikas prozesuan ahozkotasuna integratu nahi dute, hitz egiten ikasiz. Huhezin ere esperientzia polita egin dute ahozkotasunaren inguruan eta hor dago baita Villabonako Mintzola Fundazioa. Beraz, badago kezka hori... Halere, argi dago lan handia dagoela egiteko oraindik.


Teknologia berriek kalte ala mesede egiten diote horri? Mugikorrak, e-mailak, txatak..., ordenagailu atzean ezkutatzean, aurrez aurreko komunikazioa ezabatzen da.
Ez daukat erabat argi... Baina lana aurkitzerakoan edo jendea kontratatzerakoan ahozkotasunak gero eta garrantzi handiagoa dauka. Harreman onak sustatzeko gai den pertsonari lehentasuna ematen zaio, lidergo puntua erakusten duenari, lan taldea bultzatzen duenari, edota gauzak gaizki datozenean asmatzen jakiten duenari. Komunikazioa harremana da eta eta trebakuntza hori izatea funtsezkoa da etorkizun profesionalerako. Enpresa mundutik eskatzen den perfila hori da gaur.

Bestetik, lehengora bueltatuz, ezinbesteko lagungarriak bilakatu dira powerpointak eta bestelakoak jendaurreko aurkezpenetan.
Eraginkorra da, baina orokorrean oso gaizki erabiltzen dira powerpointa eta lagungarri bisualak gaur. Eta kontrako efektua lortzen da, hau da, lagungarri beharrean kaltegarria gertatzea. Era sinplean eta erakargarrian erabili behar ditugu, irudiak eta testuak ondo zainduta. Bestela ezinezkoa izaten da hizlariari jarraitu eta, aldi berean, lagungarri bisualei ere arreta jartzea. Gai honetan sakontzeko, Garr Reynoldsen Presentación zen liburua edota elartedepresentar.com eta presentArte webguneak gomendatuko nituzke.

Azkenik, ondo eta txarto komunikatzen duten pertsona ezagun bana?
Adibide txarrik ematea nahiago ez... Telebistan Julio Ibarra adibide on bezala jarriko nuke, irudi ona duelako, sinesgarria delako, hurbila... Etxenike fisikaria ere nabarmenduko nuke, zientifikoengana eta, aldi berean, jende arruntarengana heltzen dakielako. Maila oso sofistikatuan berba egin eta jende arruntaren aurrean ere primeran moldatzea ez da batere erraza.

Bielsa Athleticeko entrenatzailearen hitz egiteko modua deigarria egin zait azkenaldian; begirada behera beti, tonu baxuan... Ematen du disgustura dagoela beti kazetarien aurrean.

Kazetarien aurrean estilo eskas samarrean agertzen da, bai. Baina jakinduria destilatzen du. Esaten duena oso mamitsua da beti, betiko futbol topikoetatik ihesi. Bielsaren kasuan diskurtsoaren kalitateak du garrantzi gehien eta nik uste kazetariek eskertzen dutela, kontuan hartzeko gauzak esaten dituelako gehienetan. Guardiolarena ez da kasu bera, baina hark ere diskurtso erakargarria dauka, futbolean maizegi erabiltzen diren lauzpabost esaldi magiko horietan erori gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak