Jabier Retegi: "Gaurko gazteek badituzte balioak, baina falta zaie ikuspegi aurreratua, falta zaie lidergoa"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urr. 28a, 02:00

Eusko Ikaskuntzako ohorezko lehendakaria, Jakiundeko kidea, MUren sortzaileetakoa, Eusko Jaurlaritzako sailburu izana… eta Arizmendiarrietaren Lagunak elkartekoa, besteak beste, da Jabier Retegi (Bergara, 1937). Denetik egin dugu berba.

Aurten beteko dira 35 urte On Jose Maria Arizmendiarrieta hil zela eta hori dela-eta mahai-inguru zikloa antolatu duzue, ezta?
Bai, hala da, Oñatin, Aretxabaletan, Arrasaten eta Bergaran antolatu ditugu eta azaroaren 29an amaituko dugu meza batekin. Egun horretan betetzen dira 35 urte Arizmendiarrieta hil zela.

Zein da ekimen hauen helburua?
Nahi dugu gogora ekarri On Jose Maria Arizmendiarrieta zer izan zen, edo zer den. Haren mezua, helburuak, egitekoak… gaur egun bizirik diraute.

35 urte dira, jada, On Jose Maria Arizmendiarrieta hil zela. Zein da haren ekarpen nagusia?
Fedean oinarritu zuen bere diskurtsoa eta praktika. Baina, batez ere, bere fede sakona ekintzetara eroan zuen, jendartearen mesedetan jarri zuen. Beste ezeren gainetik, pertsonak formatzea izan zen bere helburu nagusia. Teknikoki bai, baina, batez ere, jendartearen eta etorkizunaren alde lan egiteko. Eta, azkenik, esango nuke ikuspegi aurreratua izan zuela eta zetorrenari aurre hartzen jakin zuela. Utopia puntuarekin, betiere. Gaur egun ere beharrezkoa da hori. Eta nabarmenduko nuke herriarentzat baina herriarekin, batez ere, gazteekin, lan egiten jakin zuela. Hala sortu zuen kooperatiben mugimendua. Gaur egun haren balioak sekula baino biziago daudela esango nuke.

Gaur egungo kooperatibistek, gazteenek batez ere, baloratzen dute hark egindakoa?
Balio horiek presente daudela esango nuke. Egia da, hala ere, ez direla lantzen eta ez dela hausnarketarik egiten. Lidergoa falta da. Gaurko gazteek badituzte balioak, formazio izugarria daukate, baina falta zaie ikuspegi aurreratua, lidergoa.

Erretiroa hartu eta Eusko Ikaskuntzan jardun zenuen…
Bai, sei urte egin nituen lehendakari moduan. Eta, orain, buru-belarri dihardut Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademia martxan jartzen, egonkortzen…

Horretaz gain, zertan ematen duzu denbora?
Eusko Ikaskuntzako eta Jakiundeko kide izatez gain, Arizmendiarrietaren Lagunak elkartekoa ere banaiz eta, bestalde, idatzi ere egiten dut. Badut, gainera, liburu bat idatzia. Argitaratzeke dago. Neguko loreak du izenburua. Neguko loreek ez dute ezertarako balio: ez dute fruiturik ematen, ia ez dute kolorerik, usainik ere ez… Zahartzaroaren moduan. Hausnarketak dira, pentsamenduak, askatasunari buruzkoak e.a. Lore solteak, liburuxka bat. Laster aurkeztu nahiko nuke.

Jakiundeko kideetako bat zara. Azalduko diguzu zein den Jakiunderen egiteko nagusia?
Herri batek behar duen erakundea da. Beti gabiltza borroka politikoan murgilduta, eta beste maila bat ere landu behar da: pentsamendua. Goi mailako pertsonak dira bertako kideak, jende jakintsua, herri honetan zeresan handia duena. Diziplina askotariko jendea batzen da bertan. Gure jendarteak, etorkizunean, ze behar duen aztertzea du helburu, hausnarketa egitea… Herriak edo erakundeek eskatutako hausnarketak izan daitezke edo Jakiundeko norbaitek, bere ekimenez, egindakoak. Askatasun osoz.

Jakiundek osoko bilkura egingo du aurki Bergaran. Ze izango da?
Bi osoko bilkura egiten ditugu urtean. Bata udaberrian eta bestea udazkenean. Eta aurten Bergaran egingo dugu azaroaren 18an, Irizar jauregian eta udaletxean. 16an eta 17an ere elkartuko gara. Proiektuak eztabaidatuko ditugu aurretik eta 18an osokoa egingo dugu.

Bergaran egongo da, gainera, Jakiunderen egoitza, ezta?
Bai, Olaso dorrean. Hitzarmen bat sinatuko dugu Olaso Dorrea Sorrerakundearen, Kutxaren eta Jakiunderen artean. Olasoko hirugarren solairua berrituko dugu eta han egongo da Jakiunderen egoitza. Hala, osoko bilkurak egiteaz gain, bestelako ekintzak ere antolatuko ditugu. Hilean behin, esaterako, Jakiundeko mahai iraunkorra batuko da.

Zenbat kidek osatzen duzue?
44 kide gaude bertan, baina 80 lagunez osatutako erakundea izango da hemendik urte batzuetara. Pedro Migel Etxenike da lehendakaria eta bertan daude, besteak beste, Jean Haritxelar, Bernardo Atxaga, Maria Bayo, Pedro Armendaritz, Rafael Moneo, Javier Agirresarobe, Inma Shara. Maila handiko jendea, inorekin ezkontzen ez dena.

MUko errektore izan zinen 1999tik 2002ra arte. Zein izan zen, sasoi hartan, erronka nagusia?
MU sortu aurretik, 1961ean Eskola Politeknikoan hasi nintzen eta gero, ETEOren sorrera ere jardun nuen. Gerora, MU sortu osteko hasierako urteetan, errektore nintzela, nire ardura izan zen hiru fakultateak batzea. Unibertsitate ikuspegi bateratua sortzea, erakundetzea. Gehienbat, etorkizuneko ikuspegi zabal eta aurreratu bat ematea. Ikuspegi estrategikoa landu genuen, zortzi urtera begira. Unibertsitate eredua finkatu genuen. Gure unibertsitateak izan behar zuen ez oso handia, 4.000 bat ikaslekoa; ikerketara bideratua, hezkuntza bezainbat ikerketara bideratua. Garaia ikerkuntza gunea hala mamitu zen, Mendeberri egitasmoa ere bai… Hau da, etorkizuneko ikuspegi zabal batekin unibertsitatea bideratzea izan zen nire helburu nagusia.

Asko aldatu da MU ordutik hona?
Bai, ikaragarrizko indarra hartu du. Asko aberastu da. Ze, esaterako, orduan, ikerketara aurrekontu osoaren %10 edo bideratzen baiten eta gaur egun %30 edo %40, eta %50era heltzeko helburua du. Orduan ez zen doktoretzarik… Nik amestutakoa baino hobea da gaur egun MU. Oso pozik nago.

Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburu izan zinen 1995etik 1998ra bitartean. Zela gogoratzen dituzu urte haiek?
Sailburuorde ere egon nintzen, lehenbizi, Jon Azuarekin. 90eko hamarkada hasiera zen. Fabrikak itxi eta itxi. Langabezia tasa %26koa zen… Lan handia izan genuen. Enpresak ixten lagundu eta berriak abian jartzea izan zen gure egitekoa. Lortu genuen, ze Euskadi indartsu atera zen krisitik eta hamarkada oparoa bizi genuen ostean.

Gaur egungoarekin ez dauka zerikusirik 90eko krisiak?
Ez. Industria sektorearen krisi basatia izan zen eta inork ez zuen espero hartatik aterako ginenik. Euskadiren etorkizunean ez zuen inork sinisten. Gaur egun ere antzeko prozesuan gaude. Gutxik sinisten dute gure etorkizunean eta nik uste dut dauzkagula inoiz baino aukera handiagoak. Zailagoa izango da, ze ez da industriaren krisia, sistema osoarena baizik. Egituren aldaketa bizkor baten aurrean gaude, iraultza baten aurrean. Erabat ezberdina izango da etorkizuna. Beste jendarte batera, beste eredu batera, goaz. Ikuspegi berria eskatzen du horrek.

ETAren sorreraren eta amaieraren testigu izan zara…
Duela 50 urte sortu zen eta, orain, amaiera ikustea izan da oso pozgarria. Guretako zama handia izan da, errobera bareko gurdi astuna mugiaraztea bezala. Eta, hala eta guztiz ere, Euskal Herria aurrera atera da. Orain, pisu hori gainetik kenduta, ikaragarrizko abiada hartuko dugu. Helburua da asmatzea etorkizunean ze Euskal Herri nahi dugun. Eta borrokatu behar dugu Euskal Herri berria sortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak