Gaur bertan abiatu da 25. Jokin Zaitegi sariketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko aza. 4a, 12:41

AEDk eta Elkar argitaletxeak abiarazi dute Jokin Zaitegi sariketa. Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, Tomas Tranströmer 2011ko Literaturako Nobel saridunaren poemen bilduma euskarara ekartzeko beka deialdia. Aurtengoarekin 25 edizio dira, arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi sariketak bete dituenak.

Lehiaketako oinarriak honako lotura honetan aurki daitezke: www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi

Lotura horretan topatuko dute parte hartu nahi dutenek lagin gisa itzuli beharreko poema ere. Lau hizkuntzatan eskaini dute: suedieraz, jakina, eta baita ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz ere. Izan ere, antolatzaileen gomendioa da egilearen jatorrizko hizkuntza menderatzen ez dutenek aipatu hizkuntzetako bi erabiltzea gutxienez zubi-hizkuntza moduan.

Abenduaren 31a baino lehen

Hautagaiek abenduaren 31a baino lehen helarazi behar dituzte euren laginak aed@aedelkartea.com helbide elektronikora. Epaimahaia Luigi Anselmik, Santi Leonek eta Joseba Osak osatuko dute aurtengoan eta 2012ko urtarrila amaitu aurretik jakinaraziko dute zein hautagai ikusten duten prestatuen 5.000 euroko beka eman eta poeta suediarraren lana euskaratzeko. Dena ondo badoa, Elkarrek urtebete barru emango du argitara itzulpena.

Euskaratutako lanak, 2002tik

Jokin Zaitegi sariketak beka-formula hartu zuenetik, literatura unibertsaleko hainbat harribitxi euskaraz gozatzeko parada izan dugu, AEDren eta Elkar argitaletxearen lankidetzari zor:

2002 Imre Kertesz: Zoririk ez Itzultzailea:Urtzi Urrutikoetxea

2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna Itzultzailea: Oskar Arana

2004 Elfriede Jelinek Itzulpen saria hutsik utzi zen

2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk Itzultzailea: Iñigo Errasti

2006 Orhan Pamuk: Elurra Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey

2007 Doris Lessing: Belarra kantari Itzultzailea Koro Navarro

2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua Itzultzailea Luis Berrizbeitia

2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka Itzultzailea: Ibon Uribarri


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak