Aste batzuk lehenago, Debagoieneko EAJren zinegotziek salatu zuten moduan, Lopezek eskualde ospitale berrian murrizketak egin dituela, orain Kerman Orbegozo legebiltzarkide jeltzaleak kritikatu du Lopezen gobernuaren jokabidea, hedabideetara bidalitako ohar baten bidez.
Jeltzaleen ekimena Gasteizen
Alderdi Sozialistak eta PPk EAJk aurkeztutako ekimen baten kontra bozkatu dutela egiaztatu ondoren, zeinetan "Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari eskatzen zitzaion Debagoieneko Ospitalearen proiektua bete zezala hasieran aurreikusita zegoen moduan", Kerman Orbegozo legebiltzarkideak kritikatu du "Lopezen Exekutiboak -bere ezin eskertuzko lehentasunezko kidearen, PPren, laguntzarekin- ez dituela bete, beste behin, euskal herritarrekin bere gain hartutako konpromisoak; eta hori azalpenik eman gabe egin duela".
"Proiektua murriztea"
Legebiltzarkide jeltzaleak Lopezen Exekutiboari aurpegiratu dio Debagoieneko ospitale berriaren "proiektua murriztea" erabaki izana, "kaltetuei ezer galdetu ezta jakinarazi" barik. "Negargarria da, ospitalea inauguratzeko bezperan -ziurrenik datorren urteko urtarrilean-, Debagoieneko erabiltzaileek hedabideen bidez jakitea Osasun Sailak erabaki duela aurreikusita zeuden zerbitzuak nabarmen murriztea", esan du.
Lagun Aroko mutualistak
"Eta ez dira, hain zuzen ere, mozketa hutsalak, batez ere aurreikusten denean Lagun Aroko mutualistak Osakidetzan sartzea", azpimarratu du. "Egun batetik bestera", hasieran aurreikusitako "oheen % 33a murrizteaz ari gara", zeren eta agindutako 120 ohetatik bakarrik 80 ipini ziren; halaber, eremu "semikritikoen proiektua kentzen dute, dagozkion bost oheekin batera; eta, gaurko egunean, ez dute ziurtatzen urologia, endokrinologia, neumologia eta neurologiako espezialitateak mantentzea", hasierako proiektuan planteatzen zen moduan, zehaztu du.
2006ko proiektua
2006ko irailean, garai hartako Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Saileko arduradunek ospitaleko langileen aurrean eta Debagoieneko arduradun politikoen aurrean Debagoieneko ospitale berriko proiektua aurkeztu zutela gogorarazi ondoren, nabarmendu du euskal Osasunaren egungo kudeatzaileek "ez dutela ospitaleko langileei ezta erabiltzaileei jakinarazteko ardura ere hartu".
Herritarren kaltetan
"Debagoieneko herritarrek urteak daramatzate eskatzen garai berriei egokitutako ospitalea", dio legebiltzarkide jeltzaleak. EAJk eskatze du Debagoienerako "lehen mailako zerbitzua", beste eskualde batzuetan daudenekin parekatu daitekeena eta "gainerako euskal herritarrekiko baldintza berdinetan".
Honi dagokionez, azpimarratu du "onartutako proiektuak Debagoieneko herritarrei ahalbidetzen ziela ekiditea Gasteizera edo Donostiara etengabeko joan-etorriak egitea, hau da, erabiltzaileei osasun-zerbitzuak hurbiltzen zitzaizkien, erabiltzaileak izan beharrean osasun-zerbitzu horietara hurbildu behar zirenak". Orain, Lopezen exekutiboak "sartu dituen mozketekin, hori guztia zalantzan geratu da", gaineratu du.
"Onartezina"
"Murrizketa hauek onartezinak dira" dio; are gehiago, kontuan hartzen bada "ez direla inorekin adostu" eta proiektua aurretik onartuta, publikoki aurkeztua eta "alde guztiei jakinarazi denean", nabarmendu du. "Beste behin ere, Lopezen Exekutiboa gezurretan dabil, esaten duenean aurrekontu-mozketek ez dutela kaltetuko euskal herritarren laguntza kalitatea", bukatu du.