Arrietaren esanetan, bosgarren edukiontziarekin, herritarrek "borondatez" parte hartzen dute materia organikoa birziklatzen. "Etxean horretarako ontzi bat daukate, kaleko edukiontzia irekitzeko giltza, eta propio egindako poltsak, doakoak, birziklatzeko diren janariak batzeko", esan du PSE-EEko ordezkariak. Gainera, "borondatezkoa denez, herritarrak gehiago inplikatzen dira eta kontzientzia handiagoa dute. Atez atekoa derrigorrez egiten dute, eta zikinagoa, deserosoagoa eta garestiagoa da", esan du.
Atez atekoa ezartzeko aukeraz "kezkatuta" agertu da, eta baita horrek udal diruetan izan dezakeen eraginaz. "Oraindik ez dugu aukerarik izan Bilduko udal ordezkariek ezkutatzen dituzten aurreikuspen ekonomikoak ikusteko. Gainera, sistema horrek lantalde handiagoa eskatzen du", salatu du Arrietak.
Gehien birziklatzen dutenendako diru-abantailak
Horrenbestez, datorren martitzeneko osoko bilkurara gai hori eramango du Aritz Arrietak, eta mozioa aurkeztuko du bosgarren edukiontzia ezarri dadin. Hain zuzen, Gipuzkoako beste herri batzuetan "arrakasta handiz" bosgarren edukiontziarekin dagoen esperientziaz informatuko du, eta azalduko du herri horietan "oso pozik" daudela herritarrak.
PSE-EEren proposamenak lau puntu dauzka:
- Udalak atez atekoari uko egin diezaion eskatzen da. Arrazoiak hauek dira: "Atzerapausoa da osasun publikoan, erosotasunean eta eragingarritasun ekonomikoan".
- Udalari eskatzen zaio kalean "itxita eta modu ordenatuan" ipinitako edukiontzien alde egiten jarrai dezan,birziklatu eta konposta egiteko erabil daitezkeen hondakinak batzeko "sistema onena" delako, PSE-EEren ustez.
- Udalari eskatzen zaio "hondakin organiko biodegradagarri ekoizle handiak kaptatzeko plana" egin dezan. Helburua da "ahalik eta zabor gehien sartzea zirkuito honetan, eta horrela zabor hori botatzeko edo erretzeko izan ez dadin".
- Udalari eskatzen zaio "sakon" ikertu dezan honako aukera: "ipintzen diren hurrengo edukiontzietara sartzeko txartel inteligenteak jartzea", horrela "gehien birziklatzen duten herritarrei bonifikazioak emateko".