Asteburua Kantariko backstage-an umeak elkarrizketatzen eman ostean, atseden nahikoa hartu duzu?
Bai; umeekin-eta gustura ibiltzen naiz. Umeei irribarre bat ateratzea eta ikustera etortzen direnek ere ondo pasatzea gustatzen zait. Saio asko grabatu eta nekatu samar bukatu arren, dagoeneko bai, atseden hartuta nago.
Jai giroan ere egin duzu lan. Nolakoa da lanean zabiltzala parrandan dabilen jendea elkarrizketatzea?
Ni neu ere parrandazalea naiz eta horrelakoek parrandarako eta lanerako aukera ematen dute. Formalago ibili behar da, baina giro onean. Jendea pare bat tragorekin gehiago soltatzen da eta elkarrizketak lortzeko errazagoa da. Beste batzuek astun jarri eta ez dute ondo lan egiten uzten; baina orokorrean, ondo.
Ikusten duzu zure burua formatu serioago baten?
Orain arte ez dut albistegietakoa bezalako formatu baten lan egiteko aukerarik izan, baina egunen baten gurako nuke halako zerbait probatu.
Kamera aurrean aktore lanetan ere ikusi zaitugu. Zer duzu nahiago?
Antzerkia eta telebista, biak probatu ditut aktore lanetan, eta, aukeratzekotan, antzerkia aukeratuko nuke; telebista hotzagoa iruditzen zait. Antzerkian publikoa gertu dago; momentua bizi izaten da, adrenalina igotzen da. Telebistan, berriz, sekuentzia bat hamar bidez errepikatu behar denean, freskotasuna gal daiteke. Medio guztietan aritzen naiz gustura, guztiek dute alde on eta txarra.
Zein izan da orain arte zure aktore ibilbidea?
Donostian hasi nintzen; han antzerki talde baten sartzeko aukera izan nuen. Lope de Ruedaren Los Pasos antzezlana egiten hasi ginen; handik hilabete eta erdira Goenkale-ko casting bat egin eta atal batzuetan pertsonaia bat egiteko aukera izan nuen. Lehen aipatutako antzezlanarekin, gainera, Donostiako Gazteen Antzerki Topaketako antzezlan onenaren saria irabazi genuen. Hurrengo urtean beste lan bat aurkeztu eta sari bera irabazi genuen.
Madrilen ere bizi izan zara urtebetez. Zer-nolako esperientzia izan da?
Hasieran gogorra. Euskal Herrian mundu hau txikiagoa da eta Madrilen lehia handia dago; nahiko zaila da lan aukera on bat lortzea. Antzerki munduan ibili naiz han; Romeo y Julieta-n. Publizitatean sartzea errazagoa da han.
Casting asko egin behar izan duzu?
Mordoa; baina ezin naiz kexatu, hori ona da-eta. Testu edo separata bat ikasteko esaten dute, casting-ean botatzen da eta gero beste zerbait egiteko eskatzen dute: dantzatzeko, txiste bat kontatzeko, pinua egiteko... Nik eskatzen dutena egiten dut, eta aurrera! Esperientzia positiboa da.
Zer ekarriko zenuke Madrildik Eskoriatzara? Eta zer eroan Eskoriatzatik Madrilera?
Lasaitasuna eroango nuke hara, dudarik gabe. Izan ere, Madril erdialdean bizi nintzen eta han sekulako estresa eta mugimendua dago, eta ezin da deskonektatu. Eskoriatzara, berriz, ekintzak egiteko aukera ekarriko nuke: antzerkira joateko, zinemara... Han aukera ugari dago bi pausotara.
Kamerarik ez dagoenean, zer gustatzen zaio egitea Aitorri?
Aitortu behar dut kamera aurrean edo agertokian ez banago nahiko lotsatia naizela, behin baino gehiagotan esaten didate hori lagunek. Mendira joatea gustatzen zait: kaskoak jarri eta Atxorrotz ingurura joatea deskonektatzeko. Irakurtzea ere gustuko dut, patinetan ibiltzea, zinemara edo antzerkira joatea...
Nola imajinatzen duzu zure burua hemendik hamar urte barru?
Espero dut orain arteko lan aukera izaten jarraitzea, lagunak mantendu eta dena ondo joatea. Ez daukat helmuga finkorik jarrita, etorriko dena etorriko da. Zerbait buruan sartuz gero nahiko burugogorra naiz, baina, oraingoz, ez dut helmuga zehatzik.