"Sozialistok bailara honetako osasun zerbitzuak lehentasunen artean jarri ditugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 29a

Arrasateko sozialisten bozeramaile Aritz Arrietak dio oso pozik dagoela Debagoieneko Eskualde Ospitaleak hilabete batzuk barru "erresonantzia magnetikoa egiteko punta-puntako" ekipamendua edukiko duelako, eta, honenbestez, Gasteizera joan-etorriak amaituko direlako. Jeltzaleen kritikei erantzunez esan du eskualde ospitale berria gauzatu dela, "sozialistek bailara honetako osasun zerbitzuak lehentasunen artean" jarri dituztelako.

Erresonantzia magnetikoak egiteko ekipamendu berriari gehitu behar zaizkie eskualde ospitalea "birdimentsionatzeko" hartutako beste neurriei, Aritz Arrietaren esanetan. "Ohe gehiago izango dira eta gaur egungo ekipamendua hobetuko da. Ez da, nolaz ere, murriztuko edo kaskartuko oraingo zerbitzua, baizik eta egoera ekonomiko berrira egokitutako proiektua izango da" eskualde ospitale berria.

Arrietak ezeztatu du zerbitzuetan murrizketarik izango denik, eta asistentzia zerbitzua hobetu eta "herritarrei gerturatuko" zaiela esan du.

Unitate berriak

Erresonantzia magnetikoa egiteko ekipamendu berriaz gain, anestesia osteko errekuperaziorako unitatea ere sortuko dela esan du eta lehen mailako asistentzia eta asistentzia espezialdua zerbitzu bakarrean batuko direla. Horrek ahalbidetuko du, esan du, "pazienteak artatzeko orduan koordinazio hobea izatea, bereziki, gaixo kronikoen, ahulenen edota eriondoekiko".

"Hobeto planifikatu"

Arrasateko sozialisten bozeramailearen ustez, osasun zentro berriaren birdimentsionatzeak ekarriko du etorkizuna "hobeto planifikatzea" eta ospitale "moderno, funtzional eta egoki ekipatua" edukitzea, "populazioaren beharrei egokituz eta asistentzia hobetuz".

Sozialisten ustez eskualde ospitaleak dauka gureko "osasun azpiegitura berri batek amets zezakeen guztia".

EAJren kritikekin harrituta

Bestalde, Aritz Arrieta harrituta agertu da EAJk kontu honetan egin dituen kritikak direla-eta. Gogoratu nahi izan du PSE-EEk behin eta berriro hala eskatu duelako Debagoienak "ganorazko ospitalea daukala", Gipuzkoako beste bailara batzuek, Bidasoak, Debabarrenak edo Urolak, "dutenaren maila berekoa". Eta gogoratu du, horixe izan zela 2006ko Ibarretxeren aurrekontuak babestearen truke sozialistek jarri zuten baldintzetako bat.

Eskualde ospitale berria gauzatu da, "sozialistek bailara honetako osasun zerbitzuak lehentasunen artean jarri dituztelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak