Barrenatxo errotaren auzia aspaldikoa da, Polmetasa lantegia eraiki baino lehenagokoa. Udalak 2011ko azaroaren 17an akordio bat sinatu zuen, eta bertan Barrenatxo eraisteko asmoa jasotzen da. Udalak, Aldundiaren azterketa aintzat hartuta balio handirik ez duela ondorioztatu du eta errota "oso egoera txarrean" dagoelako eta errepidearen ondoan egonda segurtasun arauak betetzen ez dituelako errota zaharra bota egin beharko dute. Hala ere, ondare balioa duten elementuak mantendu egingo direla jakinarazi du Hirigintza Sailak.
Uholdeak sortzen ei ditu
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Uraren Euskal Agentziak San Isidro zubia bota gura du. Zubia mantentzearen aldekoek honela azaldu dute auzia: "Dirudienez, zubi gizajo horrek uholdeak sorrarazten ditu Deba ibaiaren erdi-ibilguan. Eta, horregatik txikitu nahi dute. Ez dakigu noizkoa den zubi hori, baina... posible liteke XVIII. mendekoa izatea, Errege Bidea berritu zen garaikoa, hain zuzen ere". Zubia mantentzearen alde Musakolako herritarrak mobilizatzera deitu dituzte.