Adrian Zelaia, Ekai Center: "Kutxen bategitean argi geratu da helburua ez dela ekonomikoa, politikoa baizik"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urr. 10a, 13:00

Garaian du egoitza Ekai Centerrek. Erakunde publikoendako aholkularitza sozio-ekonomikoa eskaintzen du, besteak beste. Adrian Zelaia da bertako burua. MCCko idazkari nagusia izandakoarekin ekonomiaren gainean dihardugu.

Zer da Ekai Center?

Politika publiko sozio-ekonomikoa lantzen duen erakundea, fundazioa zehazki esanda.

Noiz eta zertarako sortu zenuten?

Izen eta egitura honekin orain dela urte bi sortu genuen, Arrasaten. Baina, sortu aurretik, hasierako hausnarketa bat egin genuen: konturatzea zenbateraino den garrantzitsua ekonomia arloan, erakunde publikoen kudeaketa. Ekonomiaren erdia, edo Barne Produktu Gordinaren %30 eta %40 artean, erakunde publikoek kudeatzen dute. Ikerlari eta aholkulari asko dabil arlo pribatuan egiten dena aztertzen eta oso jende gutxi, ostera, arlo publikoan. Premia bat ikusi genuen eta horri erantzutera dator Ekai Center.

Zein dago Ekai Centerren atzean?

Sei lagunek dihardugu bertan: ekonomialariak, abokatuak, zientzia politikoetan adituak… Garaia Berrikuntza Gunean dugu egoitza.

Helburuak, zeintzuk dira?

Funtsezko helburua da politika sozio-ekonomikoak lantzea ikerkuntzaren eta aholkularitzaren bitartez. Txostenak, proposamen politikoak egiten ditugu, hauen hedapenaz arduratzen gara, ekitaldiak, hitzaldiak, antolatzen ditugu… Horretaz gain, Newsletter-ak banatzen ditugu. Euskal Herrian, 30.000 laguni eta mundu osoan, 130.000 laguni. Batzuetan egunean behin banatzen dugu informazioa. Gaia, beti ere, ekonomia, arlo politikoa, soziala… landuz. Gure Working papers-ak ere ezagunak dira, alor jakinen gaineko txostenak.

Zela baloratuko zenituzke gaur egun gure agintariek darabilten politika ekonomiko publikoak?

Gure agintariak, oro har, oso arduratuta daude epe laburreko erronkekin. Batetik, logikoa da hala izatea. Baina, zalantza da, zenbateraino dabiltzan alboratzen epe ertaineko erronka edo helburuak, arlo sozio-ekonomikoari dagokionean betiere. Aurrekontuen, gastuen… murrizketa… da politikarien eguneroko jarduna.

Defizita murriztea dute helburu gaur egun Europako gobernu gehienek. Politika egokia da hori lanpostuak sortzeko?

Sarrerak murrizten diren heinean, erantzun egin behar da horren aurrean eta ez da logikoa, alde horretatik, gastua handitzea. Baina, doiketa neurriak inportanteak badira ere, begiratu behar dugu nondik gatozen. Zorpetuegi dagoen jendartea dugu eta, horren ondorioz, gehiegi kontsumitzen eta inbertitzen ari ginen. Komeni da, hortaz, gauzak bere onera, normaltasunera, itzultzea. Baina, doikuntza ezin daiteke izan edozein gauza lortzeko bidea, ze, bestela, eskaera eta eskaintzaren arteko oreka apurtu eta egitura sozialak puskatu egiten dira. Eta, horiek, ekonomia sozialerako behar beharrezkoak dira.

Azken 80 urteetako krisirik larrienaren lehen fasean gaudela uste duzu, Antton Perez Calleja ekonomian adituak esan berri duen moduan?

Ekonomia ez da zientzia fisikoa. Ekonomia giza zientzia da eta hori jakitea oso inportantea da ekonomia ondo interpretatzeko. Ezin dira profeziak egin ekonomiari buruz gabiltzanean. Horrekiko oso kritikoak gara. Zergatik? Horren atzean daudelako milioika lagunen erabakiak eta ehunka agintariren erabaki politikoak. Egia da lau urte igaro direla krisia lehertu zenetik eta oso kezkagarria da agintariek egin dutena eta egin ez dutena krisitik ateratzeko, hartu behar zituzten neurriak ez dituztelako hartu.

OCDE erakundeak esan du litekeena dela 15 urte behar izatea langabezia-tasak krisi aurrekoak bezalakoak izateko. Gogorra da hori, ezta?

Zorpetze mailarekin du zerikusia iragarpen horrek eta daroagun erritmoarekin zorpetze maila noiz etorriko den bere onera interpretatu du erakunde horrek. Baina hipotesi bat besterik ez da.

Munduko ekonomia herri ordezkarien kontrolpean egon beharrean, Doldman Sachs bezalako finantza erakundeen eskuetan dagoela esan berri du broker batek. Ados zaude? Kezkagarria da?

Komentario horiek sarri entzun eta irakurri ditugu. Egia da mendebaldeko jendarteak arazo larria duela. Demokrazien helburua da ziurtatzea agintariek erabakiak hartzen dituztela interes orokorrak kontuan hartuta, ez interes partikularren arabera. Hori ez bada lortzen, arazo estruktural ikaragarri baten aurrean gaude eta hori izan daiteke mendebaldearen dekadentziaren arrazoietako bat.

Euroaren etorkizuna zalantzan dago?

Zalantza barik, bai. Urtebete dela oso jende gutxi ausartzen zen hori esatera, baina geroago eta gehiago dira hori diotenak gaur egun. Euroaren eta mendebaldeko herrialdeek duten arazoa berberak dira. Euroa sortu zen helburu batekin: finantza merkatuen espazioa zabaltzea denondako onuragarria izan zitekeela. Aurrezki eta inbertsioaren arteko harreman malgua ona izango zitekeelakoan. Hori ez da gertatu, ordea. Horregatik dago zalantzan finantza globalizazioa. Inbertsioak eskatzen zuten herrialdeetan, behar zena baino kapital gutxiago inbertitu da eta, alderantziz, kapitala espekulatzeko erabili da. Modu desegokian erabili da dirua. Horri buelta eman behar zaio. Laster jakingo dugu zer gertatzen den euroarekin: edo aldatzen da euroa edo zatitu egiten da. Kontua da zenbat esparru monetario sortzen diren. Hipotesi asko dago.

Urtebete barri herritar askoren aurrezkiak desagertuko direla ere esan du, Londresen burtsan jokatzen duen broker horrek…

Beste profezia bat. Egoera monetarioa oso kezkagarria da. Bankuak oso egoera okerrean daude. Larri eta egoera zailean; batzuk, egoera kritikoan. Azkeneko urteotako politika monetarioa oso kezkagarria da. Oso politika hedakorrak erabili dira eta hori kezkagarria da, ze epe laburrean arrakastatsuak gertatzen ez badira, denboran, egoera geroago eta arriskutsuago bihurtzen da.

Krisian sartu ginenetik kooperatibek hartu dituzten neurriak egokiak iruditzen zaizkizu?

Krisiaren aurrean kooperatibek hartzen dituzten neurriak eta beste batzuek korrika eta presaka hartzen dituztenak ezberdinak dira. Kooperatibek beste enpresek ez dituzten gaitasun handiagoak dituzte krisiari aurre egiteko, ze lanpostuak, kooperatibistenak, babestea da helburua. Horregatik, errazago eta lehenago egiten diote aurre krisiari. Krisiaren hasierako berregokitze neurrien ostean, bigarren fase batean, krisiak irauten badu, erabaki estrategikoak hartu behar dira. Eta, hor, kooperatiben jarrera ezberdina izaten da, ez horren azkarra edo egokia, batzuetan.

Zein da zure ustez inguruko kooperatibek datozen urteotarako dituzten erronka nagusiak?

Zaila da esatea, ze oso erronka ezberdinak dauzkate, kooperatibak ezberdinak diren heinean. Baina, oro har, euskal enpresen erronka nagusiak ekipamendu teknologikoarekin du zerikusia. Egitura eta industria mantentzeko neurri egokiak hartu dira, baina motelago gaude ekipamendu teknologikoari dagokionean. Erabakiak azkarrago hartu behar dira.

Zer iruditzen zaizu Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kutxa publikoen bategiteak?

Argi geratu da helburua ez zela ekonomikoa, politikoa baizik. Eta, helburu hori, oso legitimoa izanik, inportantea da denok jakitea ez zegoela behar ekonomikorik euskal kutxen bategiterako. Hori garrantzitsua da jakitea aurrera begirako estrategiak interpretatu ahal izateko.

Gustuko duzu Kutxa Banken eredua?

Aurrezki kutxak ez dira erakunde pribatuak. Kontrol publikoaren azpian dauden erakundeak dira eta, gainera, interes orokorraren mendean daude. Erakunde honen helburua izan behar da euskal ekonomia, hau da, euskal egitura sozio ekonomikoa bermatzea eta ez banku handi bat sortzea. Banku on bat sortzea izan behar da helburua, ez banku handi bat. Kutxa Banken zuzendarien buruetan kontzeptu horiek argi edukitzea oso garrantzitsua da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak