Nola baloratzen duzue Kontxako banderan egindako lana?
Alde batetik formatua baloratu gura dut. Aurten sailkapen estropadaz gain bi igandetan jokatu da bandera, mutilak bezala, eta alde horretatik oso pozik gaude. Sailkapen proban oso lan ona egin genuen, eta oso gustura geratu ginen egindakoarekin.
Lehenengo jardunaldian jokatutako estropadan zeuden baldintzak kontuan hartuta oso pozik geratu ginen estropadarekin, eta bandera salbatzea lortu genuen. Joan zen domekan dena eman genuen; ez genuen lortu bandera eskuratzea baina egindako lanarekin oso pozik geratu ginen.
Sailkapen orokorrean bigarren geratu zineten.
Bagenekien han egongo ziren ontziak lehiakorrak izango zirela, hala ere gu irabaztera irten ginen bi jardunaldietan. Gure prestaketa bai fisiko eta baita mentala ere oso ona izan zen baina badaude faktore mordoa ezin direnak kontrolatu; kalea, adibidez. Pozik gaude egin genuen lanarekin.
Galiziarrek laugarren bandera irabazi dute. Indartsuenak dira Kontxan?
Dena dauka Galiziako ontziak. Neska finak dira, kirolari finak eta profesionalak. Horren aurrean ezin dugu ezer egin; gu baino hobeak dira eta hala erakutsi dute bandera etxera eramanez.
Galiziakoa selekzioa da, eta zuek elkarteak zarete. Aldea dago?
Bai, alde handia dago. Azken finean gu bi elkarte txiki gara (Getaria eta Tolosa). Arraun munduan dauden elkarte handien aldean oso txikiak gara. Aurtengoa hirugarren urtea da elkarrekin lehiatzen duguna eta egia esan igarri da hiru urte hauetako lanak emaitza oso onak eman dituela. Hala ere, oso talde ona izan arren selekzio baten aurka egitea zaila da.
Arraunlari batek fitxarik ez zuelako kexak egon dira gainerako elkarteen aldetik.
Ez dakit oso garbi zein den kontua. Gu uretara irteten gara gure lana egitera eta bulegotako lana beste batzuen esku geratzen da. Guk ez dugu muturra sartzen hor.
Kontxarekin denboraldia amaitutzat eman duzue. Nolako urtea izan da?
Ontzi txikiak nahiko deskuidatuta izan ditugu; izan ere, negu partetik traineruei begira egon gara, baina behin ontzi txikien txapelketa pasa ondoren traineruen txapelketa zoragarria izan da. Bi ligak irabazi ditugu (Euskotren eta Gipuzkoako liga), txapelketak ere bai… lan oso ona egin dugu. Aipatuko nuke, adibidez, Zarauzko bandera, Euskotren liga eman ziguna.
Hedabide askotan esan dute aurtengo nesken estropadak ikusgarriak izan direla.
Bai, aurten harrituta geratu gara prentsak egin dugun harrera guztiagatik. Komunikabide guztietan agertu gara, eta igarri da herriko jendeak guztia eman duela. Horretaz gain, uste dut demostratu dugula demostratu behar zen lekuan, uretan.
Neskak Kontxa jokatzen hasi zinetenean ahots kritikoek esaten zuten etxea teilatutik egiten hastea zela hori. Baina, denborak bakoitza bere lekua jarri du.
Bai, duda barik. Batez ere Gipuzkoa mailan esfortzu handia egiten ari dira elkarteetan hau aurrera eramateko (bost ontzi daude), eta hori ikusten da: jendeak erantzuten du eta komunikabideak ere gainean daude. Eta, uretan gure maila ematen dugu eta ikuskizun polita ematen dugu.
Zela bizi duzue Kontxako estropada barrutik?
Egia esan oso momentu hunkigarria da. Aurten, gainera, zaleek dena eman dute. Esan behar da sailkapen estropadan neskak bakarrik egon ginela, eta jende asko joan zela estropada ikustera. Horrek esan gura du babes guztia guretako zela, ez gizonezkoendako. Alde horretatik oso polita izan zen. Bestalde, Kontxako unea bizi egin behar da. Aldapan egoten den emozioa, ilusioa… bizi egin behar da. Jendea gainera etortzen da trainerua eramateko. Atletismoko estadio handi baten sartzea bezalako izango da, adibidez.
Zer dauka arraunak?
Ikustea helburu pertsonalak jartzen dituzula eta poliki-poliki betetzen dituzula; horrek poztasun handia ematen du. Bestalde, esango nuke taldean dugun giroa oso garrantzitsua dela. Nesken artean oso harreman ona daukagu eta hori da gakoa.
Noiz arte jarraituko duzu?
Iaz esan nuen azkena izango zela eta jarraitu egin nuen; orain ere, uzteko asmoa daukat, baina nork daki.