Maialen Arratibel: "Inguruan gertatzen dena jendeari helaraztea gustatuko litzaidake etorkizunean"

Arritxu Barruso 2011ko abe. 10a, 01:00

Kantua eta gitarra dira Maialen Arratibel arrasatearraren zaletasun bi, baina, horrez gain, idaztea ere asko gustatzen zaio. Horregatik, Kazetaritza ikasketak hasi ditu aurten Bilbon eta etorkizunean euskarazko hedabide batean lan egitea gustatuko litzaioke; aukeran, idatzizko prentsan.

Gipuzkoako Kantu Txapelketan hartu duzu parte aurten, baina ez da lehenengo urtea izan, ezta?
Ez. Aurten parte hartu dudan hirugarren aldia izan da. Hiruretan aurkeztu naiz Eneritz Urrutiarekin bikotea osatuz.

Gustatzen zaizu txapelketetan parte hartzea?
Bai. Aukera ona iruditzen zait gure lana jendeari ezagutzera emateko, baita musikaren inguruan aritzen den jende berria ezagutzeko ere. Hala ere, txapelketak badu bere alde txarra, epaile baten iritziak egindako lana nolabait hankaz gora jar dezake-eta. Baina horri buelta ematen ere jakin behar dela uste dut.

Taula gainera igo aurretik urduri egoten zara? Nola baretzen dituzu urduritasun horiek?
Bai, oso. Urduritasuna baretzeko dudan modurik onena abestea da. Eta taula gainera igo behar ez dudanetan ere hala izaten da.

Zer nahiago duzu, taula gainean ala lagun artean abestu?
Ezberdinak dira biak. Taula gainean abesteak aurretiko lan handiagoa eskatzen duen arren, ematen duen poztasuna ere handia da. Lagun artean abestea, berriz, erosoagoa da, eta, egia esan, koadrilakoekin kantuan egiten dudanetan oso ondo pasatzen dut, barre asko egiten dugu.

Noiztik daukazu musikarako zaletasuna?
Musikarako zaletasuna betidanik izan dut. 8 urterekin-edo hasi nintzen Goikobalu abesbatzan, geroago gitarra jotzen hasi nintzen eta poliki-poliki gauza berriak egiten joan naiz.

Gitarra jotzen duzu. Beste instrumenturik?
Ez.

Eta badago jotzea gustatuko litzaizukeen beste instrumenturik?
Bai, pianoa. Urtebetez egon nintzen piano eskolak jasotzen, baina utzi egin nuen. Orain, damutu egiten naiz.

Ze aretotan gurako zenuke egunen baten kontzertu bat eman?
Bilboko Kafe Antzokian, adibidez, beste askoren artean.

Eta zeinekin?
Behin eskatzen hasita… Eñaut Elorrietarekin edo Gorka Urbizurekin.

Kazetaritza ikasten ari zara. Zergatik aukeraketa hori?
Aurten hasi ditut Kazetaritza ikasketak, Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatean. Idaztea oso gustuko dut eta inguruan gertatzen dena jendeari helaraztea gustatuko litzaidake etorkizunean.

Lanean non amaitzea gustatuko litzaizuke? Non ikusten duzu zure burua?
Komunikabide euskaldun baten lan egitea gustatuko litzaidake;  aldizkari edo egunkari bat bada, hobeto. Izan ere, idatzizko prentsan ikusten dut nire burua. Agian, etorkizunean ni izango naiz elkarrizketatzailea. [Barre]

Bilbo ala Arrasate?
Momentuaren arabera. Batzuetan, Arrasaten itota sentitzen naiz eta Bilbok airez, jendez…. aldatzeko aukera ematen dit. Horregatik, askotan nahiago izaten dut hirian egon. Hala ere, ostiraletan gustura bueltatzen naiz etxera; koadrilakoekin eta familiarekin egoteko. Bilbok ez daukana Arrasaten aurkitzen dut, eta alderantziz.

Gabonak ate joka ditugu. Ze opari eskatuko diozu Olentzerori?
Ahal izanez gero, denbora eskatuko nioke. Askotan, egunak dituen hogeita lau orduak motz gelditzen zaizkit eta…

Zintzoa izan zara?
[Barre] Hori, niri baino gehiago, ingurukoei galdetu beharko zaie, baina ez dut uste gaiztoa izan naizenik aurten… Olentzerok badaki hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak