Vanessa Sanchez: "Irrintzi bat botatzea bizitza ospatzeko modu bat ere bada"

Txomin Madina Milikua 2011ko aza. 24a, 14:52

Arrasaten jaioa, gaztaroa Gasteizen eman zuen eta AEBetatik eta Paristik pasa ostean, orain Bilbon bizi da; kazetari moduan ezagutzen dugu, baina irrintzilari aparta ere bada.

1. Emaitzetan sartu gabe, nola joan da hauteskunde kanpaina?
Kanpainan murgilduta egon ez naizen arren, aurreikusteko modukoa iruditu zait.  Egoera ikusita, ez dira mezu sinesgarriak; izan ere, ikusten da gobernuak zeinen menpe dauden: finantzen menpe. Gauzak horrela, merezi du gastatu dutena gastatzeak?

2. "Egun on, Euskadi". Hitzok esatean, nor duzu buruan?
Aurkezten dudanean, maitatzen dudan jendea daukat buruan. Eurei kontatzen dizkiet gauzak: mezu garbi eta motzekin, eta ahal den heinean eduki askorekin.

3. Goizean goiz aurpegi ona jartzeak ez du meritu makala...
05:00etan esnatzen naiz; beraz, 08:00ak ez da hain goiz. Hasieran kosta zitzaidan gauetatik goizetara pasatzea, prestatzeko denbora laburragoa egoten da-eta.

4. Zer geratzen zaizu egiteko informatibo baten?
Elkarrizketa gehiago. Lehen, kalean pila bat egiten nituen, eta informazioa nik ateratzea igartzen dut faltan. Baina platoan ere gustura nago, asko gustatzen zait aurkeztea.

5. Aukera izanez gero, nor elkarrizketatuko zenuke?
Jose Luis Sampedro idazlea. Haserretuen manifestazioen hasieran hari egindako elkarrizketa bat ikusi nuen eta egungo gizartearentzat oso ikuspegi interesgarria duela iruditu zitzaidan.

6. Alde handia dago Vanessa Sanchez platoan edo kalean ikusi?
Janzkera aldetik akaso bai, baina nik uste dut pertsona gardena naizela, eta hori nabaritu egiten da. Kareta gutxi jartzen saiatzen naiz, ni naizen modukoa izaten.

7. Urteak eman zenituen Parisen. Bisitatzeko ala bizi izateko hiria da?
Bizi izateko oso ondo egon zen. Denbora laburra izan nuen Parisek eskaintzen duen guztiaz gozatzeko; baina, era berean, kazetari moduan, bestela ezagutu ezingo nituzkeen lekuetan sartu nintzen.

8. Bihurrituagatik ez balitz dantzari moduan elkarrizketatuko zintugun?
Ez, nire bizitzako garai bat izan zen; oso polita, baina oso gogorra era berean. Dantzarien bizitza ez da batere erraza hemen.

9. Eta nondik datorkizu irrintziak botatzeko afizioa?
Telebistan lehiaketak ematen zituzten lehen, eta ikusi egiten nituen; behin, proba egin eta irten egin zitzaidan. Asko disfrutatzen dut, energia asko askatzen da; bizitza ospatzeko modu bat ere bada.

10. Datorren urtean 40. Arduratzen zaituen kontu bat da?
Konturatzen zara bizitza aurrera doala eta egiteko gauza asko geratzen zaizkizula. Baina aspaldi ikusi ez duzun jendearekin elkartzeko  une egokia da: Arrasateko lagunekin bidaia bat prestatzen nabil, Gasteizkoekin kintada... 40 urte horiek politak izango dira.

-------------------------

Makila magikoa baneuka: "Lan beharrean dagoen jendeari lana emango nioke, guztiok lan duina izan dezageun. Gauza asko eska daitezke, baina, kontuan izanda zein egoeratan gauden, horixe eskatuko nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak